mol

1. Kim.

Materia-kantitatearen SI sistemako unitatea, 0,012 kg karbono-12an dauden atomo adina oinarrizko unitate dituen sistemaren substantzia-kantitatearen baliokidea. SI sistemako oinarrizko unitateetako bat da. Konposatu baten mol baten masa konposatu horren pisu molekularraren baliokidea da, gramotan adierazia. Kimikaren oinarrizko legeak aurkitu ondoren, konposatu kimikoen edo elementu kimikoen kantitateak zehazteko hainbat izen erabili ziren. 1960an fisikariak eta kimikariak ados jarri ziren nazioartean, eta definizio bat eta unitate bat adostu zituzten materia-kantitate izeneko magnituderako. 1971n, fisikari eta kimikarien nazioarteko erakundeen eta ISO erakundearen proposamena onartu egin zuen Pisu eta Neurrien 14. Konferentzia Nagusiak. Horrela jaio zen mol unitatea. Mola erabiltzen denean, oinarrizko entitateak adierazi egin behar dira: atomoak, molekulak, ioiak, elektroiak, bestelako partikulak edo horrelako partikulen talde bereziak izan daitezke.