neurona

1. Biol.

Nerbio-sistemako zelula desberdindua, gorputz zelular batez eta zenbait luzakinez (axoi bat eta zenbait dendritaz) osatuta dagoena. Nerbio-ehunen unitate funtzionala da.

Neuronaren anatomia
Neuronaren anatomia

1. Biol.
Nerbio-sistemako zelula desberdindua, gorputz zelular batez eta zenbait luzakinez (axoi bat eta zenbait dendritaz) osatuta dagoena. Nerbio-ehunen unitate funtzionala da.

Neurona Edit

Egilea: Covadonga Fernandez

NEURONA

Neuronak nerbio-sistemako oinarrizko unitateak dira. Kinadak sortzen, transmititzen eta jasotzen espezializaturiko zelulak dira (zelula, egitura eta funtzioari dagokionez, izaki bizidunen oinarrizko unitatea da). Neuronen ezaugarri nagusia haien mintz plasmatikoaren kitzikakortasuna da.

Ramon y Cajalek deskribatu zuen neurona lehenengoz XX. mende-hasieran. Haren ustez, funtzio neurologikoaren oinarria, entitate diskretu gisa funtzionatzen duten neuronen arteko interakzioak eratzen du. Sinapsiaren bidez bideratzen den interakzio honetatik erantzun konplexuak jasoko ditugu.

Garuneko neurona-kopurua aldakorra da, aztertzen dugun espeziearen arabera. Giza garunak ehun mila milioi neurona inguru dituela uste da. Tamaina aldakorra dute; neuronaren somak 5 eta 150 mikra artean neurtzen du, eta axoiak metro bateko luzera izatera irits daitezke. Neurona txikienak zerebeloko zelula granularrak dira eta handienak, berriz, bizkarrezurreko neurona motorrak, zerebeloko Purkinje zelulak eta garun-azaleko neurona piramidalak.

Neuronak garun-kortexean, entzefalo-oinaldeko eta entzefalo-enborreko nukleoetan eta ornomuineko substantzia grisean aurkitzen dira. Nerbio-sistema periferikoari dagokionez, bizkarrezurreko gongoiletan (gongoil errakideoetan) aurkitzen ditugu (nerbio-sistema).

Anatomia

Zelula guztiak bezala, neuronak honako atal hauez osatuta daude: mintza, zelularen kanpoko aldea barrukotik bereizten duen azala; zitoplasma edo perikarion deiturikoa, zelula eukariotikoetan ohizkoak diren organulu zelularrak dituena; DNAa duen nukleo zentral handia eta nukleoloa; eta perikarionetik azaleratzen diren neurita deituriko luzakinak (axoia eta dendritak).

Gorputz zelularrak, somak edo perikarionak nerbio-bulkadak jasotzen ditu. Neuronaren muin metabolikoa da. Dendritak soma zelularrerantz bulkadak transmititzen dituzten luzakin laburrak dira (luzakin horiek bakarrak edo hainbat izan daitezke). Ez dute mielinarik, eta neuronaren segmentu errezeptoreak dira. Nerbio-bulkada somatik beste neurona batera edo helburu den organo batera bidaltzen duen luzakin luze bat da axoia edo neurita. Mielinaz inguratuta egon daiteke, eta mielina honen funtzioa nerbio-bulkadaren eroapen-abiadura handitzea da. Botoi terminal deituriko hainbat luzakin izaten ditu amaieran.

Axoiaren eta hurrengo neuronaren, zelula muskularren edota guruin-zelulen arteko loturari sinapsia deitzen zaio. Sinapsiaren bidez, neuronaren eta helburu dituen organoen artean nerbio-informazioa transmititzen da. Nerbio-bulkada bat sinapsira heltzen denean, neurotransmisore izenez ezagutzen diren substantzia kimikoak askatzen dira axoia eta hurrengo zelularen artean dagoen espaziora (espazio sinaptikora). Neurotransmisore hauek suspertzaileak edo inhibitzaileak izan daitezke.

Neuronen axoiak elkartu egiten dira eta nerbio-zuntzak osatzen dituzte. Era berean, nerbio-zuntz hauek nerbioak osatzen dituzte.

grafikoak1

Neuronaren anatomia

Neuronen funtzioa

Neuronek, nerbio-bulkaden bidez, seinaleak jasotzeko, eramateko eta transmititzeko gaitasuna dute. Neurona motorrek gihar edo muskuluak uzkurtzeko seinaleak transmititzen dituzte; neurona sentsorialek estimuluei buruzko informazioa bidaltzen dute; eta interneuronek iturri desberdinetako informazio sentsoriala osatu eta estimulu horiei erantzunez agindu motorrak (eragileak) sortzen dituzte.

Informazio hau ekintza-potentzial izenez ezagutzen den mintz potentzial elektrikoaren aldaketen bidez transmititzen da. Ekintza-potentziala axoitik hedatzen da honen bukaeraraino, muturreko botoietaraino, eta bertan beste neurona, muskulu-zuntz edota guruinekin konexioa egiten du.

Nerbio-kinada

Mintz plasmatikoan gertatzen den behin-behineko iragazkortasun-aldaketa baten ondorioz sortutako uhin elektrikoak transmititzen dituzte neuronek. Uhin hauek mintzaren alde bietan gertatzen den ioi-kontzentrazio desberdintasunengatik hedatzen dira (mintz-potentziala). Kitzikakorra den zelula baten mintz-potentziala maila jakin baten gainetik despolarizatzen denean (65 mV-tik 55 mV-ra gutxi gorabehera), zelulak axoi osoan zehar zabaltzen den ekintza-potentzial bat sortzen du.

Nerbio-bulkaden hedapena neurona baten axoitik gorputzera, edota beste neurona sinaptikoaren dendritetara egiten da. Nerbio-bulkada bitartekari kimikoen bidez hedatzen da, neurotransmisoreen bidez, azetilkolinaren eta noradrenalinaren bidez, esaterako. Neurotransmisore hauek lehenengo neuronaren axoi-bukaeretan askatzen dira, eta, hurrengo neuronak jasotzen dituenean, bulkada berri bat eragiten dute. Nerbio-sistema nagusian neurona suspertzaileak eta inhibitzaileak daude, eta horietako bakoitzak bere neurotrasmisorea askatzen du. Bulkada baten hedapen-abiadura segundoko 1etik 100 metro bitartekoa izan daiteke; zuntz luzeagoetan handiagoa izaten da (neurotransmisore).

Endekapena eta birsorkuntza

Gizakion gorputzeko zelula guztiak birsortu egin daitezke, nerbio-zelulak izan ezik, horregatik da konpongaitza neuronen galera.

Neuronak zeharo hauskorrak dira, eta ezin dute zelula glial deitzen diren zelulen babesik gabe bizirik iraun. Zelula horiek neuronak baino 5-10 aldiz ugariagoak dira. Detritusen fagozitosian, substantzien hedapenean, mielinaren sorkuntzan, langa edo barrera hematoentzefalikoa eratzean, erantzun immunologikoan, faktore edo eragile neurotrofikoen produkzioan, etab. parte hartzen dute.