karpoforo

1. Mikol.
sin. esporokarpo, esporoforo, fruitu-gorputz

Esporak sortzen direnetik askatu arte babesten dituen eta horien barreiatzea errazten duen egitura.

Basidioma boletoidea: <span style="font-style:italic">Boletus edulis</span>
Basidioma boletoidea: Boletus edulis

1. Mikol.

Esporak sortzen direnetik askatu arte babesten dituen eta horien barreiatzea errazten duen egitura.

Karpoforoa Edit

Egilea: Ibai Olariaga

KARPOFOROA

Onddoak, nagusiki, begetatiboki nahiz espora bidez ugaltzen diren izaki bizidunak dira. Onddo primitiboenetan izan ezik, zeinetan esporak edo eurak garatzen dituzten egiturak zuzenean mizeliotik sor daitezkeen, hifa ez-ugalkorrez eratutako egitura espezializatuetan garatzen dira esporak. Horiek dira, hain zuzen, karpoforo izenekoak. Karpoforoen funtzioak dira, besteak beste, esporak, sortzen direnetik askatu arte, babestea eta euren barreiatzea erraztea. Oro har, epigeoak izan ohi dira, hots, lur gainean hazten dira, nahiz eta hipogeoak, lur azpian garatzen direnak, ere badiren. Esporek jatorri sexuala dutenean, himenoforo izeneko karpoforoaren eskualdean garatzen dira.

Karpoforo terminoa esporoforo, esporokarpo edo fruitu-gorputz hitzen baliokide da. Modu orokorrean erabiltzen den terminoa da, izan ere, mota askotako karpoforoak daude. Hiru karpoforo-mota bereiz daitezke, beren baitan sortuko den espora-motaren arabera: basidiomak, askomak eta konidiomak.

Basidiomak

Onddo basidiomikotoek sortzen dituzten egiturak dira. Basidio izeneko zelula hanpatuen kanpo-aldean sortzen dira esporak, zeintzuek basidiospora izena duten. Basidiosporek jatorri sexuala dute, hots, meiosi bidez sorturiko meiosporak dira. Basidioma asko mamitsuak eta makroskopikoki ikusgaiak dira. Forma aldetik, dibertsitate handikoak dira basidiomak. Sailkapen zehatzik ez den arren, basidioma-mota hauek bereiz daitezke, formaren, himenoforoaren itxuraren eta garapen-motaren arabera:

  • Agarikoidea: garapen hemiangiokarpikoa izanik, himenoforoa orriz eratua, pileoa, eta, oro har, estipea duen basidioma-mota da. Basidioma rusuloideak itxura berekoak dira, baina, hifa zilindrikoz ez ezik, basidioma agarikoideen aldera, batez ere zelula esferikoz osaturik dute mamia. Perretxiko izen herrikoiaz ezagun diren basidiomak agarikoideak dira. Honelako basidiomak dituzten zenbait espeziek garrantzi ekonomiko handia dute, jangarriak baitira. Aipatzekoak dira Russula, Lactarius, Tricholoma eta Calocybe generoetako espezie batzuk.

grafikoak1

Basidioma agarikoidea: Russula virescens

  • Boletoidea: garapen hemiangiokarpikoa izanik, himenoforoa hodiz eratua, pileoa eta estipea duen basidioma-mota da. Onddo zuri edo onddo beltz izen herrikoiaz ezagun diren basidiomak boletoideak dira. Hauek ere garrantzi handi samarra dute, espezie batzuk jangarriak baitira: Boletus edulis, B. aereus, B. eryhtropus...

grafikoak2

Basidioma boletoidea: Boletus edulis

  • Gasteroidea: garapen angiokarpikoa duen basidioma-mota da. Mota honetako basidiomak, basidiosporak heldu aurretik behinik behin, esferikoak izan ohi dira, nahiz eta heltzean bestelako itxura har dezaketen. Aipagarriak dira Lycoperdon generoko astaputz izenekoak edota Astraeus eta Gestrum generoetako izarputz direlakoak.

  • Poliporoidea: garapen gimnokarpikoa izanik, himenoforoa hodiz eratua duen basidioma-mota da. Sarritan, erresupinatuak izan ohi dira, baina, zenbaitetan, pileoa edota estipea ere izan dezakete. Aipagarri dira, besteak beste, Polyporus, Fomes, Fomitopsis eta Trametes generoak.

grafikoak3

Basidioma poliporoidea: Polyporus arcularius (iturria: Ibai Olariaga)

  • Kortizioidea: garapen gimnokarpikoa izanik, himenoforo leuna (orri edo hodirik gabea) eta estiperik ez duen basidioma-mota da. Honelako basidiomak erresupinatuak izan ohi dira gehienetan, baina, zenbaitetan, pileoa izan dezakete. Aipagarri dira Stereum, Hyphodontia, Hyphoderma eta Phlebiopsis generoak.

  • Klabarioidea: garapen gimnokarpikoa, himenoforo leuna eta forma zilindriko, klabiforme edota adarkatua duen basidioma-mota da. Aipagarriak dira Clavaria, Ramaria eta Pterula generoak.

  • Kantareloidea eta hidnoidea: garapen gimnokarpikoa izanik, pileoa, estipea eta himenoforoa tolesturaz (kantareloidea) edo eztenez (hidnoidea) eratua duten basidioma-motak dira. Aipagarri dira Cantharellus generoko ziza hori edo saltsa-perretxiko izenekoak eta Hydnum generoko tripaki direlakoak.

grafikoak4

Basidioma hidnoidea: Hydnum repandum (iturria: Ibai Olariaga)

Askomak

Onddo askomikotoek sortzen dituzten egiturak dira. Asku izeneko zaku-itxurako zeluletatik sortzen dira esporak, eta askospora deritze. Askosporek jatorri sexuala dute, hots, meiosi bidez sorturiko meiosporak dira. Askoma batzuk mamitsuak eta makroskopikoki ikusgaiak dira. Forma aldetik, dibertsitate handikoak dira askomak. Formaren eta himenoforoaren kokapenaren arabera, lau askoma-mota bereizten dira.

  • Apotezioa: jatorriz behinik behin kopa-itxura duen eta himenoforoa agerian duen askoma-mota da. Morchella generoko espezieek, karraspina deiturikoek, zein Tuber generokoek, trufa edo boilur gisa ezagutzen direnek, apotezio moduko askomak garatzen dituzte. Taxonomia klasikoan, askoma-mota hau zuten generoak Discomycetes klasean kokatzen ziren, Peziza, Aleuria eta Rhizina, kasu baterako.

grafikoak5

Apotezio moduko askoma: Morchella conica (iturria: Tomasz Przechlewski)

  • Peritezioa: botila-itxura duen, himenoforoa barnean barreiaturik eta ostiolo izeneko irtengunea duen askoma-mota da. Taxonomia klasikoan, askoma-mota hau zuten generoak Pyrenomycetes klasean kokatzen ziren, Hypoxylon, Xylaria eta Daldinia, kasu baterako.

grafikoak6

Peritezio moduko askoma: Xylaria polymorpha. Estromak, zeharkako ebakiduran, kanpoaldean peritezioak agerian direla (iturria: Ibai Olariaga)

  • Kleistotezioa: esferikoa den eta himenoforoa barnean barreiaturik duen askoma-mota da. Taxonomia klasikoan, askoma-mota hau zuten generoak Plectomycetes klasean kokatzen ziren, Erysiphe eta Uncinula, kasu baterako.

  • Askostroma: himenoforoa estroma baten barrunbean duen askoma-mota da. Taxonomia klasikoan, askoma-mota hau zuten espezieak Loculoascomycetes klasean kokatzen ziren.

Konidiomak

Zenbait onddo-taldek sortzen dituzten egiturak dira. Konidio izeneko esporak sortzen dira, mitosporak, hain zuzen ere. Konidiomak egitura mikroskopikoak izaten dira, oro har, eta, euren morfologiaren arabera, lau mota hauetan sailkatzen dira:

  • Piknidioa: esferikoa den, ostiolo izeneko irtengunea duen eta konidioak bere barrunbean garatzen dituen konidioma-mota da. Phoma, Phomopsis, Pyrenochaeta eta Botryodiplodidia generoak dira aipagarrienak.

  • Azerbulua: geruza batean hertsiki kokaturiko konidioforoz osatutako kuxin-itxurako hifa duen konidioma-mota da. Colletotrichum generoa da aipagarriena.

  • Sinema: euskarri zilindriko batean elkartuta goiko aldean konidioforo-multzo konpaktua duen konidioma-mota da. Doratomyces, Dendrostilbella, Graphium eta Trichurus generoak dira aipagarrienak.

  • Esporodokioa: estroma baten barrunbean sortzen diren konidioforoak dituen konidioma-mota da. Epicoccum, Tubercularia eta Volutella generoak dira aipagarrienak.