kobre
- 1. Kim.
Zenbaki atomikoa 29 duen elementu kimikoa. Metal gorrixka da, harikor eta xaflakorra, bero eta elektrizitatearen eroale ona. Batez ere, hari elektrikoak, ur- eta gas-hodiak eta aleazioak (letoi eta brontzea) egiteko erabiltzen da. Erreaktibotasun txikia du eta korrosio atmosferikoarekiko erresistentea da.
- 1. Kim.
- Zenbaki atomikoa 29 duen elementu kimikoa. Metal gorrixka da, harikor eta xaflakorra, bero eta elektrizitatearen eroale ona. Batez ere, hari elektrikoak, ur- eta gas-hodiak eta aleazioak (letoi eta brontzea) egiteko erabiltzen da. Erreaktibotasun txikia du eta korrosio atmosferikoarekiko erresistentea da.
Kobrea Edit
Egilea: Izaskun Gil de Muro
Kobrea, zilar eta urrearekin batera, txanpongintzako metala da. Historian zehar hiru metal horiek txanpongintzan erabili dira, metal xaflakorrak izateaz gain nobleak ere badirelako, hau da, erreaktibotasun kimiko baxua dutelako. Kobrea trantsizio-metala da, eta taula periodikoan Cu sinboloa eta 29 zenbaki atomikoa dituen elementua. Metal harikorra eta oso eroale termiko eta elektriko ona da; hori dela eta, kableak egiteko erabiltzen da.
Propietate fisiko eta kimikoak
Kobrea metal gorrixka eta distiratsua da, biguna eta xaflakorra, eta eroankortasun termiko eta elektriko oso altuak ditu. Metal askorekin aleazioak eratzen ditu.
Kobre metala airean gainazaletik oxidatzen da; horren ondorioz, kobrezko teilatu eta eskulturetan hidroxikarbonatozko edo hidroxisulfatozko geruza berdea behatzen da. Berotzean CuO oxidoa ematen du, eta tenperatura altuagoetan, Cu2O oxidoa. Airean, azido nitrikoaren eta sulfurikoaren disoluzioetan (oxidatzaileak) disolbatzen da. Amoniakoaren edo zianuroaren disoluzioetan ere disolbagarria da.
Kobreak 0-tik IV-rako oxidazio-egoera guztiak erakuts ditzake, eta II da egonkorrena. Oxidazio-egoera altuak egoera solidoan soilik dira ezagunak. Ez da airean oxidatzen, bere erredukzio-potentzial estandarra positiboa baita (E°(Cu2+/Cu) = 0,34 V).
Kobrearen zenbait propietate
Antzinako zibilizazioetan kobrea ezaguna zen, duela 10.000 urte datatutako aztarnak aurkitu baitira. Brontze-aleazioa ere oso erabilia izan da; horixe da, hain zuzen, Brontze Aroaren izenaren jatorria.
Kobrea naturan urria izan arren ondo banatuta dago, eta asko dira kobrea duten meak; sulfuro, artseniuro, kloruro eta karbonatoetan agertzen da. Mineral ugariena kalkopirita (CuFeS2) da, itxura metalikoa duen solidoa. Beste mineral ezagun batzuk hauek dira: bornita (Cu5FeS4), kobelita (CuS), kalkozita (Cu2S), azurita (Cu3(CO3)2 (OH)2), malakita (Cu2CO3(OH)2) eta kuprita (Cu2O). Bestalde, turkesa (CuAl6(PO4)(OH)8 ·4H2O) harribitxiak kolorea zor dio kobreari. Kobre metala kalkopiritatik eskuratzen da.
Konposatuak
Kobreak I eta II oxidazio-egoerak azaldu arren, ur-disoluzioan kobre(II)-a da garrantzitsuena. Ur-disoluzioan kobre(II)-aren gatz guztiak urdinak dira, [Cu(H2O)6]2+ hexaaquokobre(II) ioiaren presentziaren seinale. Disoluzioa basikotzen bada, Cu(OH)2 hidroxido gelatinakara urdin-berdexka agertzen da, baina berotzean deskonposatu eta CuO oxido beltz bihurtzen da. Amoniakoaren disoluzioetan [Cu(NH3)4]2+ tetraaminokobre(II) ioia (urdin bizia) eratzen da.
Kobrearen oxido sinpleak bi dira, kobre(I) oxidoa Cu2O (hori-gorrixka) eta kobre(II) oxidoa CuO (beltza), baina garrantzitsuena itrio bario kobre oxidoa (YBa2Cu3O7-δ) da, YBACUO supereroalea.
Aplikazioak
Kobrea metal biguna eta eroale oso ona da, eta, gainera, korrosioaren kontra erresistentea. Hori guztia dela eta, harietan eroale elektriko modura erabiltzen da. Bestetik, aleazio ezagunen osagaia da: nikelarekin txanpongintzan, zinkarekin letoian eta eztainuarekin brontzean.
Kobre-aleazio garrantzitsuenak
Propietate biologikoak
Sistema biologikoetan, hirugarren trantsizio-metal garrantzitsuena da kobrea, burdina eta zinkaren atzean. Oinarrizko elementua da landare eta animalientzat. Kobrea duten entzima asko dago, hala nola zitokromo C oxidasa eta superoxido dismutasa. Ornogabeetan, oxigeno-garraiatzaileak diren hemozianina proteinetan dago, eta horiexek dira, hain zuzen, ornogabeen odol urdinaren erantzuleak.