merkurio
- 1. Astron.
- sin. Merkurio
Eguzki-sistemako lehen planeta, 4.878 km-ko ekuatore-diametroa eta 87,9 eguneko urtea ditu. Ez du sateliterik ez atmosferarik, eta gainazalean krater ugari nabari da.
- 2. Kim.
Zenbaki atomikoa 80 duen elementu kimikoa. Metal zuria, distiratsua eta likidoa giro-tenperaturan (solido-egoeran zilarrarekin antza handia dauka). Lurruna oso toxikoa da. −38,87 °C-an solidotzen da eta 356,9 °C-an irakiten du. Termometro, barometro eta manometroetan erabiltzen da, merkurio-lurrunezko lanparak egiteko, eta urrea eta zilarra erauzteko. Metal gehienak disolbatu eta amalgamak eratzen ditu.
1. Astron.
- 1. Astron.
- Eguzki-sistemako lehen planeta, 4.878 km-ko ekuatore-diametroa eta 87,9 eguneko urtea ditu. Ez du sateliterik ez atmosferarik, eta gainazalean krater ugari nabari da.
Merkurio Edit
Egilea: Jon Legarreta
Eguzki-sistemako planetarik txikiena da Merkurio, Lurra baino 2,8 bider txikiagoa. Eguzkitik hurbilen dagoen planeta honek 87,97 egun behar ditu Eguzkiaren inguruan bira bat emateko, eta, Artizarrak bezala, ez dauka sateliterik (sateliterik ez duten eguzki-sistemako planeta bakarrak dira Artizarra eta Merkurio).
Merkuriori buruz dakigun guztia Mariner 10 espazio-ontziak erakutsi zigun 1979. urtean, planeta horretara heldu den misio espazial bakarra baita. Geroztikoa da Messenger misioa. 2004ko abuztuaren 3an jaurti zuten Messenger zunda, eta dagoeneko eman ditu Merkurioren lehenengo irudiak, 2008ko urtarrilaren 14an planetari egindako lehenengo hurbilketaren ondorioz. Planetaren orbitan modu egoki batean ezartzeko, Messenger zundak beste bi hurbilketa egin beharko ditu, 2008ko urriaren 10ean eta 2009ko irailaren 29an. Ondoren, 2011n, planetaren orbitan sartuko da, eta han izango da urtebetez.
Messenger zundak 2008ko urtarrilaren 14an, planetari egindako lehehengo hurbilketan, lortutako irudia (iturria: NASA)
Merkuriok ezaugarri bitxiak dauzka, zientifikoki bitxiak. Lehenengoa dentsitateari dagokio; lurtar planetek (Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte) eta Ilargiak duten dentsitatea aztertzen bada, berehala nabaritzen da desberdintasun bat Merkurioren kasuan. Artizarraren, Lurraren, Marteren eta Ilargiaren kasuan, erlazio lineala dago dentsitatearen eta tamainaren artean. Hau da, zenbat eta tamaina handiagoa, orduan eta presio handiagoa planetaren barnean, eta orduan eta dentsitate handiagoa. Nonbait, erlazio lineal horrek adierazten du lau planeta horiek material solido komunez osatuak daudela. Merkurioren kasuan ez da horrela gertatzen, ordea, planetarik txikiena izanda, berak daukalako dentsitaterik handiena. Planetaren bi heren metalez (burdinaz) osatuak daude; eguzki-sistemako barneko planeten artean, Merkuriok du nukleorik handiena (balio erlatiboetan). Ezaugarri bitxi hori azaltzeko, hiru hipotesi daude: lehenaren arabera, jatorrizko eguzki-nebulosako metal-kantitate handiagoa bildu zen Merkurio sortu zen eremuan. Bigarrenaren arabera, eguzki-haize bortitz batek planetaren mantuaren zati handi bat xurgatu zuen, eta nukleoa bakarrik utzi. Hirugarrenaren arabera, masa handiko beste planeta batek Merkuriorekin talka egin zuen sortu berria zenean, eta horrek galarazi zuen mantua.
Bigarren ezaugarri bitxia Mariner 10 zundak aurkitu zuen: Merkuriok eremu magnetiko dipolar txiki bat du, baina zaila da haren jatorria azaltzea. Lurraren kasuan bezala gertatzen bada, hau da, autoinduzitutako dinamo bat izatea, Merkurioren nukleoaren zati batek urtuta eta konbekzioan egon behar luke, baina orduan, planeta txikia izanda, bere energia guztiak espaziora irradiaturik beharko zuen aspalditik (duela mila milioi urtetik). Eremu magnetiko hori azaltzeko, badago beste hipotesi bat, Eguzkiarekin lotuta dagoena: Merkurioren gainazalean bi eremu bero agertzen dira, Eguzkitik datorren erradiazio maximoa jasotzen duen lekuetan, eta horrek induzitutako eremu bortitz bat sor dezake (material eroaleak badaude).
Hirugarren ezaugarria atmosferari dagokio. Merkuriok atmosfera xume bat dauka, gehienbat helioz, hidrogenoz eta oxigenoz osatua. Hala ere, hain beroa izanik, ez luke eduki behar atmosferarik, gas-molekulek espaziorantz ihes eginda egon behar luketelako. Badirudi Merkurio bere atmosfera birsortzen ari dela etengabe, Eguzkitik datozkion gasekin hornituz. Azkenik, badirudi Ipar poloko krater batzuen barruan izotza dagoela, haietara eguzki-izpiak ez direlako heltzen. Hala ere, hori ez dago erabat argi; izotza izan beharrean, sufrea izan daiteke. Messenger zundak misterio horiek guztiak argituko ote ditu? Edo zalantza gehiago sortuko ote ditu?
