irrati-uhinak

1. Fis.
sin. uhin erradioelektrikoak

Espektro elektromagnetikoan, maiztasun behereneko eskualdea. Irrati-uhinen maiztasuna 3 Hz-etik 1 GHz-erako tartean dago, gutxi gorabehera, hau da, ehun mila kilometrotik 30 cm-rako uhin-luzera tartean.

1. Fis.
Espektro elektromagnetikoan, maiztasun behereneko eskualdea. Irrati-uhinen maiztasuna 3 Hz-etik 1 GHz-erako tartean dago, gutxi gorabehera, hau da, ehun mila kilometrotik 30 cm-rako uhin-luzera tartean.

Irrati-uhinak Edit

Egilea: Gotzon Aldabaldetreku, Gaizka Durana

IRRATI-UHINAK

Irrati-uhinak antenetan sortzen eta detektatzen dira, airean zehar hedatu, eta hodeietan eta ionosferan islatzen dira. Antena igorletik antena hartzailerako bidean, eraikinek zein oztopo handiek irrati-uhinak aldatu edo nahas ditzakete. Nahasketa horiek oztopoetan islatutako uhinek zuzenean iritsitako irrati-uhinarekin antena hartzailean egindako interferentziaren ondorioz sortzen dira. Irrati-uhinek nahiko ongi zeharka ditzakete material ez-eroaleak, egurra, adreilua eta porlana, adibidez; material eroaleek, berriz, urak eta metalak, besteak beste, ez diete irrati-uhinei pasatzen uzten.

Irrati-uhinek aplikazio ugari dute gizartean: hegazkin-zirkulazioa kontrolatzeko, itsasontzien nabigazio-sistemetan, telebistan eta irratian eta telefono mugikorren arteko komunikazioetan erabiltzen dira. Horretaz gain, irrati-uhinek distantzia handiak zeharkatu ditzakete ionosferaren eta Lurraren arteko islapen anitzei esker; hala, kontinentearteko komunikazioak ahalbidetzen dituzte. Bestalde, itsaspeko ontzien arteko komunikazioetan maiztasun oso baxuko irrati-uhinak erabiltzen dira, izan ere, 5 eta 100 Hz arteko frekuentzia-tartean, itsasoko urak irrati-uhinen energia oso gutxi xurgatzen du.

Medikuntzan ere beste hainbeste aplikazio dute irrati-uhinek, eta horien artean ezagunenetakoa erresonantzia magnetikoko irudikatze-teknika da. Teknika horretan, irrati-uhinak eremu magnetiko oso indartsuekin konbinatzen dira, eta gorputz-atalen eta burmuinaren irudiak lortzen dituzte gaixoan inolako kalterik eragin gabe.