itsaso

1. Astron.

Eguzki-sistemako zenbait planetaren eta Ilargiaren azaleko lautada zabala, higadura apala izan duena, edo hedadura horren zati jakina, eskualde batean aurkitzen dena.


2. Geogr./Ozean.

Lurrazalaren parte bat estaltzen duen ur-masa handia, ozeano bat baino txikiagoa dena. Ozeano bati lotua izan daiteke (Mediterraneo itsasoa) edo ozeano baten parte (Kantauri itsasoa). Itsaso baten zati bat adierazteko ere erabiltzen da (Itsaso Adriatikoa eta Itsaso Jonikoa, adibidez, Mediterraneo itsasoan daude). Aintzira handiei ere, bai gaziei bai gezei, itsaso deritze: Kaspiar itsasoa, Aral itsasoa.


3. Ozean.
sin. ozeano

Lurraren azalaren bi herenak, gutxi gorabehera, estaltzen dituen ur gazizko hedadura zabal eta jarraitua.

Itsasoa ilunabarrean
Itsasoa ilunabarrean

3. Ozean.
Lurraren azalaren bi herenak, gutxi gorabehera, estaltzen dituen ur gazizko hedadura zabal eta jarraitua.

Itsasoa Edit

Egilea: Iñigo Muxika, Ibon Galparsoro, Joxe Mikel Garmendia, Joana Larreta, Hilario Murua, Oihana Solaun, Ainhize Uriarte

ITSASOA

Espaziotik urdin ikusten da gure planeta, itsaso eta ozeanoek lurrazalaren % 71 estaltzen baitute, eta, bolumenean, Lurreko bizigunearen % 90 betetzen dute. Itsasoa osatzen duen masarik gehiena bi hidrogeno-atomok eta oxigeno-atomo batek osatutako molekulak dira (H2O), ura, alegia. Hain zuzen, planeta osoko ziklo hidrologikoan parte hartzen duen uraren % 97 itsasoan dago.

grafikoak1

Itsasoa ilunabarrean

Ura disolbatzaile unibertsal gisa ezaguna da. Horrek itsasoko uretan hainbat elementu izatea ahalbidetzen du. Elementu horiek prozesu fisiko, kimiko eta biologikoen bidez disolbatuak izan dira; gatzak dira horien artean ugarienak (milako 35 parte). Gatz horiek, kloro-, sodio-, magnesio-, sufre-, kaltzio-, potasio-, estrontzio-, boro- eta fluor-elementuez osatuta daude. Horien artean, sodio kloruroa (NaCl), gatz arrunta, da ugariena (% 80). Magnesioa ere ugaria da, eta magnesio kloruroa eratzen du gehienbat, nahiz eta magnesio sulfato eta magnesio bromuro moduan ere badagoen itsas organismoen eskeletoetan. Sufrea, berriz, sulfato gisa dago, eta, nahiz eta itsas zabalean kontzentrazio oso homogeneotan agertzen den, kostaldean aldakorra da erreketako urak sulfatotan aberatsagoak baitira. Kaltzioa aurreko elementuak baino kontzentrazio baxuagoan dago. Gehienbat, karbonato moduan agertzen da, eta ezinbesteko elementua da itsasoko organismoen eskeletoa eratzeko. Organismo horiek hiltzean, hondoan biltzen dira, eta kaltzio-iturri garrantzitsu bihurtzen dira. Potasioak, sufrearen moduan, kontzentrazio aldakorra erakusten du kostaldean, hondoko landareek bereganatzeko ahalmena baitute. Ur gezak, itsasoko uretan deskonposizio-egoeran dauden konposatu organikoek eta lohien eraketak ere badute eragina haren kontzentrazioan.

Aurreko elementuez gain, oligoelementuak ere badaude itsasoan, baina proportzio baxuagoan (parteko, milioiko eta bilioiko mailan). Gutxi gorabehera, 79 oligoelementu daude, eta kontzentrazio aldakorrak izan ditzakete, itsasoan bizi diren organismoen erabileraren eta itsasoko aktibitate geokimikoaren ondorioz. Beraz, bi taldetan banatzen dira: kontzentrazio konstantea mantentzen dutenak (burdina, manganesoa, kobrea, silizea, iodoa eta fosforoa) eta kontzentrazio aldakorra dutenak (kadmioa, titanioa, kromoa, talioa, germanioa eta antimonioa, besteak beste).

Oligoelementuek eta haiek eratutako konposatuek, beste substantzia organiko batzuekin konbinatuta, mantenugaiak osatzen dituzte. Mantenugaiek aktibitate kimikoan eta biologikoan eta materia organikoaren deskonposizioan dute jatorria, eta itsasoko elika-kateen oinarri dira. Lehenengo 1.000 m-etan egoten dira nagusiki, eta itsaslasterren mugimenduei esker azaleratzen dira gehienbat. Behin azaleratuta, fitoplanktonak eguzki-energia eta karbono dioxidoa erabiltzen ditu mantenugaiak oinarri hartuta materia organikoa eratzeko.

Nitrogenoa da mantenugaien artean ugariena. Atmosferan gas moduan dago, eta horren zati bat uretan disolbatzen da. Elementu egonkorra den arren, itsasoko uretan zenbait erreakziotan parte hartzen du. Hori dela eta, itsasoan, nitrito eta nitrato gisa dago gehienbat. Era horretan dagoen nitrogenoa erraz bereganatzen dute landare berdeek, eta materia organikoa eratzeko erabiltzen dute.

Ozeanoko urak atmosferarekin duen harremana dela eta, nitrogenoaz gain beste gasak ere edukitzen ditu disolbatuta. Horien artean, oxigenoa da garrantzizkoenetakoa, batez ere azaleko geruzetan. Oxigeno-edukia handiagoa da ur hotzetan beroetan baino, eta itsaslasterrei esker barreiatzen da. Horrela, sakonera handiko urek oxigeno-kontzentrazio handia dute, poloetan hondoratzen den ur hotza oxigenoz gainezka izaten baita. Gainera, sakonera handitu ahala, handitu egiten da kontzentrazioa ere, haren disolbagarritasuna emendatu egiten baita presioarekin.

Karbonoaren zikloan itsasoak duen garrantzia dela eta, aipatu beharra dago karbono dioxidoa. Giza jardueren eragina nabaritu aurretik, karbono dioxidoa ozeanotik atmosferara eta lehorrera pasatzen zen; han, materia organikoa osatzen zuen, eta, azido karboniko bihurturik, mineralak higatu egiten zituen. Gizakiak erregai fosilak erabiltzearen ondorioz, prozesua aldatu egin da, eta, gaur egun, itsasoa karbono dioxidoaren gordailu bihurtu da: urtero 2.350 milioi tona karbono inguru bereganatzen ditu, eta horrek ozeanoko uraren pH-a jaitsaraz dezake.

Nahiz eta ur-azaletik itsasoak itxura nahiko homogeneoa erakusten duen, ur-masa itzel horrek itsas hondo irregularra eta berezitasunez josia ezkutatzen du.

Oro har, kontinentetik abiatuz, kostaldetik hasi eta ur-sakonera handietara, hiru atal nagusi topatzen dira. Lehenik, kontinente-plataforma, malda txikia duen lautada, batez beste 200 m-ko sakonerara iristen da, eta oso zabalera desberdina erakusten du munduan zehar (adibidez, Txilen ia ez dago, 7-20 km ditu euskal kostaldean, 60-200 km Akitania parean eta 560 km Argentina aurrean); itsas hondoaren % 7,5 okupatzen du, eta, batzuetan, V itxurako haranez zeharkatuta agertzen da. Ondoren, kontinente-ezponda ikusten da, malda handiko tartea; batez beste 45 km-ko zabaleran 1.800 m baino sakonera handiagoetara jaits daiteke; itsas hondoaren % 9 betetzen du eta, noizbehinka, urpeko arroilek zeharkatzen dute, nondik sedimentuak lautada abisaleraino jaisten diren. Azkenik, lautada abisala 4.000-5.000 m-ko sakonerakoa eta zenbait kilometroko zabalerakoa da, eta tarteka urpeko erliebeak erakusten ditu: pitoi edo adarrak (tontor isolatu eta puntadunak, jatorri bolkanikokoak), guyotak (aurrekoen antzekoak baina goialde laua dutenak), mendikateak, uharte sumenditsuak eta lautadak.

Ozeanoen hondoan, lurrazalaren sortze- eta deuseztatze-puntuak daude, hots, dortsal eta fosa ozeanikoak, hurrenez hurren. Bi elementu horiek lurrazala edo litosfera osatzen duten plaka tektonikoen mugetan agertzen dira. Dortsal ozeanikoak beren tontorretatik magma kanporatzen duten urpeko sumendiz osatutako mendikateak dira. Urarekin kontaktuan, material hori hoztuz eta gogortuz doa, eta lurrazal berria eratzen du. Egitura horiek aktiboak dira, eta etengabe ari dira ozeano-hondotik magma kanporatzen; hala, lurrazal berriak sortzen dituzte. Horrenbestez, inguru horietako lurrazala kontinenteetakoa baino gazteagoa da oro har. Plaka tektonikoaren beste muturrean, fosa bat egon ohi da, non lurrazala etengabe deuseztatzen ari den. Fosa ozeanikoetan, bi plaka tektonikok talka egiten dute, eta bata bestearen azpitik barneratzen da. Subdukzio-zona horiek, bi plaka tektonikoen arteko tentsio eta igurtziaren ondorioz, aktibitate sismiko bortitza erakusten dute, eta lurrikarak eta tsunamiak eragiten dituzte. Bestalde, inguru horietan ere maiz agertzen dira sumendiak eta uharte bolkanikoak. Fosak dira sakonera handieneko puntuak, eta Ozeano Barean dagoen Marianetako fosa da ezagutzen den sakonena (11.034 m).

grafikoak2

Hondo ozeanikoaren banaketa

Ukaezina da, beraz, itsaso eta ozeanoek planetaren dinamikan duten garrantzia. Baina itsasoak berak ere dinamikoak dira. Hasteko, Eguzkiaren eta Ilargiaren grabitazio-indarrek itsasoaren mailaren gorabeherak eragiten dituzte, itsasaldiak edo mareak, alegia. Honela, Ilargiaren grabitazio-indarrak itsasoko ura erakartzen du, eta itsasgora eragiten lurrarekiko bertikalean; Ilargitik lurrazalera dagoen bertikalarekiko angelu zuzenean geratzen diren lekuetan, berriz, itsasbehera gertatzen da. Gainera, ilberri eta ilbetean (Eguzkia, Ilargia eta Lurra lerrokatzen direnean), Eguzkiaren grabitazio-indarra batzen zaio Ilargiarenari eta itsasaldi biziak izaten dira (itsasgoran ohikoa baino maila altuagoa hartzen du ur-azalak eta maila baxuagoa itsasbeheran). Ilgoran eta ilbeheran, aldiz, Ilargiak eta Eguzkiak angelu zuzena dute lurrarekiko, eta itsasaldi hilak eragiten dituzte (itsasgoran, ohikoa baino maila baxuagoan gelditzen da ur-azala, eta maila altuagoa, itsasbeheran).

Grabitazio-indarra alde batera utziz, oro har, Eguzkia da Lurrean erabilgarria den energia gehienaren iturri. Eguzkitik iristen den energiak itsas azala eta atmosfera berotzen ditu. Berotze hori ez da homogeneoa planetaren azal osoan, Lurraren itxura esferoidea izanik, argiak eraso-angelu desberdina baitu latitudearen arabera. Hori dela eta, energia-izpiak azalera handiagoan hedatzen direnez, lurrazalak eguzkitiko energia gutxiago jasotzen du latitude handietan. Ekuatoretik gertu, aldiz, energia-izpiek azalera txikiagoan eragiten dute, eta, erradiazio gehiago iristen denez, bero gehiago jasotzen dute han ozeanoak eta atmosferak. Atmosferan gertatzen diren tenperatura-aldaketen ondorioz sortutako presio-desberdintasunek airea mugiarazten dute, eta haizea eragiten. Haizeari esker, atmosferan zehar beroa barreiatzen da. Gainera, presio atmosferikoan gertatzen diren aldaketek eta haizeak berak olatuak eragiten dituzte ur-azalean. Itsas zabalean, presio atmosferiko baxuko guneak olatu-iturburu dira. Haietatik hedatzen diren olatuei hondoko olatu deritze, eta hondoko olatuen sistemari, baga-itsaso. Tokiko haizeak eragindako olatuei, berriz, tokiko olatu deritze, eta euren sistemari, haize-itsaso. Bi sistemak batera agertzen direnean, oso itsaso zakarra izaten da. Eskuarki, ur-masak lekuz aldatzen ez dituzten uhinak dira olatuak, baina, kostaldera hurbildu ahala, olatuek itsas hondoaren kontra jotzen dute, eta, uhinaren hondoko abiadura higaduraren eraginez murrizten denez, olatuak lehertu egiten dira eta kostaldea higatzen dute.

Atmosferaren eragina alde batera utziz, uraren azalak zuzenean jasotzen duen beroak ere eragiten ditu mugimenduak itsasoan. Eguzki-erradiazio gehiena ozeanoaren lehen 10 m-etan xurgatzen da gutxi gorabehera. Eragin-eremuaren muga termoklinak ezartzen du: termoklinaren gainetik, Eguzkiak berotzen duen ur epela dago; termoklina zeharkatzearekin batera, ordea, tenperatura bortizki jaisten da metro gutxian, eta energia termikoa ozeanoaren beraren mekanismoen bidez barreiatzen da.

Itsas azala berotu ahala, uraren dentsitatea murriztu egiten da, eta gradiente horrek, haizearekin batera, azaleko itsaslasterrak sortzen ditu: ur epelenak, dentsitate txikiagokoak izanik, hotzagoen gainetik mugitzen dira; azken horiek, berriz, hondoratu egiten dira. Aldi berean, ur epelek utzitako espazioa hondoko ur hotzagoek beteko dute. Horrela sortzen dira hondoko itsaslasterrak. Horrenbestez, ozeanoak ere planetaren erregulazio termikoari eragiten dio.

Itsaslasterrak non sortzen diren, hotzak edo epelak izan daitezke. Itsaslaster hotzak bi poloen inguruko eskualdeetan sortzen dira, eta, hondoratu eta gero, tropikoetarantz bideratzen dira. Itsaslaster hotzek ikaragarrizko garrantzia dute zenbait tokitako ekoizpen biologikoan, hala nola Peru, Txile, Hegoafrika edo Ternuako kostaldeetan, azaleramendu deritzon prozesua gertatzen delako: haizearen eraginez, azaleko urak desplazatu egiten dira, eta ur epelek utzitako espazioa hondoko ur hotzagoek betetzen dute; hondoko ur horiek oxigenoan eta mantenugaietan aberatsagoak dira, eta, ondorioz, leku horietako uren emankortasuna handitu egiten dute. Itsaslaster epelak, aldiz, ekuatorean eta tropikoen aldean jaio, eta poloetarantz abiatzen dira. Golkoko itsaslasterra izenekoa, adibidez, Mexikoko Golkoan jaio, Atlantikoa zeharkatu, Europako mendebalde osoa igaro eta Artikoraino iristen da. Hari esker, Europako klima epelagoa da munduko latitude bereko beste lekuetakoa baino (Ternuakoa, esaterako).

grafikoak3

Munduko itsaslasterrak

Itsaslaster horizontalek segundoko zentimetro batzuk eta 4 m bitarteko abiadura izan dezakete. Ozeanoko uren higidura bertikala, ordea, motelagoa da (metro bakan batzuk hilabeteko), baina horrek ere badu garrantzia, azaleko urak hondoratuz eta hondoko urak azaleratuz ozeanoaren dinamika bizkortu egiten baita.

Itsaslasterrek eta atmosferako zirkulazioak elkarri eragiten diote. Noizean behin, fenomeno meteorologiko globalek eraginda, itsaslaster horiek ohiko hedadura eta norabidea aldatu egiten dute. Horren adibidea da Ozeano Barean gertatzen den El Niño izeneko fenomenoa. Maiztasun jakinik gabe sortzen da fenomeno hori, eta klima-asaldura larriak eragiten ditu, Hego eta Ipar Amerikan ez ezik, munduko beste hainbat lekutan ere.

Hasieran azaldu denez, Lurreko bizigunearen bolumenik gehiena itsasoek hartzen dute. Izan ere, ozeanoa izan zen planetako biziaren sorburu. Aurretik azaldutako faktoreek eta beste hainbatek (argiak, lurrazalaren hurbiltasunak, disolbatutako osagai mineral eta organikoen banaketak eta abar) ikaragarrizko habitat-aniztasuna sortzen dute, eta, ondorioz, bizidunen aniztasuna ere handia da. Kalkuluen arabera, ozeanoetan 10.000 landare- eta 180.000 animalia-espezie inguru topatu daitezke.

Biziaren ekoizpen-iturri nagusia Eguzkia izanik, argia faktore mugatzaile izaten da itsasoan. Horrek itsasoa bertikalki bitan banatzea ahalbidetzen du: argiztatutako aldeari alde fotiko deritzo, eta 200 m bitarteraino irits daiteke uraren gardentasunaren arabera; argirik iristen ez den zatiari, berriz, alde afotiko esaten zaio. Bien arteko muga ur-azalerara iristen den argi-kantitatearen % 1 iristen den sakoneran dago. Alde fotikoan, lehenago esan denez, ekoizle primarioek (fitoplanktona eta landareak) karbono dioxidoa materia organiko bilakatzen dute fotosintesiaren bidez. Bertan, itsas biziaren % 90 inguru aurkitzen dela kalkulatzen da. Alde afotikoan, aldiz, ezin da fotosintesirik egin, baina badira ekoizle primario berezi batzuk. Batez ere dortsal ozeanikoen inguruetan agertzen diren bero-iturrietan edo urpeko sumendietan bizi diren bakterioak dira, eta kimiosintesia egiten dute; hau da, energia kimikoa erabiltzen dute mantenugai ez-organikoak materia organiko bilakatzeko.

Argiaren eragina alde batera utzirik, itsasoa beste bi eremutan ere banatu daiteke: eremu pelagikoa eta eremu bentikoa.

Eremu pelagikoa “ozeanoetako hondoetatik gertu ez dagoen edozein ur-eremu” gisa definitzen da. Pelagiko hitza grekozko πέλαγος edo pelagos hitzetik dator (“itsas zabal” esan nahi du), eta ozeanoko gainazaletik ia hondoraino doan ur-zutabe zilindriko bat bezala irudika daiteke. Eremu pelagikoak 1.370 milioi kilometro kubikoko bolumena du, eta 11 km-ko gehieneko sakonera har dezake. Ur-sakonera handitan, eremu pelagikoari itsas zabaleko eremu ere esaten zaio. Lehenago esan bezala, eremu pelagikoan baldintzak aldatuz doaz ur-zutabean hondoratu ahala: hala nola presioa handiagoa egiten da, eta argia eta tenperatura gutxitzen dira. Hori dela eta, bizi-aniztasuna sakonera handitzen den heinean gutxituz doa eremu pelagikoan. Eremu pelagikoko bizidunei bizidun pelagiko ere dei dakieke, eta, euren lokomozio-gaitasunaren arabera, bi talde nagusitan bereizten dira:

  • Planktona: borondatezko lokomozioa murriztua duten bizidunek osatzen dute, eta korronteen jitoaren arabera barreiatzen dira. Planktona osatzen dutenen artean, ekoizle primarioei fitoplankton deritze, eta kontsumitzaileei, zooplankton. Beste talde bat ere badago, oso ugaria dena, bakterioplanktona. Bere ezaugarriak direla eta, planktona eremu fotikoan bizi da.

  • Nektona: korronteen jitoaz gaindi, beren kabuz mugitzeko ahalmena duten itsas bizidunek osatzen dute. Lokomozio-gaitasunari esker, bai eremu fotikoan, bai afotikoan bizi daitezke, eta batetik bestera migrazio bertikalak egin ditzakete.

Eremu bentikoa itsas hondoek osatzen dute, olatuen zipriztinak iristen diren mailatik hasi eta sakonerarik handieneko itsas hondoetaraino. Bentiko hitza grekozko βενθος edo benthos hitzetik dator, eta “itsas hondo” esan nahi du. Organismo bentikoak hiru talde nagusitan sailkatu daitezke:

  • Infauna: sedimentuetan lurperatuta bizi diren animaliak dira. Garrantzi handia dute mantenugaien birziklatzean, bioturbazio deritzona eragiten baitute: sedimentu barnean egiten dituzten mugimenduei esker, sedimentua bera mugitzen dute, eta hondoan geratzen diren geruzak azaleratu eta azalekoak hondoratu egiten dira; honela, sedimentuko oxigeno-maila egokia bermatzen da.

  • Epibentosa: itsas hondoaren azalean bizi diren organismoak dira. Sakonera gutxiko uretako algek eta landare angiospermo gutxi batzuek osatzen dute organismo autotrofo bentikoen taldea. Algak substratu gogorrei edo beste organismo bizidunei finkatuta hazten dira nagusiki; landare angiospermoek, berriz, substratu bigunak (area edo lohia) behar dituzte sustraiak finkatzeko. Sakonera handietan, berriz, lehen aipatu denez, bakterio kimiosintetikoak dira organismo autotrofo bakarrak. Organismo heterotrofoei dagokienez, bereziki deigarriak dira arrezifeak eratzen dituzten animaliak (koralak eta zizare batzuk).

  • Suprabentosa edo nektobentosa: itsas hondoari lotutako uretan mugitzen diren animaliak dira. Batez ere izkirek osatzen dute talde hau.

Bi eremu bereizi moduan azaltzen diren arren, harreman estua dago eremu pelagiko eta eremu bentikoaren artean. Bizidun pelagikoak hiltzean, eremu bentikora hondoratzen dira, eta animalia bentiko askoren elikagai bilakatzen. Aldiz, animalia pelagiko askoren elikadura organismo bentikoetan oinarritzen da. Harreman horri esker, mantenugaiak bi norabideetan mugitzen dira.

grafikoak4

Itsasoaren zonazioa

Gizakia eta itsasoa

Gizakiak aspaldidanik erabili izan ditu kontsumorako itsasoak eskaini dizkion baliabideak. Dena den, gaur egun aurrerapen zientifiko-teknikoez baliatuz, itsasoa ustiatzeko aukerak zabaldu egin dira, eta orain arte ezezagunak ziren baliabide berriak ustiatzen dira:

Arrantza

Itsasoak gero eta garrantzi handiagoa du elikagai-iturri gisa. Janaritarako, itsaskiak, arrainak eta algak arrantzatzen dira. Baina, horretaz gain, zenbait produktu lortzeko ere erabil daiteke arrantza: papera, kartoia, kola, alkohola, ongarriak eta legamiak, besteak beste.

Arrainak eta itsasoko bizidunak ustiatzen dituen jarduera komertzial gisa definitu da arrantza. Oro har, dela zuzenean, dela arrantza-haztegiei lotutako jarduera moduan uler daiteke arrantza. Hala, arrantza bai eremu gazietan eta bai gezetan ere egin daiteke; horren adibide dira Alaskako ibaietako izokin-arrantza, Ternuako bakailao-arrantza eta Txinako izkira-haztegiak. Hala ere, munduko arrantza gehienak itsasoan egiten dira; hartara, itsasoko bizidunen balio komertzial eta proteina-iturria aprobetxatzen dira; bestalde, aisialdirako aukera paregabea da itsasoa.

Arrantzak proteina-iturri gisa garrantzi itzela du mundu mailan; FAOk argitaratutako datuen arabera, animalia-proteinen arrantza-ekarpen totala % 20 inguru da. Espezieak kontuan izanik, arrain-espezieen arrantza da nagusi, nahiz eta badiren itsaski eta itsas landareen (adibidez, kelp edo alga gorrien ustiaketa) arrantzak ere. Hala ere, espezie-kopuru txiki batek sustengatzen ditu munduko arrantza garrantzitsuenak (bakailaoa, zenbait hegaluze- eta hegalabur-espezie, izkirak, zefalopodoak, antxoa-espezieak, sardinak eta abar). FAOk plazaratu berri du 2004an itsas bizidunen arrantza-produkzioa 104 milioi tona ingurukoa izan zela, non 86 milioi tona inguru arrantzak ustiatutakoak izan ziren eta 18 milioi tona akuikulturak ekoitziak. Esan bezala, kopuru horretan espezie gutxi batzuk nabarmentzen dira; hala nola Peruko antxobeta (10 milioi tona), hegalabur tropikalak (4,1 milioi tona), zefalopodoak (3,8 milioi tona), izkirak (3,6 milioi tona), bakalada (2,5 milioi tona), berdela (2 milioi tona) eta abar.

Erregulazioa

Itsasoko mikroorganismo batzuk ingurua garbitzeko eta suspertzeko gai dira: industria, garraio eta gizakiaren jardueren hondakin kaltegarriak disolbatu, deskonposatu eta ezabatuz. Bestalde, itsasoko urak funtzio termoerregulatzailea betetzen du, atmosferako tenperatura-aldaketak arinduz eta berotasun-gordeleku moduan jokatuz. Hori dela eta, itsasotik gertuko lurraldeek beren tenperatura epelduta izaten dute, hein batean behintzat.

Garraiobidea

Itsaso eta ozeanoak, kontinenteak bereizteaz gain, zenbait herrialderen arteko komunikabide garrantzitsu bihurtu dira, kargamentu handiak garraiatzeko bide naturalak izanik, urtez urte areagotzen ari den itsas zirkulazioari esker.

Erauzketa

Alde batetik, itsasoko ura industria handien galdarak hozteko zuzenean erabiltzen da. Gainera, gaur egun, edateko eta nekazal lurrak ureztatzeko erabil daiteke, ur gazia gatzgabetzeko prozedurak existitzen baitira.

Bestalde, itsas hondoko hondarra eraikuntzan erabiltzen da, baina zentzuz jokatu behar da, erauzketa leku eta kopuru desegokitan eginez gero hondartzen hondarraren dinamikan eragin eta ondorio latzak sor baititzake.

Energia-iturria

Itsasotik energia lortzeko zenbait metodo erabiltzen dituzten instalazio konplexuak lortu dira. Batzuek mareek eta olatuek eragiten duten ur-mugimenduaz elektrizitatea sortzen dute. Beste batzuek eguzkitik heldutako energia termikoak eragindako ur-geruzen arteko tenperatura-diferentzia elektrizitate bihurtzen dute.

Dena den, nahiz eta itsasoa hainbat gairen iturri zabal eta sakona izan, ez da agorrezina. Hortik dator itsasoko baliabide naturalak ongi zaindu eta arrazoizko ustiaketa egiteko beharraren garrantzia. Hain zuzen ere, neurriz kanpoko ustiaketa eta erabilera txarraren ondorio garrantzitsuenetako bat itsas kutsadura da.

Itsasoko Kutsadurari buruzko Alderdi Zientifikoen Aditu Taldearen arabera (GESAMP) —zenbait erakundetako partaidez osatua (FAO, UNESCO eta NBE, besteak beste)— itsasoko kutsaduraren definizioa hau da: “Gizakiak, zuzenean edo zeharka, itsas ingurunean (estuarioetan ere bai) substantziak edo energia barneratzea eta, horren ondorioz, efektu kaltegarriak sortzea; esate baterako, baliabide bizidunei kalte egitea, gizakiaren osasuna arriskuan jartzea, itsas jarduerak eragoztea (arrantza barne), itsasoko uraren kalitatea hondatzea eta itsasoaren erakargarritasuna murriztea”.

Oro har, kutsadura-sarrera hauek daude itsasoan:

  • Kostaldeko isurketa zuzenak: gizakiak zuzenean kostaldera egiten dituen isurketak sartzen dira mota honetan. Portu gehienak estuarioetan kokatu dira, eta populazioa eta industria erakartzen dute, eta horren ondorio dira kostaldeko isurketa zuzenak. Dena den, hiri- eta industria-hondakinak estuarioetara zein itsasora isurtzen baziren ere, gaur egun leku askotan ezarri diren uraren arazketa-planei esker, egoerak hobera egin du. Bestalde, ur gainean edo urpean utzitako hondakin iraunkorrak (pilak, txatarra, obra-hondakinak, ontziak, arrantza-aparailuak eta bestelako materialak) ere mota honetako isurketen artean aurkitzen dira.

  • Ibai-ekarpena: ibaiek lur-jatorriko hainbat kutsatzaile daramate itsasorantz (materia organikoa, ongarriak, mindak eta ibilguetan utzitako hondakinak, adibidez).

  • Itsas garraioa: itsasontziek zenbait substantzia garraiatzen dituzte (petrolioa, gas natural likidoa, pestizidak, substantzia kimikoak eta abar). Hondoratzeak eta itsasoan gertatzen diren beste istripuak direla eta, substantzia horiek itsasora isur daitezke, eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte. Itsas garraioan egiten diren eguneroko lanek ere hidrokarburoen eta saia-uren isurketak eragin ditzakete.

  • Itsas zabaleko isurketak: lehorrean edo itsasoan egiten diren giza jarduera batzuen ondorioz (dragatze-lanak, uren arazketa, adibidez) sortutako hondakinak sakonera ezberdinetan isurtzen dira itsasoan. Besteak beste, hauek aipa ditzakegu: dragatze-isurketak, arazketako lohien isurketak eta hondakin erradiaktiboen isurketak.

  • Atmosfera-ekarpena: atmosferara isuritako kutsatzaile askok lehorrera zein itsasora itzultzen dira euria egitean edo partikula moduan. Mota honetako isurketa gehienak gainazal-mikrogeruzan (aire-itsaso fase artean) geratzen dira.

Itsas kutsadura, beraz, gizakien jarduerekin erlazionatua dago. Jarduera horien ondorioz, estuarioetako eta itsas sistemetako uren, sedimentuen eta biotaren kalitatea murrizteak eragina du, neurri handi batean, beste jarduera batzuetan (arrantza, akuikultura, bainua, aisia, nabigazioa edo paisaia). Dena den, ozeanoen osasuna kontrolatzeko, jarraipen-sareak ezarri dira, eta dagoeneko badira kutsatzaileen isurketa arautzen duten nazioarteko itunak joan den mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadatik, hala nola: Osloko Hitzarmena (1972) eta Parisko Hitzarmena (1974), orain OSPAR (1992); Londresko Hitzarmena (1972); Baltikoko Hitzarmena (1974); Bartzelonako Hitzarmena (1976).