motor elektriko

1. Teknol. Elektr.

Energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duen makina elektrikoa.

1. Teknol. Elektr.
Energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duen makina elektrikoa.

Motor elektrikoa Edit

Egilea: Elhuyar

MOTOR ELEKTRIKOA

Motor elektriko gehienak birakariak dira: energia mekanikoa biratzen den ardatz batean ematen dute. Badira, dena den, motor linealak ere: energia mekanikoa higidura zuzen gisa ematen dute.

Alderdi mekanikotik, motor elektrikoak atal finko bat du, estatorea, eta atal higikor bat, errotorea. Motor birakarietan, errotorea estatorearen barnean biratzen da; horretarako, bi atalen artean tarte huts bat dago, burdinartea.

Alderdi elektromagnetikotik azterturik, motor elektrikoak zirkuitu magnetiko batez eta bi zirkuitu elektrikoz osatuta egon ohi da. Zirkuitu magnetikoko fluxuaren eta zirkuitu elektrikoetako korronteen artean elkarrekintza elektromagnetikoa gertatzen da, printzipio hauetan oinarriturik:

  • Korronte elektrikoak bere inguruan eremu magnetikoa sortzen du. Korronte elektrikoaren norabidearen planoa eta eremu magnetikoaren norabidearena perpendikularrak dira.

  • Korronte elektrikoa daraman eroale batek eremu magnetiko bat zeharkatzen duenean, edo eroalea zeharkatzen duen eremu magnetikoaren intentsitatea aldatzen denean, eroalean indar elektroeragile bat induzitzen da.

  • Korronte elektrikoa daraman eroale bat eremu magnetiko batean ezartzen denean, eremu magnetikoaren planoarekiko eta eroalearen planoarekiko perpendikular dagoen planoan eroalea higitzera bultzatuko duen indar bat agertzen da. Beraz, energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzea eremu magnetikoa bitarte dela gertatzen da. Eremu magnetikoen arteko eraginak indarrak sortzen ditu makinaren atal finkoaren eta higikorraren artean. Atal finkoa higitzen ez denez, atal higikorrak ardatzaren inguruan biratzeari ekiten dio. Horrela sortzen da energia mekanikoa.

Fluxu magnetiko indartsua lortzeko ingurunerik egokiena burdina denez, fluxu magnetikoaren ibilbidearen ahal den zatirik handiena burdinan egiten da. Fluxu induzitzaileak estatorea eta errotorea zeharkatu behar dituenez, eta errotorea birakaria izanik, bien artean tarte huts bat utzi behar da, ahalik eta txikiena eremu magnetikoa ez ahultzeko. Huraxe da burdinartea.

Erabiltzen duten energia elektriko motaren arabera, motor elektrikoak korronte zuzenekoak edo korronte alternokoak izan daitezke.