ornodun
- 1. Zool.
Kordatuen filumeko zenbait animaliaz esaten da. Barne-eskeletoa eta ornoz osatutako hezurrezko ardatz batek (bizkarrezurrak) estaltzen eta babesten duen nerbio-ardatza dute. Arrainak, narrastiak, anfibioak, hegaztiak eta ugaztunak biltzen dituen Vertebrata subfiluma osatzen dute.
- en vertebrate
- es vertebrado
- fr vertébré
- 1. Zool.
- Kordatuen filumeko zenbait animaliaz esaten da. Barne-eskeletoa eta ornoz osatutako hezurrezko ardatz batek (bizkarrezurrak) estaltzen eta babesten duen nerbio-ardatza dute. Arrainak, narrastiak, anfibioak, hegaztiak eta ugaztunak biltzen dituen Vertebrata subfiluma osatzen dute.
Ornodunak Edit
Egilea: Kepa Altonaga
Kordatuen filumeko zenbait animalia dira, endoskeleto segmentatua eta nerbio-kordoi dortsala edukitzeaz bereizita daudenak, hau da, bizkarrezurra dute. Halaber, garuna babesten duen kranioa dute. Ornodunak batzeko Vertebrata subfiluma eratu da, arrain, anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunak hartzen dituena.
Denetara 46.670 espezie dira. Oso arrakastatsu suertatu dira bizimodu erabat desberdinetan: itsasoko eta ur gezetako txoko gehienetara moldatuta egoteaz gainera, lur lehorreko erresuma osoa bete dute, aire-esparrua barne. Kanbriar aldiko hasieratik eta kordatuen agerpenetik, ornodunen oinarrizko gorputz-antolakuntzak hainbat aldaketa jasan ditu, ondoz ondoko eszenarioetako baldintzetara bete-betean doituz. Horrela izanik, segitu duten ibilbide ebolutiboak azaltzen du taldearen erradiazio morfologiko galanta, betiere oinarrizko diseinu berean gauzaturikoa.
Garstangen arabera (1928), zefalokordatu eta ornodunak tunikatuen larbatik eratorri ziren, neotenia bidez: estadio heldu sesila galduta, larba igerilariak ildo ebolutibo propioa urratu zuen, aldean ornodunen antolakuntza-plana zeramalarik. Lehen ornodun fosilak, hots, ostrakodermo ordoviziarrak, kreatura txiki eta barailabakoak ziren, itsas hondoko biztanleak; arrain antzestral horiek Agnatha klasean sailkatu dira. Agnatu gehienak suntsituta daude, eta egungo ordezkari bakarrak lanproiak dira, 50 espezie denetara. Baraila eta hegats bikoitien eza dela-eta, agnatuek bizimodu geldoa dute, iragazle, hematofago edo sarraskijalea. Irizpide dikotomikoa erabiliz, baraila bai edukitzearren bereizitako gainerako ornodun guztiak Gnathostomata taxonean bildu dira, normalean gnatostomatuez mintzo delarik.
Barailaren abantailak begi-bistakoak dira, besteak beste harrapakaritzarako bidea errazten baitu; bestalde, gorputz-forma hidrodinamikoaren lorpen ebolutiboak higikortasuna emendatu zuen, hegats bikoitiak ezinbestekoak zirelarik egonkortasuna bermatzeko. Egungo arrain barailadunak klase bitan sailkatu dira, Chondrichthyes eta Osteichthyes. Kondriktieen taldekoak marrazo eta arraiak dira, denetara 700 bat espezie bizi; Devoniko goiztiarreko taldea da, eta soilik kartilagoz osoturiko eskeletoa da duen ezaugarririk nabarmenena. Ostera, arrain osteiktieen eskeletoa hezurrezkoa da gehienbat; denetara, 20.000 espezie dira, subklase bitan banatuak: hegats erradiodunak dituzten aktinopterigioak (arrain gehienak dira talde horretakoak) eta hegats lobulatu haragitsuak dituzten sarkopterigioak (zelakantoa eta birikarrainak).
Orain arte aipatu ornodunak normalean arrain berbaz izendatzen badira ere, argi geratu da euren artean desberdintasun morfologiko sakonak daudena. Horrela izanik, klasikoki kontsideraturiko Pisces klasea obsoletotzat jotzen da egun, eta arestian azaldutako hiru klaseetan sailkatu dira.
Lur lehorreranzko trantsizioa ere urrats erabakigarria izan zen ornodunen eboluzioan, mundu berri oso bat erdietsi baitzuten. Alabaina, ingurune lurtarrerako moldapen arrakastatsuak beste hainbat aldaketa estruktural eta funtzional derrigortu zituen ornodunen gorputz-antolakuntzan, erabat desberdin dira-eta uretako eta lurreko baldintza fisikoak. Airean grabitatearen indarra askoz nabarmenagoa delarik, lur lehorreranzko bidea urratu zuten lehen ornodunek, besteak beste substratu gainetik ibiltzeko gorputz-adar lekualdatzaileak lortu behar zituzten, eskeleto gotorragoaz gainera. Garatu beharreko moldapenaren magnitudea hain sakona izanik, ornodun lurtarren eboluzioa, hots, tetrapodoena, ingurune berri horrekiko doipen-prozesu etengabea izan da. Zelakantoaren antzerako arrain krosopterigio fosilek eman zituzten kolonizaziorako lehen urratsak; seguruenez arrain horien hegats lobulatu bikoiti indartsuak egokiak ziren zingiretatik narrasteko sikateetan, eta beraz premoldaturik zeuden lurreko bizimodurako.
Anfibioak (Amphibia klasea) izan ziren lerro ebolutibo horren ondorengoak, lurreko ingurune urtsuetara mugatuta daudelarik; egun ia 3.000 espezie dira igel, apo, arrabio eta uhandreen artean. Anfibioek makina bat moldapen lortu dituzte bizimodu lurtarrerako, baina aldi berean arrainen ezaugarri batzuk gorde zituzten, esaterako ugalketarako uretara itzuli beharra.
Narrastiek (Reptilia klasea) aurrerago egin zuten krosopterigioek hasitako lurreranzko prozesuan: narrastiak anfibioenak baino habitat askozaz sikuagoetan bizi daitezke, are eta basamortuetan ere. Aurrerakada horren azalpena narrastiek asmatutako arrautza da, zeinak, amnios deritzon mintzari esker, ur-potxingo batean balego bezala gerizatzen baitu enbrioia. Hau da, narrastiek urarekiko estekamendua laxatu zuten hein handi batean, baina, hala ere, gorputz-tenperatura ingurunekoa baino gorago ezin dutenez eduki (kontu hau oso eztabaidatuta dago dinosauroei dagokienez), mugatuta daukate zabalkundea. Nolanahi, ondo moldatuta daude lehorrean, sekundarioki zenbait espezie uretara itzuli direlarik; areago, hainbat narrasti fosilek airea konkistatu zuten (pterosaurioek). Denetara 6.000 espezie bizi deskribatu dira (musker, sugandila, suge, dortoka, krokodilo, etab).
Hegaztiena da ornodun lurtarren talderik zabalena (Aves klasea), 8.700 espezie direlarik, alde polarretatik ekuatoreraino, goi-mendietan, basamortuetan edo oihanetan. Arrakasta hori, batetik, barne-tenperatura iraunkorraren lorpenean eta beraz ingurune-aldaketak hobeto jasateko posibilitatean oinarritu da, eta bestetik, hegaldirako gaitasunean. Aurreko ezaugarri bi horiek homogeneotasun handia eman diete hegaztiei.
Ornodunen talde guztietatik, ugaztunak (Mammalia klasea) dira bereziki interesgarriak gizakiarentzat, ugaztuna baita bera ere, etxe-abereak diren bezalaxe. Nahiz eta ez izan klase oso zabala (4.100 espezie), talde eraniztuna itxuratu dute benetan: arrautzak erruten dituen ornitorrinkoetatik hasi eta karena duten ugaztun plazentalioetaraino (berauek ere zenbait gramotako satitsu nanotik 100 tonatako balea urdinerainoko espektro galanta erakusten dutelarik), koala, kanguru eta bestelako martsupialioetatik igaroz. Ugaztunak ornodun oso bizkorrak dira, oso tasa metaboliko altudunak. Ondorengo gutxi ekoizten dituzte, baina denbora eta energia asko inbertitzen dute kumeak zaintzen. Jarduera handiagoa eta kumeen garapena izan dira ugaztunen eboluzioaren giltzarri, eta hori dela-eta beroriekin erlazionaturik agertzen dira taldearen anitz ezaugarri.