lamelibrankio
- 1. Zool.
- sin. bibalbio, bibalbioak
- 1. Zool.
- Bivalvia klasea osatzen duten moluskuen izen arrunta. Gorputza alboetatik zapaldua eta bi kuskuko maskorraz babestua dute. Gehienetan itsastarrak dira, baina badaude ur gazikara eta ur gezatako espezieak ere.
Bibalbioak Edit
Egilea: Ana Puente
Gastropodo-taldearen ostean, bibalbioena da molusku-klaserik zabalena; izatez, 20.000 espezie bizi inguru deskribatu dira. Talde honetako moluskuak, besteak beste, muskuilu, txirla, ostra eta muxilak dira. Bibalbioak ur gazi zein gezatakoak izan daitezke, baina espezie gehienak itsastarrak dira, eta itsasoko habitat eta sakonera guztietan bizi daitezke. Tamainari dagokiola, oso eraniztasun handia erakusten dute: 2 mm-ko luzeratik (Sphaeriidae familiako ur gezatako espezieek) 1,5 m-ko luzeraraino (alde indopazifikoko koral-arrezifeetako Tridacna generoko muxila erraldoiek).
Bibalbioen sailkapena oso korapilatsua da; izatez, ez dago adostasunik taxon handiak mugatzeko orduan: malakologo batzuek maskorraren ezaugarriak besterik ez dituzte kontuan hartu (txanga-morfologia, muskulu-orbainen kokapena...), beste batzuek barne-anatomiari eman diote garrantzia, eta badaude beste batzuk ezaugarri ekologikoak erabili dituztenak (elikadurarako metodoak, habitat desberdinetarako moldaerak...). Hala ere, sailkapen gehienetan, hiru talde nagusi bereizten dira: protobrankioak (primitiboenak, gehienak detritiboroak), lamelibrankioak (espezie gehienak besarkatzen dituen taldea, gehienak iragazleak eta substratu bigunetakoak) eta septibrankioak (edo anomalodesmatuak, gehienak harrapari sesilak).
Bibalbioek duten ezaugarririk nabariena maskor kuskubikoa da, animalia-gorputz osoa estaltzen duena. Kuskuak elkarren antzekoak izaten dira: konbexuak, gutxi gorabehera obalatuak, eta elkarrekin artikulatuta daude alde dortsaletik lotailu zalu baten bidez. Kuskuen irekitze- eta ixte-muskulu aduktoreak daude, lotailuarekiko antagonikoki aritzen direnak. Kuskuen artikulazio-aldea txanga izenaz ezagutzen da, eta hainbat egitura berezi eraman ditzake. Maskorraren alderik zaharrenari unbo esaten zaio, eta hazkundea bere inguruan gertatzen da lerro zentrokideak sortuz. Objektu arrotzen bat —harea-pikor bat izan daiteke— maskor eta mantuaren artean kokatzen denean, bere inguruan nakarrezko geruza zentrokideak jalkinez doaz, eta azkenean perla bat eratzen da.
Bibalbio baten anatomia orokorra
Moluskuen gorputz-plan orokorretatik nabarmenki aldendu dira bibalbioak, eboluzioan zehar estrategia biologiko berezi batera moldatu direlako. Hasteko, molusku arbasoarekin konparatuta, ingurune-aldaketa gertatu omen da: substratu bigunetara moldatutako moluskuak direnez, zapaldura bilaterala jasan dute lurpean sartzeko eta horrela defendatzeko, eta oinak aizkora-itxura hartu du. Aurrekoarekin erlazionatuta, elikadura-mota aldatu beharrean aurkitu dira: alhatzaile ziren, eta mikroiragazle bihurtu dira. Hori dela eta, palpoak garatu dira aho inguruan, moluskuen talderako esklusiboa den erradula galdu dute, eta, jatorriz, gas-trukeaz arduratzen diren ktenidioak (pare bat) zeregin mikroiragazlera moldatu dira. Barrunbe paliala oso zabala da, zeren eta, lan elikatzailearen efikazia optimizatzeko, ktenidioak tamainaz emendatu baitira. Hala ere, bibalbio batzuk detritiboroak dira, eta aho-luzakinak diren garro bereziak erabiltzen dituzte elikagai-partikulak lortu eta ahoraino garraiatzeko. Bibalbioek bizimodu sedentarioa dutenez (badaude ere hainbat bibalbio sesil), zefalizazioa ezabatuta daukate erabat, hots, ez dute bururik, eta nerbio-sistema murriztuta dago. Zentzumen-organo gehienak (begiak, esate baterako) mantuko bazterrean kokatuta daude. Sarritan, mantuko atzeko ertzak fusionatuta daude, eta sifoi inhalatzailea eta sifoi exhalatzailea eratzen dituzte. Nefridio-pare bat dute eskreziorako.
Normalki, bibalbioak sexuz bereiziak dira. Jatorriz, ernalketa kanpokoa da, eta bizi-zikloa ez-zuzena, trokofora eta beliger estadio larbarioetan zehar. Ostera, ur gezatako muxila gehienetako ernalketa barneko da, eta garapenean glokidio izeneko larba agertzen da, zeina arrainen hegats edo zakatzen bizkarroi modura garatzen baita. Behin garapena bukatu eta gero, muxila gaztea ostalaritik ilkitzen da, hondora erortzen eta bizimodu askeko heldu bihurtzen da. Bestetik, badaude bibalbio batzuk hermafroditikoak direnak; haien artean, Ostrea generoko ostrak hermafroditiko sekuentzial txandakatuak dira: ale zehatz batek hainbat fase ar eta hainbat fase eme eduki ditzake bere bizitzan zehar.
Bibalbio batzuek, sekundarioki, substratu gogorrak kolonizatu dituzte. Substratuari lotzeko, maskorreko kusku bat zementatu egiten dute substratu gainean (ostren kasua) edo bisu izeneko egitura erabiltzen dute (muskuiluen kasua). Bisua harizpi proteikoz osatuta dago, eta oinean dagoen guruin batek jariatzen du. Beste alde batetik, bibalbio lamelibrankio batzuek substratu gogorrak zulatzeko ahalmena dute (arroka, maskor, koral edo egurra). Bibalbio zulakari horiek larba substratuan finkatzen denean zulatzen hasten dira, eta animalia-gorputza zulo barruan betirako sartuta gelditzen da; soilik sifoiak ateratzen ditu kanpoaldera.