krustazeo

1. Zool.

Baraila-pare bat, ahoaren aurrean kokatuta dauden bi antena-pare eta brankia bidezko arnasketa dituzten artropodo batez ere urtarrez esaten da. Gehienak itsastarrak dira, baina badira ur gezatakoak eta baita lehortarrak ere. Beren bizi-zikloan hiru hanka-pare dituzten nauplius izeneko larbak agertzen dira. Karramarroak, otarrainak, izkirak eta abar biltzen dituen Crustacea klasea osatzen dute.

1. Zool.
Baraila-pare bat, ahoaren aurrean kokatuta dauden bi antena-pare eta brankia bidezko arnasketa dituzten artropodo batez ere urtarrez esaten da. Gehienak itsastarrak dira, baina badira ur gezatakoak eta baita lehortarrak ere. Beren bizi-zikloan hiru hanka-pare dituzten nauplius izeneko larbak agertzen dira. Karramarroak, otarrainak, izkirak eta abar biltzen dituen Crustacea klasea osatzen dute.

Krustazeoak Edit

Egilea: Kepa Altonaga

KRUSTAZEOAK

Krustazeoena da intsektuen ondotik, arrakasta gehien eduki duen artropodo-taldea, baldin eta arrakasta neurtzeko espezie-kopurua eta okupatu dituzten inguruneen aniztasuna erabiltzen badira. Krustazeo gehienak itsastarrak dira, baina, badaude ere makina bat espezie dultzikola (erreka-karramarroa kasu); halaber, krustazeo-talde lurtarrak daude (kukurutxak), baina, ez dute moldapen ebolutibo garrantzitsurik garatu lurrera ondo egokitzeko, izan ere, krustazeo-espezie guztietatik soilik % 1,1a da lurtar. Denetara, 30.000 espezie bizi deskribatu dira, eta horietatik 4.000 inguru bizkarroi.

Krustazeoen aldakortasun morfologikoa itzela da, eta horren kariaz nekeza suertatzen da taldearen diagnosi argia ezartzea, zeren soilik ezaugarri behagaitz gutxi batzuk balia baitaitezke krustazeoen taldea definitzeko. Krustazeoak antena-pare bi edukitzearren bereizten dira gainontzeko artropodoekiko; horrez gainera, badago beste desberdintasun sakon bat: krustazeoen apendizeak birramoak dira, intsektu eta miriapodoenak unirramoak direlarik. Morfologiari doakionez, krustazeo helduen zefalona, hots, burua, akron delakoaz gehi sei metameroz osotua da eta alde bitan banatua; alde preoralean metamero preantenularra, antenularra eta antenala daude, eta alde postoralean metamero mandibularra, maxilularra eta maxilarra. Barailak gnatobasikoak dira, hau da, barailaren alde basala da parterik garatuena. Bestalde, bizi-zikloan zehar nauplius deritzon larba primarioa agertzen da.

Aipaturikoez gainera, badaude bestelako berezitasun batzuk, beharbada ez hain orokorrak baina oso hedatuak, nahikoa karakteristikotzat jo daitezkeenak: arnasketa brankiala; gorputza metamero-kopuru aldakorrean banatuta edukitzea, tagma izeneko hiru gorputz-alde itxuratuz, alegia, zefalon, pereion eta pleon deritzenak; ugal irekiuneen kokapena gorputzeko azken metamerotik kanpo; jatorri mesodermikoko eskrezio-organo segmentarioen existentzia.

Krustazeoen kutikula, epidermiak jariaturiko kitinazko zenbait geruzaz osotua da, eta gainerako artropodoen tegumentuekiko bereizi egin da kaltzifikazio-maila altuak erakustearren. Primitibotzat jotako krustazeo-taldeetan metameroen kopurua 50etik gorakoa izan daiteke, eta metameroen galera forma eboluzionatuagoranzko joeratzat hartu da, berau egia osoa ez bada ere. Arestian aipaturiko hiru tagmako gorputzaren banaketa, maskaratuta gelditu da maiz zefalotoraxaren agerpenaz, berori zefalonaren eta pereionaren fusioaz gertatu delarik; zefalotoraxa krosko gogor batek estaltzen du gehienetan.

Gorputzeko tagmatizazioarekin batera, metamero bakoitzeko apendizeen eraldaketa gertatu da zeregin desberdinekin erlazionatuta: zeregin sentsoriala, mastekatzailea, janarien harrapaketa eta manipulazioa, lokomozioa, arnasketa, ugalketa, arrautzen inkubazioa. Horietariko moldapen bakoitzak zenbait modifikazio halabehartu ditu, zeintzuak gero eta urrutiago baitzeuden krustazeoen apendize birramoaren oinarrizko egituratik. Nolanahi, buruan bost apendize-pare beha daitezke, antenulak, antenak, barailak, maxilulak eta maxilak. Apendize ez-zefalikoetan, lehena aho-apendize laguntzaile bihurtzeko joera egon da, maxilipedoa eratu delarik.

Oro har, sexuz bereiziak dira; hala ere, zenbait kasutan hermafroditismoa agertu da, zirripedioetan esate baterako, berori lanpernen bizimodu sesilarekin eta bai bizimodu parasitikoarekin erlazionatuta bide dagoelarik. Beste talde batzuetan, ur-arkakusoetan esate baterako, ugalketa sexualaren eta partenogenetikoaren arteko txandaketa garatu da, kasu horretan baldintza oso fluktuatzailetarako moldapen modura interpretatu delarik. Krustazeo gehienetan garapena anamorfikoa da, hau da, arrautzatik irtendako aleak helduak baino metamero gutxiago ditu, eta hortaz, zenbait larba-aldi igaro behar dira garapena bete ahal izateko. Forma larbarioen kopurua nahikoa alda daiteke talderik talde, eta, zer esanik ez, garapen enbrionarioa arrautza barruan noiz eteten denaren menpekoa da. Komunzki, lehen larba-faseari nauplius deritzo, zeinak oso egitura bakuna baitu: hiru pare apendize funtzional (antenulak, antena eta barailak) eta dagozkien hiru metameroak.

Sistematikaren ikuspuntutik obsoletoa bada ere, modu arruntean oso erabilia da krustazeo entomostrako eta malakostrakoen arteko banaketa, termino horiek, hurrenez hurren, behe- eta goi-mailako krustazeoei dagozkiela. Krustazeo handi eta arruntak malakostrakoak dira eta talde homogeneoa osotu dute, beraien erlazio morfologikoak ondo definiturik daudelarik. Eboluzio-maila gorena lortu dute, eta 22.000 inguru espezie deskribatu dira, sei subklasetan banatuta; normalean ezagutzen ditugun krustazeoak malakostrako dekapodoak dira. Bestalde, krustazeo entomostrakoek metamero-kopuru aldakorra edukitzen dute, eta sarritan zaila izaten da beraiengan tagma desberdinak ezagutzea. Gehienak tamaina txikikoak dira; itsastar edo dultzikola. Entomostrakoen artean, elkarrekiko kidetasun larregirik gabeko taldeak bildu dira, normalean zortzi klase onartzen direlarik; kopepodoak, ostrakodoak, zirripedioak eta brankiopodoak dira ugarienak.