segundo

1. Fis.

SI sistemako denbora-unitatea. Sistema bereko oinarrizko zazpi unitateetako bat da. Segundoaren lehen definizioa ez zen oso zehatza: segundoa batez besteko eguzki-egunaren 1/86400 zela esan zen, baina batez besteko eguzki-eguna ez zen definitu. Definizioari zehaztasun handiagoa ematearren, 1960an Pisu eta Neurrien 11. Konferentzia Nagusiak segundoaren definizioa urte tropikal edo eguzki-urte delakoan (Eguzkiak udaberriko ekinokziotik bi aldiz pasatzeko behar duen denboran) oinarritu zuen. Baina fisikaren arloan egindako ikerketa esperimentalek frogatu zuten definizioa askoz zehatzago eman zitekeela atomo edo molekula baten bi energia-mailaren arteko trantsizioan oinarriturik. Hala, 1967-1968an, Pisu eta Neurrien 13. Konferentzia Nagusiak honela definitu zuen segundoa: zesio-133aren oinarrizko egoeraren bi maila hiperfinen arteko trantsizioari dagokion erradiazioaren 9192631770 periodoren iraupena. Eta 1997an honako zehaztapen hau erantsi zen: definizio hura geldirik eta 0 K-eko tenperaturan dagoen zesio-atomoari dagokio.

2. Mat.

Angeluak neurtzeko unitatea; minutuaren hirurogeirena balio du.