plankton
- 1. Ekol.
Uretan esekiduran eta jitoan bizi diren organismo txikien multzoa.
1. Ekol.
- 1. Ekol.
- Uretan esekiduran eta jitoan bizi diren organismo txikien multzoa.
Planktona Edit
Egilea: Fernando Villate
Izaki planktonikoak, mugitzeko ezintasun edo ahalmen murritzaren ondorioz, ez dira gai ur-mugimenduen garraioa ekiditeko, baina badaude kokapen bertikala aktiboki mantentzeko eta aldatzeko gai direnak.
Elikatzeko eraren arabera, plankton autotrofoa eta heterotrofoa bereizten dira. Autotrofoen artean alga mikroskopikoak (fitoplanktona), bakterio fotosintetikoak, eta bakterio kimiosintetikoak daude, eta heterotrofoen artean, bazka partikulatua irentsiz elikatzen diren protistoak (protozooplanktona) eta animaliak (metazooplanktona), eta onddo (mikoplanktona) zein bakterio deskonposatzaileak.
Planktona tamainaren arabera ere sailkatzen da: 0,002 eta 0,2 µm artean, femtoplanktona dugu; 0,2 eta 2 µm artean, pikoplanktona; 2 eta 20 µm artean, nanoplanktona; 20 eta 200 µm artean, mikroplanktona; 0,2 eta 20 mm artean, mesoplanktona; 2 eta 20 cm artean, makroplanktona eta 20 cm baino handiagoa bada, megaplanktona. Femtoplanktonean gutxi ikertu diren uretako birusak daude (birioplanktona). Pikoplanktonean bakterioak nagusitzen dira (bakterioplanktona). Nanoplanktonean eta mikroplanktonean alga eta protozoo gehienak daude, baita onddoak ere. Mesoplanktonean krustazeo kopepodoak eta kladozeroak dira nagusi, eta makroplanktonean krustazeo eufausiazeoak (krill izenaz ezagutuak). Megaplanktonean marmoka eta tunikatu handiak daude.
Bizitza osoan planktonikoak diren izakiek holoplanktona osatzen dute, eta planktonean bizi-fase bat besterik igarotzen ez dutenek meroplanktona. Meroplanktonikoak dira zenbait animalia bentikoren larbak (molusku, poliketo, krustazeo eta ekinodermatu bentikoen larbak, kasu) edo estadio ugalkorrak (hidromedusak). Populazio bentiko askoren dispertsio-era garrantzitsuena, hain zuzen, fase planktonikoa da. Arrain-arrautza eta -larbak (iktioplanktona) ere meroplanktonaren kide dira, handitzean igerian mugitzeko gai diren arte. Espezie holoplanktoniko askok ere, sedimentuetan luzaro iraun dezaketen erresistentzia-kiste edo -arrautzak ekoizten dituzte, uretan baldintzak desfaboragarriak direnerako. Estrategia hori kostalde, estuario eta ur gezetako dinoflagelatu, errotifero, kladozero eta kopepodo askok garatu dute, ekosistema horietan eman ohi diren ingurune-fluktuazio bortitzei aurre egiteko.
Planktonaren ekoizpena eta banaketa espaziala eta tenporala, argi eta mantenugaien eskuragarritasunak baldintzatzen ditu gehienbat. Izan ere, fitoplanktonak fotosintesirako argia dagoen azaleko geruzan (zona eufotikoan) iraun dezake soilik. Zooplanktonak banaketa bertikal zabalagoa dauka, eta badaude espezieak gune sakonenetan ere. Argirik gabeko ur sakonetan, sedimentatzen doazen partikula detritikoak eta bakterio deskonposatzaileak (eta baita bakterio kimiosintetikoak ere) dira zooplanktonaren elikatze-katearen oinarria. Hala ere, zenbait talde zooplanktonikok migrazio bertikalak egiten dituzte, gauez azalera igoz fitoplanktona jatera eta egunez ur sakon ilunetara jaitsiz. Joera horren abantailen artean, argitan aritzen diren harraparien erasoak ekiditea eta sakoneko ur hotzetan etekin energetiko altuagoa lortzea dira azpimarragarrienak.
Geografikoki, planktonaren biomasa eta ekoizpenaren diferentziak mantenugai-eskuragarritasunari lotuta daude. Izan ere, balio altuenak aintzira eutrofikoetan, ibai eta estuarioetan, eta itsasoko kostalde eta azaleramendu-zonetan aurkitzen dira.
Izaki planktonikoen biziraupena laburra da, eta haien populazioen ugalketa- eta heriotza-tasak altuak dira, baina oso aldakorrak ingurune-aldaketen eraginpean. Hori dela eta, plankton-komunitatearen osaketa eta ugaritasuna oso azkar aldatzen dira: egun, aste eta hilabeteko eskaletan bakterio, alga/protozoo eta metazooentzat, hurrenez hurren. Urtean zehar, planktonaren aldaketa nabarmenak izaten dira latitude altu eta ertainetan. Zonalde polarrean planktonaren loraldi intenso eta bakarra udan ematen da, argia eskuragarri duen urtaroa delako. Latitude epeletan garapen maximoa udaberrian ematen da, eta, batzuetan, hazkunde sekundario bat udazkenean. Udako gainbehera mantenugaien murriztapenari lotua dago: fitoplanktonak azaleko mantenugaiak agortzen ditu eta uraren geruzapen termikoak ur sakonetatik mantenugaiak igotzea eragozten du. Tropikoetan, berriz, planktonaren urteko aldaketak txikiak dira, eta hazkundea mugatua dago. Bertan eguzkitua altua eta konstantea da, baina mantenugaiak urriak dira, ura beti geruzatuta dagoelako.
Ozeanoan, eta zenbait aintzira, ibai eta estuariotan, planktona da piramide ekologikoaren oinarria. Ekosistema horietan janari moduan sartzen den energia gehiena fitoplanktonaren ekoizpenari dagokio, eta zooplanktona ezinbesteko bitartekaria da energia goi-mailako kontsumitzaileetara transferitzeko (arrainak). Hain zuzen ere, arrain-larba eta heldu asko ere, planktonaz elikatzen dira, baita hondoko animalia iragazleak ere. Aipagarria da zenbait espezie fitoplanktonikok substantzia toxikoak ekoizten dituztela, eta kaltegarriak bihurtu daitezkeela neurriz kanpo ugaritzen direnean. Toxinak kontsumitzaileen katean zehar transmititzen dira eta gizakiak berak pairatu ditzake intoxikazio larriak arrain edo itsaski kutsatuak jaterakoan.
Planktonak aplikazio ugari ditu giza jarduera ekonomiko eta zientifikoan. Planktonaren hazkuntza eta erabilera, janaritarako, garrantzitsua da, akuikulturan. Bioadierazle ona ere bada, eta horregatik uraren ezaugarri fisiko-kimikoak, kalitatea eta mugimenduak ikertzeko balio du, eta baita klima-aldaketaren eragina ur-ekosistemetan ikertzeko ere, besteak beste.
Plankton-komunitatea, elikatzeko eraren arabera sailkatua. Talde bakoitza zeren elikagai den eta taldeen banaketa espaziala adierazten dira. Irudiaren behealdeko eskalan, tamainaren araberako banaketa erakusten da (iturria: Fernando Villate)
