parkinson

1. Med.
sin. Parkinsonen gaixotasun

Nerbio-sistemaren gaixotasuna, dardara eta muskuluen zurruntasuna ezaugarri dituena. Garunean dopamina-eskasia dagoenean agertzen da.

1. Med.
Nerbio-sistemaren gaixotasuna, dardara eta muskuluen zurruntasuna ezaugarri dituena. Garunean dopamina-eskasia dagoenean agertzen da.

Parkinsonen gaixotasuna Edit

Egilea: Agurtzane Ortiz

PARKINSONEN GAIXOTASUNA

Nerbio-sistemaren gaitz progresibo eta endekapenezkoa da, sistema motorreko gaixotasunen taldekoa. James Parkinsonek deskribatu zuen lehenengoz 1817an, eta, orduan, gaixotasunak bereizgarri dituen muskuluen zurruntasuna eta dardara direla eta, paralisi astingarri izena eman zion koadroari.

Gaitzaren jatorria argia ez den arren, dopamina (mugimenduaren kontrolean eta koordinazioan parte hartzen duen substantzia neurotransmisorea) produzitzen duten garun-enborreko neuronen galera nabarmena da, batez ere mugimenduaren kontrolean parte hartzen duten substantzia beltzeko eta locus cæruleuseko neuronena. Beraz, garunean dopamina urritua dago. Hala ere, hainbat hipotesi edo arrazoi deskribatu izan dira (genetikoak, toxikoak eta buruko traumak, besteak beste) gaixotasunaren jatorria deskribatzeko.

Garuneko dopaminaren eskasiak muskulu-mugimenduen koordinazioan eragina du, eta gaitzaren sintomak agerrarazten ditu:

  • Dardara, bereziki distala, batez ere atseden-egoeran gertatzen dena, eta borondatezko mugimenduekin gutxitu egiten dena. Eskuetan gaixotasunaren bereizgarri den “txanponak kontatzeko” mugimenduaren antzekoa eragiten du.

  • Bradizinesia edo mugimenduen geldotasuna eta azinesia, hau da, berezko mugimenduen gutxitzea ere ager daiteke.

  • Zurruntasun muskularra (muskuluen goranzko tonuak edo hipertoniak eragindakoa).

  • Eta orekaren eta koordinazioaren asalduak.

Progresiboki ager daitezkeen bestelako sintoma batzuk ere badira. Parkinsonen ibilera berezia da horietako bat; urrats laburrak ditu, eta besoen mugimendurik gabea da. Pausoak geldo hasten dira, gero azkar jarraitzen dute, gaixoa grabitate-zentroaren atzetik korrika joango balitz bezala, eta berriro ere mugimendua modu geldoan bukatzen da. Aurpegiak ez du espresiorik, zurruna da, maskara-itxura hartzen du. Hizkera ere berezia da; disartria edo fonazioaren alterazioek eragiten duten hizkera zakarra, geldoa eta monotonoa nabaria da Parkinsonen gaixotasuna dutenengan. Irensteko eta mamurtzeko arazoak ere ager daitezke. Gaixoek idorreria ere izaten dute, eta baita gehiegizko listu-sortzea ere. Beste mota bateko sintomak dira loaren nahasteak, depresioa eta beste zenbait aldaketa emozional.

Tratamendua aringarria izaten da, eta sintomen kontrolean oinarritzen da; hau da, tratamendua dopamina neurotransmisorearen eskasia ordezkatzean datza. Kasu batzuetan, Parkinsonen gaixotasuna oso larria denean, edo tratamendu farmakologikoa nahikoa izaten ez denean, kirurgia eta burmuinaren sakoneko estimulazioa ere egiten da. Ezinbesteko diren bestelako tratamenduak dira gaixoaren eta bere zaintzaileen eta euskarri-taldeen heziketa, gaixoaren ongizate orokorraren mantentzea, fisioterapia eta errehabilitazioa, kirola eta elikadura.