sistematika

1. Biol.

Bizidunen dibertsitatea eta haien arteko harremanak aztertzen dituen alorra.


1. Biol.
Bizidunen dibertsitatea eta haien arteko harremanak aztertzen dituen alorra.

Sistematika Edit

Egilea: Kepa Altonaga

SISTEMATIKA

Zentzu zabalean, diziplina baten objektuen ikasketa ordenatua da sistematika. Zoologiaren kasuan, Sistematika Zoologikoa animalien ikasketa taxutua izango da, edo, gauza bera dena, animalien dibertsitatearen diziplina zientifikoa. Oro har, sistematika bizidunen aniztasunaz, sailkapenaz eta filogeniaz arduratzen den biologiaren alorra da. Gaur egun gutxienez hiru milioi bizidun-espezie daude Lurrean, eta kopuru hori baino handiagoa da suntsitu direnena. Eraniztasun ulergaitz hori taxutu eta ordenatzeko ahaleginak sortarazi du sistematika, alegia, bizidunen arteko harreman inherenteak argitzeko nahiak, eta hortaz bere helbururik agerikoena mundu biziaren sailkapena lortzea da.

Ezaguera Zientifikoaren teoriaren arabera, edozein zientziatan hiru maila bereizi behar dira, ondoz ondokoak eta interaktiboak, hain zuzen, α, β eta γ mailak.

Izatez, α maila deskriptiboa da eta kasu honetan animalien deskribapena eskatzen du, alegia, katalogoa edo inbentario osoa lortzea. Halandaze, lehen hurbilketa batean sistematikak animalien katalogoa edo inbentario osoa egin behar du, gorago aipatutako ordenamendua egin aurretik. Lehen maila horretan bertan arazo birekin egiten da topo, hots, izenen eta ordenamenduaren kontuarekin. Izenen arazoari dagokionez, alde bi hartu behar dira kontuan: batetik, animalien izenak desberdinak dira hizkuntzen arabera, eta bestetik, izen arruntak ez dira zehatzak izaten. Esate baterako, “zakur” hitzak espezie bakarra besarkatzen du, baina “elefante” hitzak espezie bi, baldin eta “elefante afrikarra” edo “elefante asiarra” esaten ez badugu. Baina, kasurako, “tximeleta” edo “zizare” hitzen barruan milaka espezie daude, eta gainera, bigarren kasu horretan, phylum desberdinetakoak izan daitezkeenak.

Behin katalogoa osotuta, eta β mailara igaroz, animaliak taxutzeko irizpide egokiak aurkitu behar dira. Jakina, irizpideak praktikoak eta konbentzionalak izan daitezke; esate baterako, alfabetikoki sailka ditzakegu animaliak, edo non bizi diren kontuan hartuz (uretan edo lurrean adibidez), edo zer jaten duteneta abar. Baina, intentzionalitate baten barruan aukeratuko dira Sistematika Zoologikoan erabiliko diren irizpideak, zeren, ahalik eta naturalen izan behar baita lortu nahi den sailkapena, hau da, animalien arteko erlazio ebolutiboak islatu nahi dira ordenamenduan.

Horretaz guztiaz, Taxonomia arduratzen da, Sistematikaren diziplina subsidiarioa delarik. Beraz, Taxonomia erabiliz, hau da, irizpide egokiak maneiatuz, ordenamendu naturala lortuko da, eta, horrenbestez, azterturiko elementuak multzoka taldekatuko. Multzo natural horiek taxonak dira. Eta noski, hurrengo fasean taxonak bana-banaka izendatu beharko dira. Hasierako “elefantea”, kasurako, taxon bi izango dira, bata elefante afrikarra besarkatzeko eta bestea elefante asiarra. Jakina, kasu horretan taxonak espezieak dira, baina multzo zabalagoak izan daitezke ere, maila desberdineko irizpide taxonomikoen arabera ezarritakoak, hala nola, Mammalia, Vertebrata, Annelida, Gastropoda, Hymenoptera... Zer esanik ez, maila eta izaera askotako irizpideak erabiliz hainbat eta hainbat taxon sortuko dira, eta izendatu egingo dira elkarrengandik erraz bereizteko. Nomenklatura deritzon diziplina subsidiarioaren laguntza edukiko dugu taxon bakoitzari izen bat esleitzeko.

Azkenik, γ maila delakoa teoria orokorren gauzatzeaz arduratzen da. Gure kasuan, lorturiko ordenamenduaren kausak bilatuko ditu γ mailak, eboluzio-teoriak proposatuz esate baterako.

Esan gabe doa, orain arte aipatutako prozesua oso korapilatsua da, zeren eta, animaliak ezin baitira aztertu Sistematikarik egin gabe, baina aldi berean, Sistematika egiteko eta irizpide taxonomikoak egokiro hautatzeko, ezagumendu orokorrak laburbildu, kondentsatu eta elkarrekin gardainatu behar baitira: paleontologikoak, morfologikoak, fisiologikoak, biogeografikoak, etologikoak... Nolanahi ere, Sistematika Zoologikoaren prozesua bere osotasunean hobeto zehazteko, oinarrizko kontzeptuak zedarrituko ditugu:

  • Sistematika: bizidunen dibertsitatearen ikasketa zientifikoa da, eta bai ere beraien arteko harremanena. Sistematika Zoologikoa, Simpsonek analisi faunistiko izendatu zuenaz arduratzen da, alegia, animalien deskribapen, denominazio eta sailkapen taxonomikoaz, baita txoko ekologikoen ikasketaz, eta bai animali taldeen bai antzinekotasunaren zehaztapenaz metodo paleontologikoak erabiliz, nahiz analisi korologikoa egiteaz ere jatorri geografikoa agertu erazteko.

  • Sailkapena: animaliak ahaidetasunaren araberako taldetan taxutzea da, eta beraz, Sistematikaren ondorio zuzena.

  • Taxonomia: sailkapenaren prozesu teorikoaz arduratzen da, horretarako oinarri, printzipio, prozedura, arau eta legeak ikasirik. Esan denez, irizpideak eskaintzen ditu sailkapen-bide batzuk aukeratzeko. Taxon batek, ordenatu den animali taldea besarkatzen du, eta, segun-eta zein den erabilitako irizpidea, diskriminazio-maila desberdinekoa izango da.

  • Nomenklatura: taxonomiak eratutako taxonei izena emateaz arduratzen da nomenklatura, horretarako arau zehatzak landu direlarik.

  • Filogenia: animaliek eduki izan duten eboluzioa aztertzen du, arbasoak proposatuz, lerro ebolutiboak ezarriz, arbola ebolutiboak justifikatuz eta abar.

Nomenklatura

Naturalistek animalien katalogazioa egin dute lehenik eta behin, izan ere, gizakia betidanik arduratu da bere inguruko faunaz. Aristoteles eta Plinioren garaian (IV. mende K.a. eta I. mendea, hurrenez hurren), 500 bat animali espezie ezagutzen ziren, baina XVI. mendetik aurrera espezie-katalogoa zabaldu egin zen espedizio zoologiko eta fauna fosilen arakaketaren bidez. Zer esanik ez, nomenklatura-arazoa areagotu egin zen izugarriro, batez ere XVIII. mendean. Mende horretako katalogoa hain handia zenez ezin maneiatuzkoa bilakatu zen.

Lineoren aurretiko nomenklaturak izen greko edo latinoak erabiltzen zituen, arruntak, baina ez ziren nahikoa inondik inora; sekula ere ez zen jakiten ziurtasun osoz izen bat zein animaliari zegokion, edo, bestalde, ezin zitzaion aplikatu grekoek edo erromatarrek ezagutzen ez zuten faunari. Beste batzuetan izen mitologikoak erabiltzen ziren.

Haziz zihoan arazo horri aurre egiteko, zenbait proposamen plazaratu ziren. Esate baterako, Gesnerrek zenbakiak sartu zituen antzeko espezieak bereizteko: Sturio primus, Sturio secunduseta abar. John Rayk, Historia Insectorum delakoan (1710), esaldiak erabili zituen espezieak elkarren artean desberdintzeko. Esaterako, armiarma biren kasuan:

  • Araneus rufus sive avellaneus cruciger, cui utrinque ad superiorem alvi partem quasi singula eminent (armiarma gorria edo urraren kolorekoa, gurutze batekin, sabel-aldeetan tuberkulu isolatuak dauzkana).

  • Araneus subflavus, alvo praecipue in summa sui parte et circa latera albicante, plena oculis nigris pellucidis in capite albicante (armiarma horizta, sabela zurixka alde nabarienean, buru zurixka begi beltzez beteta duena).

Langek (1722) esaldi laburragoak erabiltzen zituen. Esate baterako, Patella generoan (lapa), hurrengo espezie hauek bereizi zituen:

  • Patella striata vertice umbunato integro.

  • Patella laevis vertice umbunato.

  • Patella laevis vertice acuminato.

  • Patella laevis vertice papillari.

Hau da, XVIII. mendera arteko inbentarioak oso ilun eta nahasgarriak ziren, gaizki karakterizatuta baitzeuden espezieak. Egoera horren aurrean, Lineok (1707-1778) sistema binomial bat proposatu zuen izenak esleitzeko, eta bai, horrez gainera, sailkapenerako metodo hierarkikoa ere ezaugarri morfologikoetan oinarritua. Hori guzti horren kanona Systema Naturae delakoaren 10. argitalpenean plazaratu zuen, 1758. urtean. Sistema binomial horren bidez, izenak nolabaiteko etiketa bihurtu ziren, definizio kutsua galdurik. Metodo hori oso arrazional eta erabilgarria zenez, Lineoren proposamenak bidea egin zuen, gaur arte iraun duelarik.

Gaur egun, Nomenklatura Zoologikorako Nazioarteko Kodean ezarrita daude Nomenklatura Zoologikoaren arauak. Ohi denez, izen zientifikoak latinoak edo, behintzat, latinizatuak izaten dira, horrela berorien unibertsaltasuna lortuz. Bestalde, izen bakoitza bakarra eta bereizgarria izaten da, espeziea bera den bezala.

Kodeak izen zoologikoen hitzen kopurua ezartzen du: berba bat espezietik gorako kategorietarako (Mammalia, Mollusca, Helicidae, Hominidae...), espezietarako berba bi (Homo sapiens, Helix aspersa...), eta hiru subespezietarako (Homo sapiens sapiens...). Espezie eta subespeziearen kasuan, lehen berba generoaren izenari dagokio; esate baterako, Homo sapiens kasuan, genero-izena da Homo, beti maiuskulaz hasita idazten delarik. Bigarren berba determinatzaile espezifikoa da, beti minuskulaz hasita idazten delarik. Batzuetan, subgeneroa egon daiteke: parentesi artean eta maiuskulaz hasita idazten da, generoaren eta determinatzaile espezifikoaren izenen artean; adibidez, Marmorana (Murella) muralis barraskiloaren kasuan, Murella da subgeneroaren izena.

Genero, espezie eta subespezieen izenak kurtsibaz edo azpimarratuta idazten dira. Batzuetan espeziearen izenaren ondoan, deskribatzailearen izena eta urtea (hau da, taxona nork deskribatu eta zein urtetan argitaratuta dagoen) jartzen dira; adibidez, Homo sapiens Linnaeus, 1758. Batzuetan, deskribatzailearen izena eta data parentesi artean agertzen dira; horrek generoaren izena aldatu egin dela esan nahi du, hots, lehen aldiz deskribatu zenetik hona espeziea beste genero batean kokatu dela. Adibidez, barraskilo baten izena Helix nemoralis Linnaeus, 1758 izan zen deskribatu zenean, baina orain Cepaea nemoralis (Linnaeus, 1758) da. Kontuan hartzekoa da ere, taxon guztiek dauzkatela deskribatzailea eta deskribapen-data, nahiz eta normalean ez diren adierazten.

Edozelan ere, nomenklaturaren prozesuan zehar, zenbait ezbehar eta gorabehera gerta daitezke. Garrantzizkoenak homonimia eta sinonimia dira. Homonimia dagoela esaten da autore desberdinek izen berbera eman dietenean taxon desberdinei. Espezie mailan arraroa izan arren, nahikoa arrunta da genero-mailatik gorako kategorietan. Adibidez, Decapoda izena eman zaio krustazeo-talde bati eta bai zefalopodo-talde bati (orain balio ez duena). Sinonimia dago taxon bakar batek izen bat baino gehiago jaso dituenean. Arrunta da, oso, espezie mailan, eta izatez hainbat espeziek dauzkate sinonimoak. Esate baterako, Helicella itala (Linnaeus, 1758) eta Helicella ericetorum (Müller, 1774) izen binomialok sinonimoak dira, barraskilo-espezie bakar bat izendatzeko erabili izan direnak. Bai homonimiaren eta bai sinonimiaren kasuan ere, balio duen izena zaharrena izango da normalean; beraz, azken adibidean, Helicella itala (Linnaeus, 1758) da gaur egun balio duen izena.

Taxonomia, sailkapena eta filogenia

Gorago azaldu denez, behin katalogoa burutu eta gero, taxuketaren arazoa planteatzen da. Orduan Taxonomia (taxis, ordenazioa; nomos, araua) bidez lortzen da sailkapena. Baldin-eta animaliak era praktiko edo konbentzionalean (kasurako, animalien tamaina edo koloreen arabera, edo alfabetikoki) ordenatzen baditugu, hau da, irizpide artifizial baten arabera, orduan α mailan dago Taxonomia. Baina, ordenazio arrazionala egiten bada, hau da, egokiro aukeratutako irizpide taxonomikoen arabera, orduan β mailakoa da, eta, ondorioz, animaliak maila desberdinetako multzoetan sailkatuta agertuko dira. Multzo horiek taxonak dira, eta kategoria taxonomiko desberdinetan hierarkizatuta egoten dira.

Zoologoek zazpi kategoria taxonomiko nagusirekin egiten dute lan: erreinu, phylum, klase, ordena, familia, genero eta espeziea. Gainera, beste kategoria taxonomiko subordinatu batzuk daude, aipatutako kategoriei “sub”, “super”, “infra” eta horrelako aurrizkiak erantsiz gero: suberreinu, superphylum, subphylum, superklaseaeta abar. Horietaz gain, subfamilia eta generoaren artean tribu kategoria erabil daiteke. Nomenklatura Zoologikorako Nazioarteko Kodearen arabera, kategoria taxonomiko batzuen taxon-izenek atzizki bereziak eduki behar dituzte:

  • Superfamilia: -oidea

  • Familia: -idae

  • Subfamilia: -inae

  • Tribu: -ini

Goi-mailako kategoriako taxonak gutxi dira, eta behe-mailako kategoriakoak besarkatzen dituzte korrelatiboki. Ezaguna denez, bost erreinu onartzen dira, alegia, Monera, Protista, Fungi, Plantae eta Animalia, baina azken honen barruan 35en bat phylum. Era berean, kasurako Annelida phylumak hiru klase ditu, Polychaeta, Oligochaeta eta Hirudinea, eta eurotariko lehenengoak bederatzi ordena. Eta abareta abar.

Adibide modura, ikus ditzagun gizaki eta lur-barraskilo arruntaren sailkapenak:

grafikoak1

Esan gabe doa, lortuko den ordenamendua hautaturiko irizpide taxonomikoen menpe egongo da. Gorago esan bezala, taxuketa “naturala” eskuratzen ahalegindu behar da, baina, hala eta guztiz ere, autore desberdinek sailkapen desberdinak eratzen dituzte, ez baitatoz bat erabili beharreko irizpide taxonomikoak aukeratzean.

Edozelan ere, eta ikerketa sakonduz doala, hirugarren maila bateraino iritsiko da prozesua: lehen maila deskriptiboa (α) eta bigarren maila taxutzailea (β) gainditu dira dagoeneko. Oraingo honetan, egindako ordenamenduaren filosofia subjazentea bilatu behar da (γ), hau da, ordenamenduaren kausak zehaztu nahi dira, eta horrela, eboluzio-teoriarekin egingo da topo.

Lehen taxonomoek Jainko kreatzaileak sorturiko ordena islatzea zuten helburutzat katalogoaren ordenamendua egitean, eta horixe bera adierazten digu Lineoren liburu kanonikoaren izenburuak, Systema Naturae —naturaren sistema, alegia— delakoak. Gaur egun ere, Sistematika Zoologikoa animaliak taxonez taxon ordenatzen saiatzen da, baina, ordenamendu horrek animali taldeen historia ebolutiboa ahalik eta doituen adierazita. Beraz, taxon biren arteko hurbiltasuna, duten ahaidetasun filogenetikoaren ondorioa izango litzateke, eta izatez, autorerik autore aurki ditzakegun sailkapen desberdinak, oinarrian, historia ebolutibo desberdin samarrak onartzetik eratorriko dira.

Halandaze, irizpide taxonomikoak filogenetikoak izango dira azken batean. Mota bikoak izaten dira: zuzenak eta zeharkakoak. Irizpide zuzenak paleontologikoak dira esklusiboki, zeren, beroiek artez-artezean erakusten baitute bizidunen historia ebolutiboa. Baina, zenbait arazo agertzen dira: alde batetik, datazioa, problematikoa izaten dena sarri askotan; bestetik, fosilizazio-prozesua, zeren bizidun batzuek ez baitute arrasto fosilizagarririk uzten, eta uztekotan ere arazorik egon daiteke, ingurunean fosilizatzeko baldintza aproposik ez bada. Gainera, irizpide paleontologikoak gehienetan hutsunez beteta daude, fosil-serieak ezin dira-eta osotu.

Hori dela-eta, beste irtenbide batzuk bilatu behar dira, eta orduan, filogeniarekin erlazionatutako zeharkako datuetara jotzen da. Nagusiki, datu morfologikoak izaten dira. Datu morfologikoak anatomia, histologia eta organografia konparatuetatik eratortzen dira, eta eskema orokorrak, ereduak edo arbaso hipotetikoak zirriborratu eta proposatzeko balio dute. Dena den, ezaugarri morfologikoak erabilgarriak izatekotan ahaidetasunean oinarritu behar dira, hau da, homologiak ezarri behar dira. Ezaugarri bi (direla organo, aparatu, sistema, gorputz-zatieta abar) homologoak izaten dira jatorri ontogenetiko berbera eta egitura-plan berbera daukatenean, nahiz eta morfologikoki desberdinak izan funtzio desberdinak betetzeagatik. Esate baterako, ornodun tetrapodoen gorputz-adarrak homologoak dira: saguzarren hegoa, primateen besoa, zaldi-behorren aurreko hanka, usoaren hegoa, balearen aurreko hegatsa... Aitzitik, kontu handiz ibili behar da analogiekin. Izan ere, egoera bati egokituz, hau da, moldaera dela-eta, jatorri ontogenetiko desberdina duten organo bik konbergitu egin dezakete antz nabarmena lortu arte. Esate baterako, intsektu eta hegaztien hegoak, edo arrain eta izurde edo baleen gorputz-forma, edo ornodunen eta molusku zefalopodoen begiak... Dena den, gehien-gehienetan anatomia edota histologia konparatua nahikoa izaten da jatorrizko desberdintasun ezkutua agertu erazteko. Eta enbriologia eginez, ez da duda-izpirik geratzen. Bestetik, datu morfologikoen barruan, ezaugarri ontogenetikoak daudela aipatu behar da. Erabili ahal diren beste zenbait irizpide, taldeen arabera, hurrengo hauek dira: fisiologikoak (adibidez, metabolismo homologoak), ekologikoak (bizkarroien konparazioak), etologikoak (kantuak, gorteiuak), biogeografikoak (sakabanakuntza-zentroak), biokimikoak (kitinaren presentzia), serologikoak (primateen sailkapenerako)...

Homologia eta analogia kontzeptuekin lotuta, animalien eboluzio-ereduak aztertzen dira. Alde batetik, animali talde bik edo ezaugarri bik gero eta antzekotasun handiagoa dutenean (kasurako, intsektu eta hegaztien hegoak; analogoak dira), konbergentziaz mintzatzen da. Bigarrenez, dibergentzia dago, animali talde bik edo ezaugarri bik gero eta antzekotasun txikiagoa dutenean (esate baterako, molusku gastropodoen maskorra eta zefalopodoen luma; homologoak dira). Hirugarrenez, erradiazioa edo dibergentzia anizkoitza arbaso komunetik; kasu honetan, talde edo ezaugarri bi baino gehiago daude kontenplatuta. Azkenik, paralelismoa dagoela esan ohi da animali talde bik edo gehiagok antzeko aldaketa pairatu dutenean eboluzioan zehar.

Irizpide taxonomikoak kontuan hartuta, eta Nomenklatura Zoologikorako Nazioarteko Kode delakoaren prozedura beteta, sailkapena lortzen da, zeinak animali talde jakinaren filogenia islatzen baitu nolabait. Baina, filogeniak proposatzeko orduan, taxon monofiletikoak eraikitzen ahalegindu behar da. Taxon monofiletikoak taldeko kide guztien arbaso komun oraintsukoena besarkatzen du, eta bai ondorengo guztiak ere. Esate baterako, gaur egun, autore guztien ustez, molusku-talde guztietarako arbaso bakarra dago; beraz, moluskuen taldea monofiletikoa da. Ostera, beste maila batean, bareak zenbait bide filogenetiko desberdinetatik eboluzionatu dira, eta horregatik ez daude sailkatuta talde soil batean. Beraz, bareak polifiletikoak dira. Hau da, taxon polifiletikoak ez du besarkatzen kide guztien arbaso amankomun berriena, eta hori dela-eta taldeak, gutxienez, bi jatorri filogenetiko independente dauzka. Beste adibide erraz bat Radiata taldean aurki daiteke: simetria erradiatua dela-eta, Cnidaria eta Echinodermata phylumak talde horretan sailkatu ziren, baina, noski, simetria-mota hori konbergentziaz lortu dute. Azkenik, taxon parafiletikoa dago: taldearen kide guztien arbaso amankomun berriena besarkatzen du baina ez ondorengo guztiak. Taxon parafiletikoak zein polifiletikoak, orokorrean, espezieen ezagutza eskasa dela kausa eraiki dira.

Amaitzeko, arbola filogenetikoen behaketatik, nagusiki hiru motatako prozesu ebolutiboak daudela ondoriozta daiteke:

  • Estasigenesia: egonkortasuna dakar. Estasigenesiaren ondorioak fauna erliktikoak eta fosil biziak dira (zelakantoa, nautiloa...).

  • Anagenesia: hobakuntza biologikoa dakar. Talde baten eboluzioan aldaketak metatzen direnean gertatzen da. Esate baterako, anfibio eta narrastien kasuan, besteak beste arrautza kleidoikoa asmatu zenean ura uzteko posibilitatea agertu zen, eta narrastiak sortu ziren horrela.

  • Kladogenesia: dibergentziarantz eta aniztasunaren emendiorantz jotzen du.

Eskola taxonomiko edo sistematikoak

Orain arte aipatu denez, filogeniak eraikitzeko taxon monofiletikoak proposatzen saiatu behar da. Animali talde baten filogenia, nolabait, hiru modutara azal daiteke: arbola filogenetikoa, sailkapena edo eszenario ebolutiboa. Hiru modu horietara adieraz daiteke eboluzioari buruzko gure interpretazioa. Edozelan ere, hiru formatu desberdin horiek eboluzioari buruzko hipotesiak errepresentatzen dituzte, edo arbaso komunari buruzko hipotesiak (edo arbaso eta ondorengoen arteko erlazioei buruzko hipotesiak). Dendrograma da hipotesi ebolutiboa aurkezteko modu egoki eta ez anbiguoa. Hiru motatako dendrogramak eraiki daitezke, fenogramak, kladogramak eta arbola ebolutiboak, zeintzuak erlazionatuta baitaude gaur egungo hiru eskola sistematiko edo taxonomiko desberdinekin, hurrenez hurren, taxonomia numeriko edo fenetikoarekin, taxonomia kladistiko edo filogenetikoarekin eta taxonomia klasiko edo ebolutiboarekin.

  • Taxonomia numerikoa edo fenetikoa: taxonomia numerikoa ikerketa fenetikoan oinarrituta dago, hots, agerian dagoenaren azterketan, eta metodo estatistikoak eta analisi multibarianteak erabiltzen ditu distantzia taxonomikoak lortzeko, eta horietatik abiatuta fenogramak eraikitzeko. Taxonomia numerikoaren filosofia hurrengoan datza: inoiz ez da posible jakitea zein den animalia-talde baten filogenia zuzena (hau da,  errealitatean benetan gertatu izan zena); beraz, nahikoa da konbenientziaz sailkatzea, horretarako bizidunen ahalik eta ezaugarri gehien erabiliz, eta guztioi garrantzi berbera esleitzen zaiela.

  • Taxonomia kladistikoa edo filogenetikoa: honen bidez, kladogramak edo arbola filogenetiko hipotetikoak eraikitzen dira, taxonen harreman antzestraletan oinarrituta. Kladismoaren helburua, talde monofiletikoen arteko ahaidetasun-harremanei buruzko hipotesi testagarriak proposatzea da. Taxonomia numerikoan egiten den bezala, lehenago datuen matrizea egiten da, baina ezaugarriak gutxiago dira, eta, gainera, aukeratuak. Ezaugarri bakoitzak egoera desberdin bitan agertu behar du, egoera bi horiei polaritate tenporala onartzen zaielarik: bata zaharragoa da (egoera plesiomorfikoa) eta bestea modernoagoa edo eboluzionatuagoa (egoera apomorfikoa).

  • Taxonomia klasikoa edo ebolutiboa: taxonomia klasikoa, hautespen naturalean oinarritutako eboluzioari buruzko teoriatik abiatu da. Taxonomo klasikoen ustez, espeziazioak prozesu independente bi besarkatzen ditu: ugal isolamenduaren lorpena eta txoko ekologikoaren desberdintasunen lorpena, zeintzuek ezaugarrien dibergentzia sortarazten baitute.