simetria
- 1. Biol.
Animalien eta zenbait landare-egituraren morfologiaz mintzatuz, antolamendu espazial idealizatua deskribatzeko eta sailkatzeko balio duen kontzeptua, simetria geometrikoan oinarritua. Simetria erradiala eta aldebikoa dira horren aldaerak. Esaterako, koral, marmoka eta itsas trikuek simetria erradiala dute; gainerako animalia gehienek, berriz, aldebikoa. Azken horietan ezkerra eta eskuina defini daitezke.
- 2. Fis.
Fisikaren legeekiko oinarrian elkarren baliokideak diren egoera desberdinen propietatea. Simetriak berekin dakar horietariko egoera bat beste baliokide bategaz ordezkatzen denean fisikaren legeak simetria-eragiketekiko aldaezinak izatea. Izan ere, simetria bat existitzen bada, horrekin loturiko kontserbazio-lege bat egon beharra dago.
- 3. Mat.
Geometrian, irudi geometriko batzuen ezaugarria puntu-bikoteak dituztenean, non elementu batekiko posizio bera duten, noranzkoa kontuan izan gabe. Elementu berezi hori puntu bat denean, puntu-simetria dugu, elementua ardatz bat bada, ardatz-simetria dugu, eta, azkenik, plano bat bada, ispilu-simetria dugu.
- 2. Fis.
- Fisikaren legeekiko oinarrian elkarren baliokideak diren egoera desberdinen propietatea. Simetriak berekin dakar horietariko egoera bat beste baliokide bategaz ordezkatzen denean fisikaren legeak simetria-eragiketekiko aldaezinak izatea. Izan ere, simetria bat existitzen bada, horrekin loturiko kontserbazio-lege bat egon beharra dago.
Simetria Edit
Egilea: Fernando Plazaola
Fisikaren maila oinarrizkoenean, mekanikaren legeak simetria-propietate batzuez ezaugarrituta daude, adibidez, Newtonen hirugarren legearekin loturiko akzio- eta erreakzio-indarren arteko simetriaz. Beste simetria batzuk agertzen dira mekanika klasikoan zein mekanika erlatibistan eta, muga batzuekin, mekanika kuantikoan ere, hala nola legeen aldaezintasuna (itxura matematiko aldaezina) espazioan gertaturiko islapenekiko eta biraketekiko, denboraren inbertsoarekiko, edo espazioaren beste alde batera egindako transformazioarekiko edo denboraren beste garai batekiko. Teoriaren simetria-propietateen ondorio matematikoak kontserbazio-legeak dira. Kontserbazio-legeek ziurtatzen dute baldintza zehatzetan magnitude fisiko batzuen balioak konstante irauten duela denboran zehar. Kontserbaturiko magnitudeak fisikako garrantzitsuenak dira; euren artean, masa eta energia (erlatibitatearen teorian, masa eta energia baliokideak dira eta batera kontserbatzen dira), momentu lineala, momentu angeluarra eta karga elektrikoa daude
Fisika modernoaren hastapenetik, kontserbazio-legeak egon dira. Horien arabera, magnitude fisiko batzuk denboran zehar ez dira aldatzen, adibidez, gorputz-sistema isolatu baten karga elektriko osoa. XX. mendean, matematikoki frogatu da lege horiek —fisikaren legeetan adieraziak— naturaren simetria-propietatetik datozela. Sistema isolatu baten masa-energiaren kontserbazioa, adibidez, suposizio honetatik dator: fisikaren legeak denbora-tarteen mende egon daitezke, baina ez legea aplikatzen den uneko denbora zehatzaren mende. Fisikari modernoentzat simetriak eta horietatik eratorriko kontserbazio-legeak oinarrizkoagoak dira legeak berak baino; etorkizunean proposa daitezkeen legeen izate posibleak mugatzeko gai baitira.
Masa-energia, momentu lineala (momentu soilik ere deitzen zaio), momentu angeluarra eta karga elektrikoaren kontserbazio-legeak baliagarriak dira, bai teoria klasikoan, zein erlatibistan, eta bai kuantikoan ere (fisika ez-erlatibistan, masa eta energia banandurik kontserbatzen dira). Momentu lineala gorputzaren masa bider abiadura da, edo bi gorputzen edo gehiagoren masa osoa bider haien masa zentroaren abiadura gisa ere defini daiteke. Momentua kontserbatzen da bakar-bakarrik kanpoko indarrik eragiten ez duenean. Era berean, momentu angeluarra —biratze-higidurarekin lotua dena— kontserbatzen da bakar-bakarrik indar momentu garbirik eragiten ez duenean. Kanpoko indarrek eta indar-momentuek kontserbazio-legeak oinarrituta dauden simetria-baldintzak apurtzen dituzte.
Teoria kuantikoan eta, bereziki, oinarrizko partikulen teorian, simetria gehiago eta, ondorioz, kontserbazio-lege gehiago daude; batzuk zehatzak dira, eta beste batzuk hurbilketa moduan baino ez dira baliagarriak, eta, gainera, fisika klasikoan ez dute inolako funtziorik. Horien artean, zenbaki kuantikoen kontserbazioa dago —espazioko ezker-eskuin islapen-simetriarekin erlazionatua (paritate deritzo; ingelesez, parity)— eta higiduraren inbertsio-simetria (denboraren inbertsio deritzo). Zenbaki kuantiko horiek elkarrekintza nuklear ahulak parte hartzen ez duen prozesu guztietan kontserbatzen dira.
Berehalakoak ez diren beste simetria-propietateak (barne-simetria gisa ezagunak), espazioarekin eta denborarekin loturik daudenak, oinarrizko partikulen familiak ezaugarritzen dituzte, eta baita haien konposatuak ere. Quarkek, adibidez, barioi-zenbaki izeneko propietatea dute, protoiek, neutroiek, nukleoek eta quark ezegonkorrek dutena. Horiek guztiak, quarkak izan ezik, barioi gisa dira ezagunak. Barioi-zenbakiaren kontserbazioaren porrota agertuko litzateke, adibidez, protoi bat partikula ez-barioniko arinetan desintegratuko balitz. Izan ere, ikerketa sakonak egin dira protoiaren desintegrazioa behatzeko, baina orain arte, behinik behin, ez da protoiaren desintegraziorik behatu. Horrelako beste simetriak eta kontserbazio-legeak agertzen dira antzera definituriko leptoi-zenbakiarekin, eta, barioien kontserbazioarekin gertatzen den bezala, horiekin ere leptoi-zenbakia kontserbatzen da.
2008ko Fisikako Nobel saria simetriarekin oso lotuta dago, edo, hobeto esanda, berezko simetriaren apurketarekin. Izan ere, partikulen fisikan berezko simetriaren apurketaren mekanismoen aurkikuntzagatik eman dute 2008ko Nobel saria. Horri esker, aurresan zen eredu estandarra zabaldu behar zela ordura arte ezagutu gabeko quark gehiagotara; hau da, eredu estandarrak quarken hiru familiaz osatuta egon behar zuela. 2001. urtera arte, ez da esperimentuen bidez frogatu ahal izan 1972. urtean aurresandakoa. Antzeko eta azaldu gabeko simetria-apurketa gertatu zen duela 14.000 milioi urte, kosmosaren jatorria azaltzen duen Bing Bangaren teoriaren arabera. Materia- eta antimateria-kantitate berdinak sortu baziren, elkar deuseztatu beharko zuten. Baina horrelakorik ez zen gertatu, desbideratze txiki bat zegoen: 10.000 milioi antimateria-partikula bakoitzeko materia-partikula bat gehiago zegoen. Dirudienez, simetria-apurketa hori izan da bizi garen unibertsoari eboluzionatzen utzi diona, eta horren ondorioa da bizitza egun ezagutzen dugun bezalakoa izatea.