psikiatria

1. Psikiatr.

Gaixotasun mentalak aztertu eta tratatzen dituen medikuntzaren atala.

1. Psikiatr.
Gaixotasun mentalak aztertu eta tratatzen dituen medikuntzaren atala.

Psikiatria Edit

Egilea: Agurtzane Ortiz

PSIKIATRIA

Grekotik datorren terminoa dugu: psiqué, “arima”, eta iatréia, “sendaketa”.

Asaldu mentalez edo gaixotasun mentalen etiologiaz, balioespenaz, diagnostikoaz, tratamenduaz, errehabilitazioaz eta prebentzioaz ari den medikuntzaren adarra da.

Psikiatria zientzia gisa agertu baino askoz antzinagokoa da eromenaren historia, eta medikuntzaren barruan sartu nahi izan da. Antzinakoa da asaldu psikikoez gizakiak izan duen jakin-mina. Gaixotasun mentala magikotzat, naturaz gaindikotzat hartu izan da; gaur egungo gizakiak interes handia izan du normaltasunaren eta ez-normaltasunaren arteko muga bilatzeko ahaleginean. Hala ere, gaixotasun mental aren kontzeptua XVIII. mendera arte ez zen ezarri, eta garai hartan bihurtu zen, hain zuzen ere, psikiatria medikuntzaren atal.

Psikiatriak zientzia gisa gizaki gaixo psikikoa du helburu, gizaki osoa, bere dimentsio eta alde biologiko, psikologiko eta sozialak hartzen dituela, gaitz psikikoaren genesi heterogeneoa kontuan harturik betiere. Izatez, gaixotasun mentalen identifikazioa, definizioa eta zehaztapena eta tratamenduak aldatu egin dira denborarekin eta garaiarekin, alde batetik, gizartea, eta patroi sozioekonomikoak aldatzen doazelako eta, bestetik, zientziaren garapena eta ezagutzaren aurrerapenak aldatu egiten direlako. Izatez, psikiatria etengabe aldatzen ari den eta berrikusi beharrean dagoen zientzia da.

Harreman zuzena du, beraz, beste zientzia- eta ezaguera-arloekin, patologia mediko orokorrarekin, neurologiarekin, psikologiarekin eta soziologiarekin, besteak beste.

Psikiatriak, bai klinika edo praktika psikiatrikoan, bai ikerketa-mailan, hainbat azpiespezialitate edo hurbilketa teoriko ditu. Horien artean, psikiatria biologikoa, psikiatria dinamikoa edo analitikoa, haurren eta adoleszenteen psikiatria, psikiatria geriatrikoa, komunitatearen psikiatria, psikiatria soziala, auzitegi-psikiatria edo legala, lotura-psikiatria eta droga-mendekotasunak ditugu, besteak beste.

Tratamendu psikiatrikoak bi motatakoak izan daitezke: organikoak, pazientearen gorputzean eragin zuzena dutenak, sendagaiak edo psikofarmakoak eta elektroshocka; eta ez-organikoak, teknika psikoterapeutikoak erabiltzen dituztenak, besteak beste, psikoanalisia, Gestalt terapia, kognitibismoa, humanismoa, terapia sistemikoa, erlaxazio-teknikak, tratamendu sozioterapeutikoak eta abar.