korapilatze kuantiko
- 1. Fis.
- sin. korrelazio kuantiko
Bi objektuz edo gehiagoz osatutako sistema kuantiko baten propietatea, zeinaren arabera objektuen egoera kuantikoak ezin baitira modu independentean deskribatu, nahiz eta objektuak elkarrengandik urruti izan. Korapilatze horren ondorioz, teorian korrelazio ez-lokalak sor litezke objektuetako baten behaketa egiten denean, delako objektuaren egoera kuantikoa ez ezik korapilatutako beste objektuena ere zehazturik geratuko litzatekeelako. Esaterako, pentsa dezagun 0 spineko partikula baten desintegrazioaren ondorioz, bi partikula sortzen direla (esaterako, π mesoi bat elektroi bat eta positroi bat emanez desintegratzea); spinaren kontserbazioaren ondorioz, bi horien spinen baturak pioiaren spinaren balio berekoa izan behar du. Pioiak 0 spina duenez, elektroiak 1/2 spina badu, positroiak −1/2, eta alderantziz. Esaten dugu bi partikulok "korapilatuta" edo "korrelazionatuta" daudela, ezin baitute une berean edozein balio izan. Pentsa dezagun bi partikulak bata bestetik nahi adina urrundu direla. Bataren neurketa edo behaketa egiten denean, horren uhin-funtzioa kolapsatu egiten da, eta spinak norabide bat eta balio jakin bat izango du; ondorioz, beste partikularen spina ere zehaztuta dago, jakin baitakigu, lehenarena 1/2 bada, bigarrenarena −1/2 dela. Honek arazo batzuk planteatzen ditu: a) leku batean egiten den behaketak beste batean gertatzen den kolapso bat baldintzatzen badu, ekintzaren lokaltasuna zalantzan jartzen da; b) bigarren partikularen uhin-funtzioaren kolapsoa lehenaren aldi berekoa bada, bien arteko interakzio, informazio-fluxu edo dena delakoa argia bera baino lasterragoa da.