marea-energia

1. Teknol.
Estuarioko marea zentralaren eskema
Estuarioko marea zentralaren eskema

1. Teknol.
Itsasgora eta itsasbeherako uraren higiduraz baliatuz lortzen den energia.

Marea-energia Edit

Egilea: Elhuyar

MAREA-ENERGIA

Mareen energia energia elektriko bihurtzeko bidea XX. mendearen erdialdetik aurrera hasi zen. Hasierako proiektuak ez ziren oso errentagarriak izan, makina eta instalazioetan arazo larriak sortzen baiziren. Azken urteotako aurrerapen teknologikoei esker, ostera, horrelako zentralak errentagarriak izan daitezkeela ikusi da.

Marea-energiaz baliatzeko hiru zentral-mota nagusi daude: estuarioetako marea-zentralak, itsasoko marea-zentralak, eta itsaslasterrez baliatzen direnak.

Estuarioetako marea-zentralak

Duela gutxi arte, marea-energia erabiltzeko lekurik egokienak estuarioak zirela pentsatu da, toki estu batean barrena ur-bolumen handia iragaten delako eta, ondorioz, abiadura handiko ur lasterrak sortzen direlako. Estuarioaren sarreran presa bat eraiki eta itsasgora hasten denean sarbidea itxi egiten da. Ondorioz, presaren itsasoko aldean uraren maila igo egiten da beste aldekoarekiko. Itsasgoraren azken bi orduetan atakak ireki eta itsasoko ura estuariorantz abiatzen da turbinetan barrena, eta energia elektrikoa sortzen da. Itsasgora goren dagoenean, atakak itxi egiten dira berriro, eta ura estuarioan metatuta gelditzen da, itsasoan ura behera doan bitartean. Itsasbeheraren amaieran atakak ireki eta ura estuariotik itsasorantz isurtzen da. Urak turbinak kontrako noranzkoan higiarazten ditu eta, oraingoan ere, energia elektrikoa sortzen da. Munduan horrelako bi marea-zentral daude funtzionamenduan: 16 MW-eko bat Kanadan, Eskozia Berrian, eta Normandiako La Ranceko zentrala (750 m luzeko dikea eta 240 MW-eko potentzia duena).

grafikoak1

Estuarioko marea zentralaren eskema (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Estuarioetan eraikitako presak teknologikoki egokiak dira, baina ingurumen-arazo larriak sortzen dituzte: inguruko biodibertsitatea hondatzen dute, turbinek arrainak harrapatu eta hil egiten dituzte, nabigazioa oztopatzen da eta, gainera, presan harrapatuta gelditzen diren sedimentuek estuarioaren bolumena azkar murritz dezakete. Hori dela eta, ikertzaile eta ingeniariek estuarioetako dikeen teknologia baztertu egin dute.

Itsasoko marea-zentralak

Ingurumen-arazoak saihesteko, beste sistema bat garatu da estuarioetako presen teknologian oinarrituta. Itsasoan, kostaldetik hurbil, urmael-moduko bat (barruti harresitu bat) eraikitzen da, itsas hondoan finkatua. Itsasgora denean, urmaela bete egiten da. Itsasbeheran, urmaeleko eta itsasoko ura ez daude maila berean. Atakak ireki, urmaeleko ura turbinetan barrena itsasora isuri eta elektrizitatea sortzen da. Ur gora denean, berriro ere maila-desberdintasuna egongo da. Atakak ireki eta itsasoko ura urmaelera sartzen da turbinetan barrena, eta berriro ere elektrizitatea sortzen da. Horrelako marea-zentralak egiteko proiektuak Alaskan, Mexikon eta Indian garatzen ari dira.

grafikoak2

Itsasoko marea-zentralaren eskema (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Itsaslasterrak

Ingurumen-arazoak zirela eta, estuarioetako mareen teknologia alde batera utzi eta kostaldeko itsaslasterren potentziala aztertzen hasi zen. Izan ere, mareak igo eta jaitsi egiten direnez, itsasertzaren inguruan itsaslasterrak sortzen dira maiz (sarritan badia eta estuarioetatik urrun). Leku askotan itsas azpiko zoruaren erliebeak ura kanal estuetan barrena iragatera edo lurmuturrak inguratzera behartzen du. Itsasoko uraren dentsitatea airearena baino askoz handiagoa denez (832 aldiz), segundoko 2,5 eta 4 metro bitarteko abiadura duen itsaslasterrak 390 km/h-ko abiadurako haizeak duen adinako energia zinetikoa du. Gainera, mareek eragindako itsaslasterra egunerokoa da, eta ez da haizeak noiz joko zain egon behar.

Gaur egun bi teknologia garatzen ari dira itsaslasterretako energia eskuratzeko: marea-hesiak eta marea-turbinak.

  • Marea-hesiak. Estuarioetako presen antzeko teknologia dute, baina itsasarte edo uharte txikien arteko kanaletan jarri nahi dira. Gainera, ez dute ura inon metatu behar, eta marea energia zuzenean turbinei eragiteko erabiltzen da. Abantaila nagusia makineria elektrikoa ur gainean ezarri ahal izatea da.

  • Marea-turbinak. Ingurumenaren aldetik hesia edo presa behar dutenak baino egokiagoak dira, ez dutelako itsasontzi txikien lana oztopatzen eta eraikitzeko material eta lan gutxiago behar dutelako. Gainera, ez da ikusten ez entzuten, ur azpian baitago. Horrelako turbinek errendimendu ona ematen dute itsaslasterraren abiadura 2-3 m/s-koa denean. Teknologia honen sustatzaileek diotenez, kokalekurik egokienetan 10 MW-etik gorako potentzia lor liteke kilometro karratuko.