protisto

1. Biol.

Beste hiru erreinu eukariotikoetan (Fungi, Plantae eta Animalia) ezin sailka ezin daitezkeen Protista edo Protoctista erreinuko organismo eukariotikoa (Ernst Haeckelek 1866an egindako izaki bizidunen sailkapena).

1. Biol.
Beste hiru erreinu eukariotikoetan (Fungi, Plantae eta Animalia) ezin sailka ezin daitezkeen Protista edo Protoctista erreinuko organismo eukariotikoa (Ernst Haeckelek 1866an egindako izaki bizidunen sailkapena).

Protistoa Edit

Egilea: Iñigo Azua

PROTISTOA

Protistoen taldea taldeko kideak ez direnen bidez definituta dagoenez, oso zaila da taldeko organismo guztiei dagozkien ezaugarri komunak aurkitzea. Hala ere, ondorengo atalean aipatzen diren ezaugarriak izan daitezke guztiek dituzten ezaugarri garrantzitsuenak.

Ezaugarri orokorrak

  • Antolaketa zelularra: handienek hamarreko batzuk metro neur ditzaketen arren, gehienak mikroorganismoak dira. Eukariotoak dira, hots, mintzez inguraturiko benetako nukleoa eta mitokondrioak (arnasketa) dauzkate. Batzuek kloroplastoak (fotosintesia) ere badauzkate. Egitura zelulabakarra (arruntena), zelulaniztuna edo koloniala izan dezakete baina azken kasu honetan ehunak sortu barik nahiz eta batzuetan konplexutasuna ia-ia ehun-mailaraino heldu. Askok zistoak sor ditzakete aurkako baldintzetan.

  • Elikadura: protistoen taldeak elikadura-eragatik desberdintzen dira. Batzuk (algak) landareak bezalakoak dira, fotosintesia egiteko gai direlako; beste batzuk (protozooak) elikagaiak irensten dituzte, animaliek egiten duten moduan, eta beste batzuek (onddo lingirdatsuak) elikagaiak xurgatzen dituzte, onddoek egiten duten moduan. Beraz, autotrofoak edo heterotrofoak izan daitezke.

  • Ugalketa: sexuala (mitosia) edo ez-sexuala (meiosia) izan daiteke.

  • Mugimendua: izaki zelulabakarrak askotan herrestaka, edo zilioak edo flageloak izeneko luzakinen bidez mugitzen dira.

  • Ekologia: normalean aerobioak dira; salbuespenak ere badaude, ordea. Guztiek bizileku “urtarra” (itsasoko ura, ur geza, elurra, ingurune lurtar hezea edo beste organismoen barne-ingurunea) behar dute. Protistoak planktonen (uretan esekita bizi direnak), bentosen (ur-ekosistemetako hondoan bizi direnak) edo edafonen (lurrean bizi direnak) partaide garrantzitsuenetarikoak dira.

Sailkapena

Nahiz eta beste erreinu eukariotikoekiko berezitasun morfologikoetan eta ekologikoetan oinarritutako ohiko sailkapena (algak, protozooak eta onddo lingirdatsuak) oraindik oso erabilia izan, gero eta gehiago honako sailkapen filogenetiko hau erabiltzen da haren ordez.

  • Domeinua: Eukarya.

  • Erreinua: Protista.

  • Filuma: ondoren zehazten direnak:

Chromalveolata

Dirudienez, endosinbiosi sekundarioaren bidez alga gorri batetik datozen kloroplastoak dauzkate. Batzuek kloroplastoak galdu egin dituzte, eta beste batzuek antolaketa zelulaniztuna aurkezten dute:

  • Chromista (kromistoak).

    • Heterokontophyta (heterokontoak: alga arreak, diatomeoak eta oomizetoak).

    • Haptophyta (haptofitoak).

    • Cryptophyta (kriptomonadidoak).

  • Alveolata (albeolatuak).

    • Dinoflagellate (dinoflagelatuak).

    • Apicomplexa (apikonplexuak).

    • Ciliophora (ziliatuak).

Cabozoa

  • Excavata (eskabatuak): antzinako sailkapenean flagelatuak zirenak. Elikadurarako ildo bentrala dute. Batzuk heterotrofoak dira eta beste batzuek endosinbiosi sekundarioren bidez alga berde batetik datozen kloroplastoak dauzkate:

    • Euglenozoa (euglenozooak).

    • Percolozoa (perkolozooak).

    • Metamonada (metamonadak).

  • Rhizaria (errizarioak): antzinako sailkapenean errizopodoen taldean sailkaturik zeuden ameboide batzuk sailkatzen dira.

    • Radiolaria (erradiolarioak).

    • Foraminifera (foraminiferoak).

    • Cercozoa (zerkozooak: testadun ameba batzuk, onddo lingirdatsu batzuk eta kloroplastoak dituzten flagelatu batzuk).

Archeoplastida edo Primoplantae

Alga berdeen eta landareen jatorria da. Dirudienez endosinbiosi primarioaren bidez zianobakterio batetik datozen kloroplastoak dauzkate. Batzuek kloroplastoak galdu egin dituzte eta beste batzuek antolaketa zelulaniztuna aurkezten dute:

  • Rhodophyta (alga gorriak): gehienak zelulaniztunak dira.

  • Glaucophyta (glaukofitoak).

Amoebozoa (amebozooak)

Filum honetan protisto ameboide asko eta onddo lingirdatsu gehienak sailkatzen dira. Sasipodoak dauzkate. Batzuk nukleoaniztunak dira eta beste batzuek zelulaniztunaren eredutzat har daitekeen antolaketa zelulaniztuna daukate.

Choanozoa edo Opisthokonta

Animalia eta Fungi erreinuen jatorria da. Flagelo opistokontoa (mugimenduaren atzealdean kokaturikoa) daukate.

Beste zenbait (sailkapen ezegonkorra)

Ohiko sailkapena kontuan hartuz protistoak hiru filumetan sailkatzen dira:

  • Algae filuma:

    • Chlorophyta dibisioa (klorofitoak): alga berdeak.

    • Chrysophyta dibisioa (krisofitoak): urre-koloreko alga arreak eta diatomeoak.

    • Pyrrophyra dibisioa (pirrofitoak): dinoflagelatuak eta kriptomonadak.

    • Phaeophyta dibisioa (feozitoak edo feofizeoak): alga arreak.

    • Rodophyta dibisioa (errodofitoak): alga gorriak.

  • Protozoa filuma:

    • Sarcomastigophora dibisioa (mastigoforoak): flagelatuak, errizopodoak eta amebak.

    • Ciliophora dibisioa (ziliatuak).

    • Apicomplexa dibisioa.

  • Slime molds filuma:

    • Myxomycota dibisioa (mixomizetoak).