kandela
- 1. Fis.
Argi-intentsitatearen SI sistemako unitatea. SI sistemako oinarrizko unitateetako bat da. Norabide jakin batean 540 × 1012 hertzeko maiztasuneko erradiazio monokromatikoa igortzen duen iturri baten argi-intentsitatea da, norabide horretako energia-intentsitatea 1/638 watt/estereorradian denean. Argi-intentsitatea neurtzeko, hainbat unitate erabili ziren, 1937an Argiztapeneko Nazioarteko Batzordeak (CEI, Commision Internationale de l'Éclairage) unitate berri bat onartu zuen arte. 1948an, Pisu eta Neurrien 9. Konferentzia Nagusiak unitate horri kandela izena eman zion, eta sinboloa ere erabaki zuen: cd. 1967an, 13. Konferentzia Nagusiak 1948ko definizioa hobetu zuen. Hala ere, 1979an, erradiometriaren aurrerapenak zirela eta, kandelaren definizio berria, gaur egun indarrean dagoena, onartu zuen 16. Konferentzia Nagusiak.