satelite

1. Astron.

Astro handiago bat orbitatzen duen astro erlatiboki txikia; bereziki, planeta baten inguruan biratzen dena.

Eguzki-sistemako planeten sateliteez mintzatuz, ilargi erabiltzen da batzuetan.

Eguzki-sistemako zenbait satelite, Lurrarekin konparatuta duten bolumenaren arabera irudikatuta. Goiko lerroan, satelitea zein planetari dagokion ageri da; dena den, kontuan izan Pluton eta Eris planeta nanoak direla; gainera, Karon Plutonen sateliterik handientzat jo daiteke; edo, bestela, Plutonekin batera sistema bikoitza osatzen duen planeta nanotzat
Eguzki-sistemako zenbait satelite, Lurrarekin konparatuta duten bolumenaren arabera irudikatuta. Goiko lerroan, satelitea zein planetari dagokion ageri da; dena den, kontuan izan Pluton eta Eris planeta ...

2. Astronaut.
sin. satelite artifizial

Suziri edota bestelako garraio-sistema bat erabiliz astro baten orbitan, bereziki Lurrarenean, ezartzen den aparatua, hainbat eginkizunetarako erabil daitekeena: telekomunikazioetarako, lurrazalaren, espazioaren edo atmosferaren behaketarako, helburu militarretarako...

Satelite meteorologikoa
Satelite meteorologikoa

3. Teknol.
sin. piñoi satelite

Bere ardatzarekiko biratzen den eta, gainera, beste gurpil horzdun baten gainean errodatzen den piñoia. Automobiletako diferentzialek piñoi sateliteak izaten dituzte.


4. Telekom.
sin. komunikazio-satelite

Lurraren gainazaleko lekuen arteko uhin elektromagnetikoen bidezko komunikazioa bideratzen duen satelite artifiziala.

Komunikazio-satelitearen estaltze-eremua
Komunikazio-satelitearen estaltze-eremua

1. Astron.
Astro handiago bat orbitatzen duen astro erlatiboki txikia; bereziki, planeta baten inguruan biratzen dena.

SATELITEA

Planeta baten inguruan orbitatzen duen gorputzari satelite deitzen zaio. Eguzki-sistemako planeta guztiek satelite bana dute, gutxienez, Merkuriok eta Artizarrak izan ezik. Lurrak Ilargia dauka, eta Martek bi ditu: Fobos eta Deimos. Jupiterrek eta Saturnok 60na satelite dituzte, gutxienez, eta Uranok eta Neptunok, 27 eta 13, hurrenez hurren. Oro har, sateliteak haien planetak baino txikiagoak dira, eta bi gorputzen masa-zentroa planetaren barnean egoten da. Horrela ez bada, sistema bikoitz deitzen zaio; adibidez, Pluton-Karon sistema. Cassini zundak lortutako azken aurkikuntzek adierazten dute Saturnoren satelite batek, Reak, eraztun-sistema ahul bat daukala; orain arte genekienaren arabera, planetetan bakarrik egon zitezkeen eraztun-sistemak. Eguzki-sistemako satelite batzuk Merkurio baino handiagoak dira: Ganimedesek, Jupiterren sateliterik handienak, 2.634 km-ko erradioa dauka, eta Titanek, Saturnoren satelite handienak, 2.575 km-koa (Merkurioren erradioa: 2.440 km). Ilargia bera Pluton baino 1,5 bider handiagoa da.

Sailkapen bat baino gehiago egin daitezke sateliteen ezaugarri dinamikoak aztertzen badira. Satelitearen eta haren planetaren biraketa-norabideak berdinak badira, satelitea progradoa edo zuzena da, eta kontrakoak badira, erretrogradoa. Satelite bat motela da bere planetaren biraketa-abiadura baino astiroago orbitatzen duenean, eta, arinago orbitatzen badu, azkarra deitzen zaio. Ilargiak orbita zuzena dauka, eta motela da. Fobosek ere orbita zuzena dauka, baina azkarra da; hau da, Marten, egunean bitan baino gehiagotan irteten eta sartzen da Fobos. Aipagarria da sateliteek planetetan eragindako perturbazio grabitatorioengatik aurkitu direla eguzki-sistematik kanpoko planeta berriak.

grafikoak1

Eguzki-sistemako zenbait satelite, Lurrarekin konparatuta duten bolumenaren arabera irudikatuta. Goiko lerroan, satelitea zein planetari dagokion ageri da; dena den, kontuan izan Pluton eta Eris planeta nanoak direla; gainera, Karon Plutonen sateliterik handientzat jo daiteke; edo, bestela, Plutonekin batera sistema bikoitza osatzen duen planeta nanotzat (iturria: NASA)

2. Astronaut.
Suziri edota bestelako garraio-sistema bat erabiliz astro baten orbitan, bereziki Lurrarenean, ezartzen den aparatua, hainbat eginkizunetarako erabil daitekeena: telekomunikazioetarako, lurrazalaren, espazioaren edo atmosferaren behaketarako, helburu militarretarako...

SATELITE ARTIFIZIALA

Lurra orbitatzen duten espazio-ontziei esaten zaie satelite artifizial. Bereizketa guztiz arbitrarioa bada ere, beste planeta bat orbitatzen duten espazio-ontziei orbitatzaile esaten zaie, satelite naturalen kasuan ez bezala. Halaber, espazio-estazioak Lurra orbitatzen duen espazio-ontziak izanik ere, ez dira satelite-kategorian sailkatzen, oro har.

Lehen satelite artifiziala, Sputnik izenekoa, 1957ko urriaren 4an jaurti zuen SESBk. Orduz gero, 5.000 satelitetik gora jaurti dira. Guztira, zortzi dira sateliteak jaurtitzeko gaitasuna duten estatuak eta erakundeak: Errusia, Ukraina, Amerikako Estatu Batuak, Japonia, Txina, India, Israel eta Europako Espazio Agentzia (ESA).

Satelite-mota asko daude erabileraren arabera. Telekomunikazio-sateliteek telefono, irrati, telebista eta antzeko komunikabideen antena-lana egiten dute, seinalea igorletik hartuta eta berrigorrita. Horrela posible da Ameriketan sortutako telebista-seinalea ia aldi berean Europan ikustea, eta batekoz beste. Nabigazio-sateliteek lagundu egiten dute lurrazaleko objektu mugikorren posizioa zehazten, hots, ibilgailu, ontzi, hegazkin eta enparauen kokalekua finkatzen. Etsenplurako, GPS sistemak satelite-sare bat usatzen du objektuen posizioa kokatzeko. Satelite meteorologikoek Lurraren atmosfera aztertzen dute (tenperatura, haizearen norabidea eta indarra, presioa, hezetasuna, etab.), eta ezinbesteko tresnak dira eguraldiaren aurreikuspen egokiak egiteko. Aztertze-sateliteek helburu militar edo zibilak izan ditzakete. Lehenei buruz, datu-falta nabarmena dago beren ahalmenari buruz, esaterako, egiten dituzten irudiek duten bereizmenari buruz. Aztertze-satelite zibilak Lurraren gainazala aztertzeko, mapak egiteko edo baliabide naturalak, uztak edo mineralak gobernatzeko baliatzen dira. Azkenik, satelite zientifikoek ikerketa-lanak egiten dituzte espazioan, bai satelite astronomikoek bezala kosmosa aztertuz, baita satelite biologikoek bezala izaki bizidunekin saioak eginez ere.

grafikoak1

Satelite meteorologikoa

Sateliteak egiten duten orbitaren arabera ere sailkatzen dira. Sateliteak orbitatzen duen orbitaren altitudearen arabera, hauek ditugu:

  • Beheko Lur-orbita: 0-2.000 km bitartekoa.

  • Erdiko Lur-orbita: 2.000 km eta orbita geosinkronoa bitartekoa.

  • Orbita geosinkronoa: 35.786 km-ra dago, eta sateliteak 24 orduko periodo orbitala du, hots, Lurra eta sateliteak sinkronizatuta higitzen dira.

  • Goiko Lur-orbita: 35.786 km-tik gorakoak.

Orbitaren inklinazioaren arabera ere sailkatzen dira. Orbita inklinatuek ekuatorearen planoarekiko 0° ez den inklinazioa dute. Horien artean, orbita polarrak daude, hots, 90°-ko inklinazioa dutenak. Inklinaziorik ez duten orbitei orbita ekuatorial esaten zaie. Eszentrikotasuna arau, orbitak eliptikoak edo zirkularrak dira. Satelite geoegonkorrek orbita geosinkrono zirkularra dute. Komunikazio-satelite errusiarrak molnia izeneko orbita inklinatuari jarraitzen zaizkio. Molnia orbitak 63,4°-ko inklinazioa eta 12 orduko periodoa ditu.

grafikoak2

Satelite geosinkronoa (iturria: NASA)

4. Telekom.
Lurraren gainazaleko lekuen arteko uhin elektromagnetikoen bidezko komunikazioa bideratzen duen satelite artifiziala.

KOMUNIKAZIO-SATELITEA

Komunikazio-sateliteak espazioan kokatzen diren errepikagailu erradioelektriko gisa definitu beharko genituzke. Lurretik datorren seinalea jaso, anplifikatu edota birsortu eta, berriz ere, Lurrera bidaltzen dute.

Komunikazio-mota hau oso garrantzitsua da, sateliteen altuerari esker, oso estaltze-eremu handiak lortzen baitira. Irudian ikus daiteke satelite baten estaltze-eremuaren dimentsioaren adibide bat. Estaltze-eremu deritzo satelite baten seinalea hartzeko aukera dagoen eremu geografikoari.

grafikoak1

Komunikazio-satelitearen estaltze-eremua (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Historia pixka bat

Espazioaren aroa 1957ko urriaren 4an hasi zen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak lehenengo satelitea (Sputnik) espazioratu eta Lurraren inguruko orbitan jarri zuenean. Geroago, 3.500 tonako Apolo supersuziria aireratu zuten Amerikako Estatu Batuek.

Teknologia berri horrek eskaintzen zituen abantailez jabetuta, 1965. urtean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak Molnya izeneko komunikazio-satelitea jarri zuen orbitan, eta Amerikako Estatu Batuek Intelsat-1 komunikazio-satelitea espazioratu zuten. Garai hartako bi potentzia garrantzitsuenek emandako pauso horiek, satelite bidezko komunikazioaren aroaren mugarria izan ziren.

Satelite bidezko komunikazioen garapenerako, oso garrantzitsua izan zen Intelsat erakundearen sorrera. Erakunde horrek eraikitako lehenengo sateliteak 39 kg-ko pisua zuen, eta 240 telefono-zirkuitu hornitzeko gai zen. 1981. urtean, Intelsat erakundea 106 estatuz osaturik zegoen, satelite bidezko komunikazioa ahalbidetzen zuen eta 329 Lur-estazio zituen. Gaur egungo Intelsat VI sateliteak 37.000 telefono-zirkuitu hornitzeko ahalmena du.

1988. urtean, HISPASAT, S.A. elkartea sortu zen. 1992an espazioratu zuen lehenengo komunikazio-satelitea, Frantziaren laguntzarekin.

Ezaugarri teknikoak

Komunikazio-sateliteen bidezko sistemaren osagaiak

Komunikabide-mota honetan parte hartzen duten elementu garrantzitsuenak Lur-estazioa, satelite-errepikagailua eta seinale-hargailua dira.

Lur-estazioa

Lurreko satelite-estazioa oso garrantzitsua da, bera arduratzen baita seinalea komunikazio-satelitera kalitate onarekin heltzeaz. Lur-estazioak telekomunikazio-seinale bat jasotzen du (telebista-kanalak, telefono-zirkuituak edota datuak) eta, bitarteko maiztasuneko (BM) modulatzaile baten bidez, prozesatzeko prest uzten du seinalea. Gero, maiztasun-aldatzaile baten bitartez, seinale hori irrati-maiztasuneko (IM) seinale bihurtzen da. Lortutako seinalea, azkenik, satelitera seinaleak bidaltzeaz arduratzen den antenara bideratzen da, eta, horretarako, potentzia handiko anplifikadore bat erabiltzen da.

Satelite-errepikagailua

Satelite-errepikagailua espazioan kokatzen denez, haren osagaiak ezin izaten dira ez konpondu, ez aldatu. Horregatik, kalitate handiko elementuak erabiltzen dira errepikagailuak eraikitzeko. Hauek dira, besteak beste, satelite-errepikagailuen osagai nagusiak: banda-paseko iragazkia, maiztasun-tarte jakin bateko uhinei igarotzen utzi eta gainerakoak blokeatzen dituena; zarata ahulen anplifikadorea (LNA edo Low Noise Amplifier), seinale ahulak anplifikatzen dituena; maiztasuna txikitzeko bihurgailua, mikrouhin-seinaleak bitarteko maiztasuneko seinale bihurtzen dituena; eta potentzia txikiko anplifikadorea.

Seinale-hargailua

Lurrean, era askotako hargailuak daude; adibidez, satelite bidezko telebista-hargailuak. Horregatik, hargailuak izaten dira sistemaren elementu merkeenak. Ekipo horiek banda-paseko iragazki bat izaten dute sarreran, eta, horrez gain, zarata ahulen anplifikadorea eta irrati-maiztasuneko seinaleak bitarteko maiztasuneko seinale bihurtzeko gailua.

Orbita-motak

Sateliteak Lurraren inguruan biratzen dira, orbita-eredu batzuei jarraituz. Orbita horiek bi eratara klasifika daitezke. Alde batetik, orbita zirkularrak edo eliptikoak izan daitezke. Bestetik, bai orbita zirkularrak, bai eliptikoak polarrak, ekuatorialak edo angeludunak izan daitezke.

grafikoak2

Sateliteen orbita-motak (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Satelite asinkronoak

Satelite asinkronoak orbita eliptikoak edota altura gutxiko orbita zirkularra betetzen dutenak dira. Informazioa jaso eta barne-memorian gordetzen dute, eta, dagokion hargailuaren gainaldean daudenean, igorri egiten dute informazioa.

Orbita eliptikoa osatzen duten sateliteak Lurretik aldentzen eta Lurrera hurbiltzen ari dira etengabe; beraz, Lurreko estaltze-eremua etengabe aldatzen da. Hala ere, satelite horiek Lurretik hurbil daudenean bakarrik jaso eta bidal dezakete informazioa. Hori dela eta, komunikazio-sistema konplexuez osaturik daude (10-15 minutu dituzte transmisiorako).

grafikoak3

Orbita eliptikoa (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Altura gutxiko orbita zirkularra osatzen duten sateliteei, ostera, beheko orbitako satelite deritze (Lurretik 150-300 km-ra dabiltza biraka), eta Lurraren abiadura baino azkarrago mugitzen dira, Lurraren erakartze-indarrari aurre egin ahal izateko. Espioitzarako, meteorologiarako, geologiarako eta beste zenbait zerbitzutarako erabiltzen dira. Eremu bateko informazioa jasotzen dute, eta satelite eliptikoen antzera, dagokion hargailuaren gainaldean daudenean bidaltzen dute informazioa, normalean kriptografiaren laguntzaz.

grafikoak4

Beheko orbitako satelitea (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Satelite geosinkronoak edo geoegonkorrak

Satelite geoegonkorrek orbita zirkularra egiten dute Lurraren inguruan, Lurraren abiadura zirkular berdinean. Hori dela eta, Lurreko estaltze-eremua bera da eguneko 24 orduetan. Satelite-mota hau da ohikoena, eta, besteak beste, atzerapenik gabeko komunikazioak ahalbidetzen ditu (telefono-zirkuituak eratzea, telebista-kateak hedatzea eta abar). Satelite geoegonkorrak Lurretik 6.370 km-ra kokatzen dira.

grafikoak5

Satelite geoegonkorra (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Komunikazio-sateliteen bidezko zerbitzuak

Komunikazio-sateliteen ezaugarri bereziei esker, mota askotako zerbitzuak eskaintzen dira. Hurrengo lerroetan, garrantzitsuenak azaltzen saiatuko gara.

Satelite bidezko bi puntu finkoren arteko komunikazioa

Komunikazio-mota hau bi Lur-estazio satelite baten bitartez komunikatzean datza. Ez da oso erabilia, kostu handia baitu. Ekonomikoki bideragarria izateko, informazio-kantitate handia transmititu beharko litzateke bi estazioen artean. Esate baterako, Europako eta Amerikako Estatu Batuetako telefono-zentral banaren artean telefono-zirkuitua eratzeko erabil liteke. Normalena satelite bidezko zerbitzu finkoa erabiltzea da, irrati-konexiorako lotura anitz dituena.

Satelite bidezko irrati-difusioa

Zerbitzu honen bitartez, sateliteak estaltze-eremu osoan zehar hedatzen du seinalea, eremu horretako hargailu guztiek jaso dezaten. Era horretakoak dira, adibidez, satelite bidezko telebista eta satelite bidezko irrati-zerbitzuak.

Zerbitzu-mota hau eskaintzen duen satelite asko dago. Horregatik, WARC-77 elkarteak satelite horien jarduera eta espazioan izan dezaketen kokapena arautu zuen 1977an.

Irrati-konexiorako lotura anitz erabiltzen dituen satelite bidezko zerbitzu finkoa

Puntu finkoen arteko komunikazioa ahalbidetzen duen sistema bat da. Bi puntu finkoren arteko komunikazioaren antzekoa da, baina, kasu honetan, ez da Lurreko bi puntu jakinen arteko komunikaziorako bakarrik erabiltzen. Maiztasun- eta denbora-tarteak banatu egiten dira, eta, hala, estazio askok erabiltzen dute komunikazio-satelite bera. Sistema honen bidez, Internet zerbitzua eta telefono-zirkuituen arteko komunikazio-loturak ziurta daitezke, besteak beste.

Satelite bidezko zerbitzu mugikorra

Zerbitzu honek munduko edozein puntutan telefono edo Interneterako konexioa egiteko aukera ematen du, ekipo mugikorren bitartez. Nazioarteko Inmarsat elkartearen ekimenez sortu zen, eta, hasiera batean, itsasontzien arteko komunikazioak ziurtatzea zen helburua. Gaur egun, ordea, satelite bidezko telefono bat duen edozein erabiltzaileren esku dago.

grafikoak6

Satelite bidezko zerbitzu mugikorra (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Irekidura txikiko terminalez osatutako sarea (VSAT)

Zerbitzu berri honek Lurreko estazio txiki askoren artean sare pribatuak eratzeko aukera ematen du. Esate baterako, munduko zenbait tokitan sukurtsalak dituzten enpresek erabil dezakete, haien arteko komunikazioak ahalbidetzeko. Irekidura txikiko terminalak erabiltzen direnez, sare pribatu asko eraiki daitezke, eta, ondorioz, zerbitzua merkeago eskuratzeko aukera dago. Espainiako estatuan, VSAT sare esperimental bat erabiltzen da telekomunikazioen bederatzi unibertsitateren arteko komunikazio-sarea eratzeko.

Etorkizuna

Komunikazio-sateliteen garapena hargailuen tamainak txikitzera bideratuta dago. Seinalea hartzeko antena eta ekipo txikiak erabiltzeak erabiltzaileen kopurua handitzea ekarriko luke berekin, eta, ondorioz, satelite bidezko komunikazioa merkeagoa izango litzateke. Helburu hori gogoan, ikertzaileek seinaleak prozesatzeko eta akatsak konpontzeko sistemak aztertzen dihardute.

Bestalde, ez genuke ahaztu behar satelite guztien bizi-zikloa mugatua dela, eta, hondatzen direnean, espazioan geratzen direla, nora ezean eta inork jaso gabe. Gaur den egunean, enpresa edo erakunde bakar batek ere ez du bere gain hartu espazioko zaborraren arazoa konpontzeko ardura.