klorofluorokarburo

1. Kim.
sin. CFC

Kloro-, fluor- eta karbono-atomoz osaturiko konposatuen izen generikoa. Ozonoaren deskonposizioa eragiten dutela frogatu da eta atmosferako goi-geruzetan urtetan pilatu izana (aerosoletan propultsatzaile gisa eta hozkailuetan erruz erabili baitira) ozono-geruza urritzearen eragiletzat jo da. Montrealgo Protokoloaz gero (1987) erabilera murrizteko bidean da.

Klorofluorokarburo batzuk
Klorofluorokarburo batzuk

1. Kim.
Kloro-, fluor- eta karbono-atomoz osaturiko konposatuen izen generikoa. Ozonoaren deskonposizioa eragiten dutela frogatu da eta atmosferako goi-geruzetan urtetan pilatu izana (aerosoletan propultsatzaile gisa eta hozkailuetan erruz erabili baitira) ozono-geruza urritzearen eragiletzat jo da. Montrealgo Protokoloaz gero (1987) erabilera murrizteko bidean da.

Klorofluorokarburoak Edit

Egilea: Eneritz Anakabe, Sonia Arrasate

KLOROFLUOROKARBUROAK

Klorofluorokarburoak fluoroa eta kloroa duten alkanoak dira, eta CFC edo freon gisa ere ezagunak dira. Konposatu horiek guztiz egonkorrak dira, eta, askatzean eta atmosferara heltzen direnean, ez dira gai deskonposatzeko atmosferako geruza baxuenetan, industria mailan askatzen diren konposatuekin gertatzen den moduan. Ondorioz, gorantz doaz eta estratosferara iristen dira. Hor daudelarik, argi ultramorearen eraginez, C-Cl loturak apurtu eta kloro atomoak askatzen dira. Atomo horiek katean gertatzen diren erreakzioak eragiten dituzte, eta, horien ondorioz, ozono-geruza kaltetzen da, eguzki-izpi ultramoreetatik babesteko beharrezkoa dena.

XX. mendearen erdialdean hasi ziren erabiltzen gas hoztaile moduan, ordura arte erabiltzen zen amoniakoa ordezkatzeko, horren toxikotasun handiagatik eta CFCen irakite-puntu baxuengatik. Hala, izozkailuetan, hoztaileetan eta aire girotuko tresnetan, garai batean gehien erabili zen hoztailea Freon-12 edo CFC-12 (CCl2F2) izan zen. Horretaz gain, beste zenbait industria-aplikazio izan dituzte klorofluorokarburoek. Alde batetik, bits zurrunen ekoizpenerako (izotz-edukiontzietarako) eta bits malguen lorpenerako (kuxin eta burkoen ekoizpenean), aerosol eragile moduan erabili izan dira. Bestalde, klorofluorokarburoen gainazal-tentsio baxua eta biskositate baxua direla eta, propietate hezegarri egokiak dituzte. Hori dela eta, garbiketa-jariakin gisa erabili izan dira. Azkenik, aerosol komertzialen ekoizpenean erabili ziren eragile propultsatzaile moduan. CFCak eskala oso handian ekoiztu izan ziren, eta industria izugarri aberatsa bilakatu zen.

Ingurumenean, klorofluorokarburoen kantitate handi horien ekoizpenak eragindako kalteei aurre egiteko, oso beharrezkoak ez direnen erabileraren pixkanakako murrizketa edo eliminazioa bultzatu da. Hala, 1987. urtean, hogeita lau herrialdek Montrealgo Protokoloa sinatu zuten. Dokumentu horretan, CFCak murrizteko deia egin zen, eta 1986an erabiltzen zen CFC-kopurua 1998an erdira jaisteko erabakia hartu zen. Urte batzuk geroago, 1996an, CFCen ekoizpena guztiz debekatu zen, baina, hala ere, zenbait herrialdetan oraindik legala da CFCen ekoizpena.

Hori ikusita, zientzialarien eta kimikarien erronka CFCen ordezkoak bilatzea izan da. Kontuan izanik konposatu polihalogenatuen ezaugarriak horren bereziak direla, pentsatzen da horien ordezkoak familia horretako deribatuak izan daitezkeela. Dakigunez, molekulan hidrogeno-atomo bat edo gehiago sartzerakoan, atmosferako maila baxuetan gertatzen den deskonposizioaren abiadura handitu egiten da. Modu horretan, ozono-geruzari egindako kaltea txikiagoa izango litzateke. Konposatu horiei, C-H lotura dutenei, hidroklorofluorokarburo (HCFC) deritze. Gaur egun, HCFC-123-a (CF3CHCl2) erabiltzen da plastifikatzaile moduan CFC-11-aren ordez, eta HCFC-134-a (CF3CH2F) eta HCFC-22-a (CHClF2), hozkailuetan eta kotxeetako aire girotuan, CFC-12-aren ordez.

grafikoak1

Klorofluorokarburo batzuk