nano

1. Astron.
sin. izar nano

Hertzsprung-Russel diagramako sekuentzia nagusian kokatuta dagoen izar-mota, V argitasun-klasekoa. Izar nanoetan, hidrogenoaren fusio nuklearra gertatzen da izarraren gunean, eta emaitza helioa da. Nanoak sekuentzia nagusian duen kokaera masaren funtzioa da batez ere. Guneko hidrogenoa agortzen denean, nanoaren geroko bilakaera masaren arabera aldatzen da: muga batetik behera (masa txikiko izarrak) nano zuri bilakatzen dira; muga batetik gora, berriz (masa handiko izarrak), supernoba-leherketa jasan eta neutroi-izar edo zulo beltz bilakatu daitezke. Dena den, azken egoera horietara heldu aurretik, nano guztiak erraldoi fase batetik (masa txikikoak) edo supererraldoi fase batetik (masa handikoak) igarotzen dira. Izar gehienak (gure inguruko % 85) sekuentzia nagusian daude, eta, gainera, izar guztiek sekuentzia nagusian, hots, nanoen taldean ematen dute bere bizitzaren tarte luzeena, hots, nanoen taldean.

Izenek bestela iradoki lezaketen arren, nano zuriak eta nano marroiak ez dira nano-talde honetakoak, ez baitira sekuentzia nagusikoak (bai, ordea, nano gorriak).