klima-aldaketa

1. Meteorol.

Adiera orokorrean, kliman arrazoi naturalengatik (Lurreko orbitaren aldaketak edo kontinenteen kokapena, besteak beste) edota giza jardueraren eraginengatik gertatzen diren aldaketen multzoa. Azken urteotan, kontzeptu hau gehienbat giza jarduerek eragindako aldaketekin dago lotuta. Ikuspegi horretatik, klima-aldaketa da giza jarduerak Lurreko atmosferaren konposizioan zuzenean edo zeharka eragindako aldaketen ondorioz klimaren ezaugarrietan ekarri bide dituen aldaketen multzoa, berezko aldaketaren erritmoa eta norabidea bestelakotu ditzakeena. Atmosferara erregai fosilen errekuntzaren ondorioz isuritako berotegi-efektuko gasak (karbono dioxidoa, batik bat) dira eragileetako bat. Beharrezkotzat jotzen da, horrenbestez, erregai fosilen kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien aldeko politikak sustatzea.

Kontinenteen aldaketa, milioi bat urteko tartean
Kontinenteen aldaketa, milioi bat urteko tartean

1. Meteorol.
Adiera orokorrean, kliman arrazoi naturalengatik (Lurreko orbitaren aldaketak edo kontinenteen kokapena, besteak beste) edota giza jardueraren eraginengatik gertatzen diren aldaketen multzoa. Azken urteotan, kontzeptu hau gehienbat giza jarduerek eragindako aldaketekin dago lotuta. Ikuspegi horretatik, klima-aldaketa da giza jarduerak Lurreko atmosferaren konposizioan zuzenean edo zeharka eragindako aldaketen ondorioz klimaren ezaugarrietan ekarri bide dituen aldaketen multzoa, berezko aldaketaren erritmoa eta norabidea bestelakotu ditzakeena. Atmosferara erregai fosilen errekuntzaren ondorioz isuritako berotegi-efektuko gasak (karbono dioxidoa, batik bat) dira eragileetako bat. Beharrezkotzat jotzen da, horrenbestez, erregai fosilen kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien aldeko politikak sustatzea.

Klima-aldaketa Edit

Egilea: Jon Saenz

KLIMA-ALDAKETA

Klima-aldaketa Lurraren historian zehar

Gaur egun ez dago inolako zalantzarik klima betidanik aldatu izan dela. Milioika urtean zehar, Lurrak beroa eta hotza ezagutu ditu. Horren aztarna argiak daude naturan eta gizartean. Besteak beste, honako iturri hauetatik ateratzen dugu informazio hori: makrofosiletan edo lur-sedimentuetan dauden isotopo egonkorren kontzentrazioetatik, izotz-laginetako isotopo egonkorren edo zenbait gasen (karbono dioxidoaren, metanoaren eta abarren) kontzentrazioetatik, zoruetako sakontasunaren araberako tenperatura-aldaketetatik, zuhaitzetako eraztunen lodieratik eta iturri historikoetatik (Eliza Katolikoak lehortearen kontra egindako prozesioen kopurua edo txinatarren zergei buruzko dokumentuak, besteak beste). Zalantzarik gabe, badakigu klima aldakorra izan dela beti. Beraz, gizakiaren eraginaz aparte, bestelako eraginak ere jasan ditu klimak. Lur gaineko kontinenteen eta ozeanoen kokapenak, Eguzkitik datorkigun energia-kantitateak (irradiantzia) eta haren hedapen geografikoak edota berotegi-efektuko gasen kontzentrazioetan izan diren aldaketa naturalek eragin dituzte antzinako klima-aldaketa horiek.

Geologoek egindako lanen bidez, badakigu kontinenteek aldaketa nabariak izan dituztela milioika urteko denbora-tarteetan (ikus hurrengo irudia). Horrek eragin nabaria izan du klima egituratzean, lurraren eta itsasoen hedapena oso eraginkorrak baitira klima ezartzean. Lurraren ipar- edo hego-latitudeetan lurra edo ozeano itxia daudenean, izotz-geruza lodia gara daiteke. Beste zenbait garaitan, ipar- edo hego-latitudeetan ozeano zabala egon bada, zaila izan da izotz-geruza lodia garatzea, eta horrek erabat baldintzatu du Lurrak islatzen duen eguzki-energiaren kantitatea (albedo). Duela milioika urteko klima nolakoa izan zen aztertzeko, oso garrantzitsua da kontinenteen kokapena kontuan hartzea. Dena dela, oso eragin ahula du mende honetako klima-aldaketen azterketan, ehun urtean ez baita ia aldatu kontinente eta ozeanoen kokapena.

grafikoak1

Kontinenteen aldaketa, milioi bat urteko tartean (iturria: The Paleogeographic Atlas Project; The University of Chicago)

Bestalde, gauza jakina da Eguzkitik datorkigun energia aldakorra dela. Alde batetik, Eguzkiak, izarra izanik, bere bizitza du, eta, horrenbestez, milioika urteko eskala batean, irradiantzia ez da konstantea izan. Epe laburrean ere, badira ziklo txiki batzuk (eguzki-orbanak, esaterako) Eguzkitik datorkigun erradiazioan. Edozein modutan, klimatologoen artean, gauza jakina da hori ez dela garrantzitsua gaur egungo klima-aldaketaren ikerketan, aldaketak oso txikiak izan baitira azken hamarkadetan. Hamar mila urteko eskala batean (20.000-100.000 urte bitartean), ordea, Lurraren parametro orbitalen aldaketa horiek erabakigarriak dira (ikus hurrengo irudia). Ez dira garrantzitsuak irradiantziaren balioa aldatzen dutelako, baizik eta erradiazio horrek Lurraren gainean duen hedapenean aldaketa nabariak sortzen dituztelako (Ipar hemisferioko 65°-tik gorako latitudeetan, bereziki). Horregatik azaltzen dira Kuaternario garaiko izotz-aroak. Ipar latitudeetan, uda garaiko irradiantzia gaur egungoa baino txikiagoa zenean, Eguzkiak ez zuen behar besteko indarrik neguko izotza urtzeko, eta izotzak urte batetik bestera irauten zuen. Modu horretan, Lurraren albedoa handituz joan zen, eta Lurraren tenperaturak beherantz egin zuen, Milankovitchen teoriaren arabera. Teoria hori ez da guztiz perfektua, zenbait gauza ez baititu azaltzen; esate baterako, izozte- eta berotze-prozesuetako simetria falta. Lurra oso astiro izozten da, eta oso arin berotzen da. Bestalde, irradiantziaren ziklorik ahulena (100.000 urtekoa, alegia) sendoena da erregistro fosilean. Nolanahi ere, oro har, daukagun teoriarik hoberena da, betiere berotegi-efektuko gasen eragina kontuan hartzen badugu azalpen kuantitatibo zuzenak eman ahal izateko. Dena dela, azpimarratu behar dugu teoria horrek ezin duela azaldu gaur egungo klima-aldaketa, 50 urteko epean gerta daitezkeen aldaketa orbitalak oso ahulak baitira.

grafikoak2

Antartikako izotz-laginetako inguruko tenperaturarekin lotutako deuterioko (δD) aldaketak. Izotz horretan, mila urtean isolaturik gelditu diren berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa: karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4) eta oxido nitrosoa (N2O). Datuak azkenengo 650.000 urteetakoak dira. Gune grisek glaziazioarteko tarteak adierazten dituzte (iturria: IPCC, 2007).

Aldaketa naturalei dagokienez bukatzeko, klimatologook badakigu arrazoi naturalak egon direla azken milioika urteetako berotegi-efektuko gasen kontzentrazio-aldaketen atzean. Esaterako, tenperatura aldatzen denean, ozeanoetan xurgatuta dagoen karbono dioxidoak ezin du bertan disolbatuta jarraitu, disolbagarritasuna txikitzen delako tenperaturak gora egiten duenean. Tenperaturak gora egiten duenean, ozeanoetan disolbaturiko karbono dioxidoaren lurrin-presioa handiegia da, eta ozeanoek karbono dioxidoa isurtzen dute eguratsera. Beste gertaera batzuek (suntsipen masiboak edo biomasaren hazkundeak, esaterako) desorekak sortzen dituzte karbono- edo oxigeno-zikloetan, eta karbono dioxidoaren edo oxigenoaren egurats-kontzentrazioak aldatzen dituzte. Berriro ere, badakigu aldaketa horiek ez daudela gaur egungo klima-aldaketaren atzean, bereziki gizakiak eragin baitu karbono dioxidoaren kontzentrazioaren igoera, neurketa guztiek adierazten digutenez.

Beraz, aurrera jarraitu baino lehen, gauza bat izan behar dugu kontuan; joan diren milioika edo milaka urteetako klima-aldaketek ezer gutxi lagunduko digute gaur egungo klima-aldaketa iragartzen. Antzinako aldaketa haiek sortu zituzten kausak ez dira azken mendeko klima-aldaketaren atzean daudenak. Ezin ditugu orduko datuak eguneratu eta, besterik gabe, gaur egun analogiaz erabili. Orduko kontinenteak, orduko parametro orbitalak eta orduko berotegi-efektuko gasen kontzentrazioak ez dira gaur egungoen parekoak. Arazoa hori baino zailagoa da.

Klima-aldaketa azken hamarkadetan

XX. mendean, Lurraren batez besteko tenperaturak gora egin zuen, eta ozeanoko eta zoruetako goiko geruzetako beroak ere gora egin zuen.

grafikoak3

Azken mendeko tenperaturaren batez besteko balioaren igoera (a), ozeanoetako batez besteko igoera (b) eta Ipar hemisferioko izotz-geruzetako batez besteko jaitsiera martxotik apirilera (c). Balio guztiak 1961etik 1990era arteko batez besteko balioen diferentzia moduan adierazten dira, eta urdinez markatutako guneak neurketei loturiko erroreak dira (iturria: IPCC, 2007)

Aldi berean, Artikoko eta mendietako izotzak behera egin zuen. Horrek klima-aldaketari buruzko kezka sortu zuen XX. mendeko gizartean. Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera hasi zen Charles Keeling Mauna Loa mendian karbono dioxidoaren neurketak egiten, eta neurketa haien emaitzak oso adierazgarriak izan ziren. Karbono dioxidoa goraka zihoan (eta oraindik ere badoa). Era berean, karbono-isotopoen (12C, 13C eta 14C) kontzentrazio erlatiboak (14 C/12C eta 13C/12C) neurtu zituzten, eta argi ikusi zuten biak behera doazela (Suess efektua). Eta ezin dugu ahaztu azken urteotan egindako neurketen arabera oxigenoaren kontzentrazioak ere behera egin duela. Munduko laborategi askok egindako neurketa horiek guztiak kontuan hartuta, ezin da ukatu erregai fosilak eta deforestazioa (hau da, gizakiaren eragina) oso garrantzitsuak izan direla karbono dioxidoaren azken urteetako joeran, erregai fosilek eta fotosintesiaren bidez sortutako hidrokarbonoek 13C eta 14C gutxi daukatelako.

Fisikaren oinarrizko teoriek erakusten digutenez, eguratsean zeharreko energia-fluxuan karbono dioxidoa partaide garrantzitsua da, erradiazio infragorria xurgatzen duelako. Haren kontzentrazioa handitzen bada, Lurraren azaleko tenperatura igo egiten da ezinbestean. Ez dago beste aukerarik. Eztabaidagarria da zenbat berotuko den azala, baina ez da eztabaidagarria berotuko den ala ez, berotu baino ezin baita egin. Dena dela, oso zaila da zehazki jakitea zenbat berotuko den. Zailtasun horren gakoa naturaren berrelikadura-zikloetan datza. Esaterako, Lurra berotzen bada, eguratsean ur-lurrun gehiago egongo da, batez beste. Hori horrela izanez gero, ur-lurrunaren erradiazio infragorriaren xurgapena ere handiagoa izango da, eta horrek berotze handiagoa eragingo du. Bestetik, eguratseko ur-lurrunaren kantitatea aldatzen bada, hodeien egitura ere aldatuko da, eta Lurraren azala gehiago edo gutxiago berotuko da, etorkizuneko hodeitzaren eta horren altueraren arabera.

Gaur egun zientziak klima-aldaketa aztertzeko duen tresnarik konplexuena zenbakizko ereduak dira. Munduko meteorologia-institutu guztietako zenbakizko ereduek antzeko emaitza ematen dute. Karbono dioxidoaren kontzentrazioa handitzen bada, Lurraren azala berotu egingo da. Gehiago ere esan daiteke. Eragin naturalak soilik kontuan hartuta (hau da, irradiantziaren aldaketak eta sumendiek isuritako aerosolen kantitatea), XX. mendeko tenperaturaren bilakaera ezin da simulatu zenbakizko ereduen bidez. Gizakiak eguratsera isuritako aerosolak eta berotegi-efektuko gasak kontuan harturik, ostera, zenbakizko ereduek simula dezakete bilakaera hori.

grafikoak4

Zenbakizko ereduen bidez simulaturiko mundu osoko batez besteko tenperatura, 1901etik 1950era arteko batez besteko balioen diferentzia moduan adierazita. Goiko grafikoan (a), naturaren eraginak (Eguzkitiko irradiantzia eta sumendiek isuritako aerosolak) eta gizakiaren eraginak (berotegi-efektuko gasak eta aerosolen isuriak) hartu dituzte kontuan ereduen emaitzak kalkulatzeko. Lerro gorriak eredu guztien batez besteko balioa markatzen du, eta eredu bakoitzeko simulazioak lerro laranjaz daude markatuta. Lerro beltzak behaketak adierazten ditu. Lerro grisek sumendi nagusien erupzioak markatzen dituzte. Beheko grafikoan (b), eragin naturalak soilik erabili dituzte ereduak martxan jartzean. Aurrekoan bezala, lerro urdin lodiak eredu guztien batez besteko balioa markatzen du, eta lerro urdin finek ereduen banakako balioak adierazten dituzte; lerro beltzak, berriz, tenperaturaren behaketen batez besteko balioa. Ereduen emaitzak behaketak egindako tokietan kalkulatu dira (iturria: IPCC, 2007)

IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change, Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea)

Gizartea kezkatuta zegoenez, 1986. urtean, Munduko Meteorologia Erakundeak (WMOk) eta Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen Programak (UNEPek) Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea (IPCC) sortu zuten. IPCC antolatzean, aholkularitza teknikorako taldea sortzea zen asmoa. Aholkularitza tekniko hori hiru taldetan banatu zen:

  • Klima-aldaketari buruzko zientzia, 1. taldea.

  • Klima-aldaketak ingurumenean edo gizartean sor ditzakeen inpaktuak aztertzea da 2. taldearen erantzukizuna.

  • Klima-aldaketa eragozteko edo arintzeko gizarteak har ditzakeen neurriak 3. taldean aztertzen dira.

IPCCk lau txosten argitaratu ditu sortu zenetik, 1990ean, 1996an, 2001ean eta 2007an. Txosten horietan, IPCCk ez du zientziarik sortzen; txosten batetik bestera klima-aldaketarekin loturiko zientziak izan duen garapena biltzen du, baina ez du zientzia berririk sortzen. Alegia, zientzialariek argitalpen zientifikoetan sortu duten zientzia aztertzen du, eta, emaitza horien arabera, ondorioak adierazten dizkie politikariei. Beraz, IPCCk gauza asko aztertzen ditu txosten bakoitzean. Besteak beste, aztertzen du karbono dioxidoaren eragina ez ezik ea beste eraginik egon litekeen, azken mende honetako klima-aldaketa azal dezakeenik, eta ea Eguzkitik datorren energiaren igoerak edo lurzoruaren erabileren aldaketak eragin handiagoa izan duten karbono dioxidoak baino. Azterketa sakona egin eta gero, erantzuna garbia da. Ez dago karbono dioxidoa bezain garrantzitsua den beste eraginik joan den mendeko klima-aldaketaren atzean.

Datu esperimentaletan, hau da, benetako neurketetan oinarrituriko azterketak miatu eta gero, IPCCk gauza batzuk ia segurutzat ematen ditu. Esaterako, ez dago zalantzarik mundu osoko batez besteko tenperatura igo dela (zoruetan, ozeanoan eta eguratseko beheko geruzetan). Gero eta izotz gutxiago dago Ipar hemisferioan, eta ozeanoaren maila altuagoa da, beroaren eraginez dilatatu, eta, ondorioz, handitu egiten delako eta izotz gutxiago dagoelako lur gainean. Eguratseko berotegi-efektu naturala areagotzeko gai diren gasen kontzentrazioa ez da inoiz izan gaur egun baino altuagoa, azken 650.000 urteetan gutxienez (800.000 urteotan, azken ikerketen arabera). Gas horien iturri nagusia gizakion jardueretan datza, bereziki. Azken urteetako tenperaturaren igoerak aldaketak eragin ditu ekosistema batzuetan; espezie batzuen bizilekuak edo ekosistemen osaera aldatu ditu.

Beste neurketa batzuk ez dira hain garbiak. Ditugun datuen arabera, ezin da ziurtzat eman azken mila urteetan mundu osoko tenperatura ez dela inoiz izan gaur egun baino altuagoa, nahiz eta hori litekeena den. Gune txikietako euri-segidak aztertuz gero, urte batetik besterako aldakortasun nabariagoa erakusten dute neurketek, eta ezin da ikusi gune txikietarako (kontinenteak baino txikiagoetarako) joera garbirik munduko leku guztietan. Oro har, ematen du berotegi-efektuko gasak, sumendiek eta gizarteak isuritako aerosolak eta Eguzkitik datorren energiaren kantitate aldakorra direla azken zazpi mendeetako klima-aldaketaren eragile nagusiak.

Zenbakizko ereduei dagokienez, ziurgabetasunik handiena ez dago ereduen fisikan edo matematikan, baizik eta etorkizunean gizarteak izango duen populazioan edo norbanakoen energia-kontsumoan, esate baterako. Eredu guztiek ez dituzte emaitza berak ematen gizartearen isurpen berdinetan, baina ziurgabetasunak askoz handiagoak dira isurpen-agertoki desberdinetan (ikus hurrengo irudia). Oro har, Lurraren azaleko batez besteko tenperatura 1,1-6,4 gradu igoko da XXI. mendearen bukaerarako. Gaur egun isurtzeari utziko bagenio ere (kontzentrazio konstanteko hipotesian), batez besteko tenperaturak igotzen jarraituko luke, oraingo klima ez baitago orekatuta. Eredu gehienen arabera, klimaren muturreko gertaerak (lehorteak, uholdeak edo bero-boladak) maizago gertatuko dira etorkizunean. Litekeena da Artikoko izotza gero eta meheagoa izatea. Seguruenik, Groenlandia gaineko izotza ere gutxituko da, baina horretan ere ziurgabetasun handiak daude.

grafikoak5

Eredu guztiek etorkizunerako aurreikusitako Lurraren azaleko batez besteko tenperatura, 1980-1999 bitarteko batez besteko balioa kenduta, isurien agertokien arabera (A2, gorriz; A1B, berdez; eta B1, urdinez). Simulazioak XX. mendeko simulazioen jarraipen moduan adierazten dira (lerro beltzean). A1B eta B1 agertokiei dagozkien simulazioak jarraituak izan dira XXII. mendean, berotegi-efektuko gasen kontzentrazioak XXII. mendean zehar konstante mantendu izan balira bezala. Era berean, beste egoera bat adierazten da, 2000. urteko berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa konstante mantenduko balitz bezala (laranjaz). Eredu guztiek emandako batez besteko balioa adierazten du lerro lodi bakoitzak (isurien agertokien arabera sailkatuta), eta eredu guztiek emandako balioak adierazten dituzte kolorez margotutako guneek (ereduen arteko plus/minus desbideratze estandarra). Kolorez markatutako zenbakiek multzo bakoitzeko ereduen kopurua adierazten dute (iturria: IPCC, 2007)

Beraz, nahiz eta datuen faltagatik zenbait puntu konkretutan ziurgabetasun handiak egon, oro har, IPCCk aldarrikatzen du klima aldatzen ari dela. Horrek ondorio onak edo txarrak sortuko ditu. Zenbait tokitan, bero handiegia eta ur gutxiegi egongo da, eta horrek zailtasunak sortuko ditu nekazaritzan. Gaur egun hotzegiak diren toki askotan, berriz, berotze globalagatik, bizi-kondizio hobeak izan litezke etorkizunean. Arriskutsua izango litzateke argudio horri eustea egungo bizimodua ukitu barik mantentzeko. Gaur egun, munduko gizarte guztiek ez dute sentikortasun bera arazo horren aurrean. Ipar hemisferioko mendebaldeko gizarte garatuek edo garabidean daudenek ez dituzte berdin sufrituko sor litezkeen arazoak. Ziurgabetasunen aurrean, neurri batzuk (norbanakoen energia-kontsumoa gutxitzea, energia berriztagarrien kontsumoa edota kontsumo eraginkorragoa sustatzea) onargarriak dira, eta ez dute inongo ondorio larririk sortuko. Ezer egin gabe aurrera jarraitzea, etorkizunean egongo den klimaren ezaugarriak zehazki nolakoak izango diren jakin gabe, ausartegi jokatzea da.