poluzio

1. Ekol.
sin. kutsadura

Ekosistema baten ezaugarriak aldatzen eta haren egitura edota funtzioa andeatzen dituen materia-kontzentrazioaren edo energiaren emendioa, giza jardueren zuzeneko edo zeharkako ondorioa dena.

1. Ekol.

Ekosistema baten ezaugarriak aldatzen eta haren egitura edota funtzioa andeatzen dituen materia-kontzentrazioaren edo energiaren emendioa, giza jardueren zuzeneko edo zeharkako ondorioa dena.

Poluzioa Edit

Egilea: Arturo Elosegi

POLUZIOA

Poluitzaileak gizakiak sorturikoak zein naturalak izan daitezke; betiere, naturan dituzten mugak gainditzean, poluitzailetzat jotzen dira. Gai natural zein artifizial askok ez dute kalterik sortzen kontzentrazio txikitan. Haien kantitateak atari deritzon maila gaindituta, ordea, baliabideak degradatu eta kalte egiten diote inguruneari. Poluitzaileek kalte egiten diote bizidunen hazkundeari, ugalketari edo metabolismoari, eta oso kontzentrazio handian hilgarriak izan daitezke. Poluitzaileen zerrenda ez dago inondik itxita. Alde batetik, etengabe substantzia berriak sintetizatzen eta ingurunera askatzen ditugulako; horietako asko, poluitzaile izan litezkeenak. Bestetik, gizartea aldatu ahala zer den onargarri eta zer ez den ere aldatu egiten delako. Beraz, gai batek sortzen dituen kalteen gainean dugun pertzepzioak badu eragina gai hori poluitzaileen artean sartzeko edo ez sartzeko.

Hain zuzen, historian zehar nabarmen aldatu da poluzioa, baina baita ere poluitzaileen gainean izan dugun ikuspuntua ere. Adibidez, Erdi Aroko hiribilduak handitzen joan ahala, gero eta ugariagoak bilakatu ziren ur zikinei lotutako gaixotasun infekziosoak, baina, haien arrazoia ezezaguna zenez, nekez hartzen zen kontuan uraren poluzioa, zikinkeria oso nabarmena ez bazen. Industria Iraultzarekin, jendeak ingurumenaren gainean zuen eragina asko areagotu zen, baita poluzioaren gaineko kezka ere, batez ere usain txarren eta kearen gainekoa, arnasteko arazo ugari baitzen hainbat lekutan. Denborarekin, substantzia zehatzagoak hartu ziren kontuan, hala nola metal astunak, pestizidak edo azidoak. XX. mendearen erdialdean kezka nagusia jendearen gaineko toxikotasuna zen, baina pixkanaka kontuan hartu ziren beste espezieen gaineko toxikotasuna eta bazka-sareetan barrena metatzeko joera ere.

Poluitzaileek mota askotako kalteak sor ditzakete. Alde batetik, toxikotasun akutua dugu, alegia, jendea zein beste izakiak hiltzeko gaitasuna. Horrez gain, toxikotasun kronikoa dugu, zuzenean hil gabe ere poluitzaile batzuek epe luzera osasunean sortzen dituzten kalteak; adibidez, zarata jarraituak sortzen dituen gorreria eta estresa. Gainera, gai asko mutagenikoak dira, alegia, DNAn kalteak sortzen dituzte, eta minbiziaren zein gaixotasun genetikoen iturri izan daitezke. Berrikiago ikusi denez, gorputzak hormonatzat hartzen ditu ingurunean aurkitzen dituen hainbat substantzia; ondorioz, gai horiek disrupzio hormonala eragiten dute, alegia, hormonen balantzea desorekatu, eta horrek kalte handiak sortzen ditu, batez ere enbrioien garapenean. Kalteak, beraz, mota askotakoak izan daitezke, batzuk detektatzen errazak, beste batzuk oso zailak.

Bada, dena den, faktore bat hau guztia asko zailtzen duena: ingurunera botatzen ditugun substantziak eraldatu egiten dira, eta maiz beste substantzia ugarirekin elkarrekintzak izaten dituzte. Batzuek beren eragin kaltegarria areagotu egiten dute (eragin sinergikoa); beste batzuek, apaldu (eragin antagonikoa). Beraz, oso zaila izaten da nahasketa konplexuen eragina igartzea, gai bakoitzarena zein den jakinda ere. Gainera, substantzia batzuk bazka-sareetan zehar metatu egiten dira (biometatzea), bizidunak ez direlako haiek ezabatzeko edo kanporatzeko gai. Adibidez, DDT pestizida uretan baino 100 aldiz kontzentratuago agertu ohi da algetan, milioika aldiz kontzentratuago goi-mailako predatzaileetan. Inuit emakumeen esnean neurtu izan da, esate baterako, inoiz gizakian aurkitutako pestiziden kontzentraziorik handiena. Hori dela eta, askotan poluitzaileen kontzentrazioak aztertzeaz gain, edo horiek aztertu beharrean, bioadierazleen egoera aztertzen da, alegia, poluzioarekiko sentikorrak diren espezieen ugaritasuna zein osasun-egoera. Adibidez, bibalbioek (muskuilu eta gisakoak), ura iragaziz elikatzen direnez, poluitzaileak metatzeko joera izaten dute, eta, beraz, poluzioaren adierazle onak izan daitezke.

Kutsatzaile guztiak, denborarekin, desagertu egiten dira, baina haien iraunkortasuna oso desberdina izan daiteke: egun gutxi batzuk, kutsatzaile organiko batzuen kasuan, baina milaka urte zenbait substantzia erradiaktiboren kasuan.

Populazioa handituz doan heinean, kutsatzaileen zerrenda, kantitateak eta kalteak ere gorantz doaz. Gaur egun, naturan existitzen ez ziren milaka substantzia berri sintetizatzen ditugu, eta horietako askok poluzio-arazoak sor ditzakete. Gai horiek eragindako kalteak eta dituzten konponbideak askotarikoak dira.

Poluzioaren aurka bi aldetatik borroka daiteke: jarduera garbiagoak bultzatuz eta poluzioa konpontzeko teknikak hobetuz eta hedatuz. Dena den, eta kontrakoa maiz entzuten den arren, ez dago produkzio-prozesu garbirik, giza jarduera guztietan sortzen baitira hondakinak. Beraz, poluzioaren aurkako borroka gehiegizko produkzioaren kontrolarekin uztartu behar da.

Poluzioak ingurune osoa ukitzen du gaur egun: atmosfera, lur azpiko urak, ibai eta aintzirak, lurzoruak, itsasoa, hiriak eta mendiak. Isuriei dagokienez, poluzio puntuala eta poluzio lausoa bereizten dira: lehena bide jakin batzuetatik isurtzen da ingurunera (adibidez, hiriko estoldetatik); bigarrena, berriz, askoz eremu zabalagoan isurtzen da (pestizidak nekazaritzan, ibilgailuen kea...). Teorian bederen, modu puntualean isuritako kutsatzaileak bildu eta ezabatu egin daitezke, edo, gutxienez, leku seguruetan metatu. Poluzioa lausoa denean, berriz, hori ia ezinezkoa da, eta poluzioa sortzen duten prozesuak hobetzea izan ohi da irtenbiderik onena.

Airearen poluzioa

Industriak, hiri handiek eta ibilgailuek asko zikintzen dute atmosfera. Kutsatzaile nagusien artean ditugu oxido nitrosoa, substantzia organikoak, sufre dioxidoa eta karbono monoxidoa. Horiez gain, beste makina bat substantzia daude, CFCak adibidez, kontzentrazio oso txikian agertu arren kalte gogorrak sor ditzaketenak. Azken urteotan, kezka piztu du ozonoak poluitzaile gisa izan dezakeen eraginak. Estratosferako ozonoa oso garrantzitsua da bizidunentzat, izpi ultramoreetatik babesten baikaitu. Atmosferaren behe-geruzetan (troposferan), berriz, ozonoak kalte handiak sortzen ditu, oso erreaktiboa baita. Ozono troposferikoa ibilgailuen motorrek sortzen dute gehienbat, eta hainbat lekutan baso osoak ihartzeraino ugaritu da.

Haizeek oso azkar barreiatzen dute poluzio atmosferikoa, eta haren ondorioak oso urruti nabari daitezke. Halaxe gertatzen da, esate baterako, euri azidoarekin: askotan, kalterik handienak poluzio gutxi sortzen duten lekuetan gertatzen dira. Haizeek poluzioa barreiatzen ez duten kasuetan, berriz, arazo ugari sor daiteke. Hiri handietan, adibidez, urtero milaka lagun hiltzen dira biriketako gaitzek jota. Hirugarren Munduko hiri handienetan da hori nabarmenena, oso arreta gutxi eskaintzen baitzaio poluzioaren prebentzioari.

Atmosferako kutsatzaileen artean daude berotegi-efektua sortzen duten substantziak, karbono dioxidoa eta metanoa kasu, planeta osoko klima aldatzen ari direnak.

Uraren poluzioa

Munduko erreka, ibai, aintzira eta itsasoen egoera asko kaskartu da azken hamarkadetan. Horrez gain, duela gutxi arte arazorik gabe mantendu ziren lur azpiko urak kutsatuta ageri dira zenbait lekutan. Ekosistema urtarretako kutsatzaile nagusiak sedimentuak, ongarriak, materia organikoa, bakterioak, xaboiak, olioak eta azido eta base gogorrak dira, baina, urak ia edozer disolbatzen duenez, beste inon baino kutsatzaile-mota gehiago aurkitzen dira uretan (pestizidak, metal astunak, antibiotikoak, farmakoak...). Hain zuzen, Europako erreketan gero eta hormona, farmako eta droga gehiago detektatzen dira, eragin biologiko nabarmena sor dezaketen kontzentrazioetan. Esate baterako, emakumeek hartzen dituzten antisorgailuek estrogeno hormona ugari izaten dute, gernuarekin ur zikinetara doana; araztegiek ez dute eragin handirik hormona horien gainean, eta, beraz, ibaietara iristen dira, eta maiz edateko uretan ere ageri dira.

Oraindik ere, Nazio Batuen Ingurumen Programak dioenez, garapen bidean diren herrialdeetan heriotzen % 80 urari loturiko gaitzek eragiten dute. Proportzioa handitu egin ohi da hondamendi naturalen bat gertatu ondoren, gaixotasun infekziosoak asko ugaritzen baitira kasu horietan.

Industria-mota askok (batez ere zentral termikoek eta zentral nuklearrek) ura erabiltzen dute makinak hozteko. Horrek poluzio termikoa sortzen du: ur beroa ibai edo aintziretara itzultzen denean, bertako komunitateak eraldatu eta oxigeno gehien behar duten espezieak desagertu egiten dira. Izan ere, tenperatura igo ahala, murriztu egiten da gasen (oxigenoa) disolbagarritasuna, eta gatzena, berriz, handitu. Gainera, metabolismo-erreakzioen abiadura handitu egiten da, eta, ondorioz, baita materiaren usteltzea ere. Adibidez, edateko uraren tenperaturarik onena 10 eta 14 °C artean dago. Klimaren aldaketa globalak poluzio termikoa areagotzea dakar.

Lurzoruaren poluzioa

Industriak eta hiriek gero eta hondakin solido gehiago ekoizten dituzte. Hondakin horiek nahikoa erraz meta daitezke, baina lurzorua kutsatzen dute, eta hain kantitate handian sortzen direnez, arazoa gero eta handiagoa da. Esate baterako, meategietako hondakinetan metal-kontzentrazioak handiak izan ohi dira. eta, ondorioz, lur azpiko urak kutsatzen dituzte eta landareen kolonizazioa eragozten dute. Nekazaritza desegokiak eta oihanen galtzeak munduko leku askotan lurzoruaren galera eta, ondorioz, higadura bultzatu du. Higadurak kalte handiak eragiten ditu lurzoruetan, baina baita ekosistema urtarretan ere, sedimentu asko metatzen direnean hainbat espezieren habitata suntsitu egiten baita. Lurzoruetan garrantzia dute pestizidek eta ongarriek ere.

Bestelakoak

Esan bezala, era askotako gaiek sor dezakete poluzioa kantitate handiegian agertzen badira. Adibidez, oso kezkagarria da gaur egun hirietako kutsadura akustikoa: ibilgailuen, hegazkinen eta beste hainbat makinaren hotsek gero eta zaratatsuago egiten dituzte gure hiriak, eta horrek arazo psikologiko eta fisikoak sortzen ditu (estresa, gorreria...). Argi-kutsadura ere aipatu izan da zenbaitetan, hiri-inguruetako argiak hainbat espezieri kalteak sortzen baitizkie (ipurtargiak...). Kutsadura biologikoa espezie autoktono zein arrotzak gehiegi ugaltzeak sortzen du. Horren ondorioak dira tokiko espezie interesgarri batzuk murriztea edota uraren kalitatea okertzea. Poluzio-mota horren aurkako neurri zuzentzaileak oso espezifikoak dira, eta oso zailak.