sonar
- 1. Teknol.
Itsaspekoak, minak eta ur azpiko bestelako objektuak detektatzeko tresna, soinu-uhinak baliatzen dituena objektuak lokalizatu eta identifikatzeko. Ingelesezko Sound Navigation Ranging terminoaren akronimoa da sonar hitza. Soinuaren urpeko hedapenaz baliatzen da ur azpiko objektuak detektatzeko. Radarrak bezala funtzionatzen du, baina irrati-uhinen ordez soinu-uhinak baliatzen ditu, soinu-uhinak oso ondo hedatzen baitira uretan. Ultrasoinu-sorgailu batek soinu-sorta bat igortzen du; zerbaitek (itsaspeko batek, arrain-sarda batek, itsas hondoak...) islatzen dituenean, uhinak sonarrera itzultzen dira, eta igortze-unearen eta jasotze-unearen arteko denbora neurtuta jakin daiteke zer distantzia dagoen sonarraren eta objektuaren artean. Sonarrak orientazioa ere ematen duenez, objektuaren kokapen zehatza ematen du.