karga
- 1. Arm.
Su-armaz egindako tiro batek edo lehergailu batek duen lehergai- edo munizio-kantitatea.
- 2. Fis.
- sin. karga elektriko
Gorputz batek duen elektrizitate-kantitatea, protoi- eta elektroi-kopuruak berdinak ez direlako sortua. Kargaren guztizkoa karga positibo eta negatiboen arteko kendura da. Oinarrizko magnitudea da, eta coulombetan neurtzen da SI sisteman. Karga elektrikoa elkarrekintza elektromagnetikoaren iturria da.
- 3. Inform.
Memento jakin batean ordenagailu edo sistema informatiko bat egiten ari den lan guztia, ahalmen totalaren ehunekotan adierazia.
- 4. Teknol. Elektr.
Sistema elektrikoetan, puntu jakin batean edo batzuetan sistemak ematen edo xurgatzen duen potentzia edo puntu batean zirkuituak garraiatzen duen potentzia.
- 5. Teknol. Elektr.
Zirkuitu elektrikoetan, zirkuitutik energia xurgatzen duten unitateetako bakoitza, unitate horiek banaka zein multzoka kontsideratuta.
- 2. Fis.
- Gorputz batek duen elektrizitate-kantitatea, protoi- eta elektroi-kopuruak berdinak ez direlako sortua. Kargaren guztizkoa karga positibo eta negatiboen arteko kendura da. Oinarrizko magnitudea da, eta coulombetan neurtzen da SI sisteman. Karga elektrikoa elkarrekintza elektromagnetikoaren iturria da.
Karga Edit
Egilea: Idoia G. Gurtubay
Materiaren oinarrizko ezaugarri bat da, gertaera elektriko guztiak sortzen dituena. Kargaren oinarrizko unitatea e letraz adierazi ohi da, eta protoi baten edo elektroi baten karga da. Protoiaren karga positiboa da (+e), eta elektroiarena, negatiboa (-e). Oinarrizko beste partikula guztiek +e, -e edo ±Ne karga daukate (N zenbaki osoa izanik), quarkek izan ezik. Quarkek 1/3 e edo 2/3 e karga daukate. SI sisteman, karga-unitatea coulomb da, eta 6,24 × 1018 e balio du.
Partikula kargatu guztiek indar-eremu elektriko bat sortzen dute, eta, horren bidez, zeinu bereko partikulak alderantzikatzen dituzte, eta aurkako zeinuko partikulak erakartzen dituzte. Indar horren magnitudea Coulomben legeak deskribatzen du: indarraren magnitudea bi kargen biderkaduraren proportzionala da, eta kargen arteko distantziaren karratuarekin txikiagotzen da. Indar hori partikulen arteko grabitazio-indarra baino gogorragoa da, eta atomoan protoiak eta elektroiak lotzearen edo lotura kimikoaren arduraduna da.
Atomo baten elektroi- eta protoi-kopurua berdina denean, atomoa neutroa da. Oro har, sistema fisiko bat neutroa izango da, baldin eta karga positibo eta karga negatibo kopurua berdina badu. Hau da, objektu makroskopiko baten karga elektrikoa objektua osatzen duten partikulen karga elektrikoen batura izango da.
Karga kontserbatzen den kantitatea da, hau da, ezin da ez sortu ez eta deuseztatu ere. Sistema fisiko itxi batean, karga elektrikoak konstante dirau. Hala ere, nahiz eta karga kontserbatzen den, karga gorputz batetik beste gorputz batera transferi daiteke, korronte elektrikoaren bitartez. Korronte elektrikoa eroale baten bidezko kargaren fluxua da. Izatez, korrontea atomo batetik beste atomo batera transferitzen diren milioika karga indibidualez osatuta dago. Karga-transferentzia hori elektroien bidez gertatu ohi da. Horrexegatik, korronte elektrikoetan garraiatzen den elektrizitate-kantitate gisa uler daiteke karga.