kolore
- 1. Fis.
Uhin-luzera jakineko uhin elektromagnetikoek ikusmenean sortzen duten sentsazioetako bakoitza. Koloreak erradiazio elektromagnetiko ikusgaiek sortzen dituzte eta uhin-luzera bakoitzari kolore bat dagokio. Argi ikusgaia uhin-luzera bakarrekoa denean, argi monokromatiko edo kolorebakarra da. Objektu jakin baten kolorea objektuak islatzen dituen erradiazio ikusgaien nahastea da. Objektu gorri batek, adibidez, gorriari dagokion uhin-luzerako erradiazioa islatzen du, eta gainerakoak xurgatu egiten ditu. Argi zuria espektro ikusgaiko uhin-luzera guztiak dituen erradiazioa da; hau da,sortzen duen sentsazioa kolore guztien nahastea da. Objektu zuriek, beraz, erradiazio ikusgai guztiak islatzen dituzte; objektu beltzek, berriz, denak xurgatzen dituzte. Zuria eta beltza, horrenbestez, ez dira, zentzu hertsian, kolore.