kono

1. Anat.

Erretinako ikusmen-zelula, koloreekiko sentikorra dena.


2. Bot.
sin. estrobilo

Kono-formako egitura batean kokatuta dagoen esporofilo-multzoa.


3. Geol.

Triangelu itxurako eta aldapa biziko higakin-masa. Haren geometriak kono baten ebakidura osatzen du, eta, oro har, gradiente-aldaketa biziko lekuetan eratzen da, airepean zein urpean. Sedimentuz zamaturiko ur-lasterrak trokartetik toki zabal eta aldapa txikiagokora irtetean jasaten duen ahalmen-galerak eragiten du konoko sedimentuak metatzea. Erreka bat mendilerro batetik irten eta leku zabalago batera isurtzean eratzen den konoa alubioi-konoa da. Itsaspean eta ezponden oinean eraturiko konoa itsaspeko konoa da.


4. Mat.

Kurba lau itxi batetik kurbaren planoan ez dagoen puntu finko batera doazen lerro zuzen guztiek sortzen duten gainazala. Gainazal erregelatua da. Kurba itxiari konoaren zuzentzaile deritzo, puntuari erpin eta erpinera doan zuzen bakoitzari sortzaile. Erpina konoaren zentroa da. Konoak bi azal ditu, bakoitza zentroaren alde batera. Konoaren zentroa simetria-zentroa da. Kurba zuzentzailea elipsea denean, konoa eliptikoa da, koadrikoetako bat. Erpina elipsearen zentrotik igarotzen den zuzen perpendikularrean badago, konoari kono zuzen deritzo; bestela, kono zeiharra. Kono zuzenek ardatza dute, erpinetik igarotzen den eta zuzentzailearen planoarekiko perpendikularra den zuzena.

Konoa
Konoa

5. Mat.
sin. kono bornatu

Kurba lau itxi batetik kurbaren planoan ez dagoen puntu finko batera doazen lerro zuzenen segmentu guztiek sortzen duten gainazalak eta kurbak berak mugatutako solidoa. Kurba itxiari konoaren oinarri deritzo, puntuari erpin, eta erpinera doazen zuzenen segmentuei segmentu sortzaile. Konoaren erpinetik oinarrira doan segmentu perpendikularra eta bere luzera konoaren altuera dira. Erpina oinarriaren zentrotik igarotzen den zuzen perpendikularrean badago, konoari kono zuzen deritzo, bestela kono zeiharra da. Konoaren azal kurbatua albo-gainazala da eta horren azalera albo-azalera.
Konoaren bolumena: V=13b h, b oinarriaren azalera eta h altuera izanik.
Kono zirkularraren bolumena: V=13πr2h, r oinarriaren erradioa eta h altuera izanik.
Kono zirkular zuzenaren albo-azalera: a a=πrs= πrr2+h2, s segmentu sortzailearen luzera, r oinarriaren erradioa eta h altuera izanik.