intoxikazio

1. Med.

Organismo bizidun batean substantzia toxikoak kalteak sortzeko adinako kopuruan sartu edo metatzean sortutako egoera.

1. Med.
Organismo bizidun batean substantzia toxikoak kalteak sortzeko adinako kopuruan sartu edo metatzean sortutako egoera.

Intoxikazioak Edit

Egilea: Edurne Ugarte

INTOXIKAZIOAK

Intoxikazioak toxikoek sortutako gaitzak izaten dira. Produktu kimiko batek, adiera hertsian toxikoa dela esan ahal izateko, ezaugarri hauek izan behar ditu: dosi txiki samarretan izan behar du kaltegarria, mekanismo kimiko edo fisiko-kimiko baten bidez eragin behar du kaltea, arrotza izan behar du (ez gorputzaren osagai bat) eta espezie bereko izaki guztietan efektu bera eragin behar du. Toxikoa potentzia handikoa eta oso arriskutsua bada, pozoia da.

Medikamentuak ere toxikoak izan daitezke dosi terapeutikoa gainditzen bada, edo farmakoa metabolizatzeko eta kanporatzeko organoren baten disfuntzioa badago. Beste toxiko batzuk hauek dira: aire-poluitzaileak, produktu industrialak, pestizidak, mendekotasun-sortzaileak (nikotina, alkohola, narkotikoak…), elikagai-gehigarriak (koloratzaileak, kontserbatzaileak…), kosmetikoak, etxeko produktuak (lixiba, amoniakoa, garbigarriak…) eta landare- eta animalia-toxikoak, besteak beste. Oro har, gazteen artean, intoxikaziorik ohikoena mendekotasun-sortzaileek eragindakoa da; adineko pertsonetan, berriz, medikamentuek eta karbono monoxidoak sortutakoa, eta umeen artean, etxeko produktuek sortutako ustekabeko intoxikazioak.

Toxikoen sarbiderik ohikoena digestio-aparatua da. Halakoetan, xurgapenaren abiadura janari-motaren eta janari-kantitatearen araberakoa da. Gainera, bide horretatik sartuz gero, gibelak iragazki-papera betetzen du eta toxikoa metabolizatu egiten du, zirkulazio sistemikora heldu baino lehen. Metabolizazio horren ondorioz, toxikotasuna moteldu egingo da gehienetan, baina, batzuetan, sortutako metabolitoak toxiko bera baino kaltegarriagoak izan daitezke. Arnas aparatutik sartzen diren toxikoak, berriz, oso arriskutsuak dira, xurgatze-eremua izugarri handia delako eta toxikoa ez delako gibeletik pasatzen. Toxikoa sartzeko beste bide hauek ere badaude: larruazala, bide parenterala (farmakoak, sugeen pozoiak…) eta begien konjuntiba, besteak beste.

Toxiko bakoitzak afinitate berezia du ehun batzuekiko, eta horietan finkatuko da kaltea egiteko edo gordailu gisa geratzeko. Berunaren eraginak, adibidez, gehienbat ehun bigunetan nabarmentzen badira ere, hezurretan pilatzeko joera du. Horregatik, intoxikazio akutu baten ostean luzaroan jarraitzen du hezurretik odolera pasatzen, eta intoxikazioa iraunkor bihurtzen da.

Lehen aipatu den bezala, toxiko asko gibelean metabolizatzen dira, eta gehienak giltzurrunetik kanporatzen dira. Hala ere, toxikoa giltzurrunean iragazi eta gero ere gerta daiteke nefronaren azken zatikian (urruneko tubulu bihurgunetsuan) berriro xurgatzea eta zirkulaziora pasatzea. Toxikoa kanporatzea oztopatzen du horrek, eta intoxikazioaren efektuak luzatzen ditu, jakina. Birxurgatze hori errazagoa da toxikoa lipodisolbagarria bada eta ionizaturik badago. Hortaz, toxikoa azidoa bada (azido azetilsalizilikoa, adibidez), oso ionizaturik egongo da gernu oso basikoetan, eta hobeto kanporatuko da gernuaren bidez.

Intoxikazioen eraginak oso bestelakoak dira toxikaturik dagoen izakiaren eta toxikoaren beraren faktore batzuen arabera. Oro har, intoxikazioak larriagoak dira haurtzaroan (toxikoak metabolizatzeko entzimak zeharo garaturik ez daudelako oraindik) eta zahartzaroan (giltzurrunen funtzioa motelagoa delako). Bestetik, pertsona lodietan, toxiko lipodisolbagarriak gantz-ehunean metatu daitezke; kasu horietan, gibeleko edo giltzurruneko gutxiegitasuna egonez gero, intoxikazioa larriagoa izango da.

Entzima batzuen eskasia genetikoak pertsona bakoitzak toxikoen aurrean duen idiosinkrasia azaldu dezake. Toxikoari dagokionez, kontuan hartu behar dira toxikoaren dosia, toxiko-mota eta toxikoaren disolbatzailea. Zenbat eta lipodisolbagarriagoa izan toxikoa, orduan eta kaltegarriagoa izango da, zelulen mintzak errazago zeharkatuko dituelako, larruazaletik hobeto xurgatuko delako eta gantz-ehunean metatzeko joera izango duelako. Alkoholetan edo koipetan disolbaturiko toxikoak hobeto xurgatzen dira. Toxiko baten dosia igo ahala, eraginak gero eta handiagoak izaten dira; baina alde handiak egon daitezke izaki batetik bestera. Animaliekin egindako ikerlanetan animalien % 50 hiltzen duen dosia da batez besteko dosi hilgarria (DH50).

Toxiko bakoitzak akzio-mekanismo bereziak dituenez, adierazpen klinikoak oso bestelakoak izango dira intoxikazio-motaren arabera. Oro har, intoxikazio sistemikoetan, adierazpen klinikorik ohikoenak nerbio-sistemarenak dira, eta larriena, koma. Zeinu batzuk diagnostikorako baliagarriak izan daitezke. Sudurreko odoljarioak, adibidez, kokaina hartu izana adieraz dezake, eta sialorreak (listu-jariaketa ugaria) eta ezpainetako besikulek, aldiz, kaustikoak irentsi izana.

Intoxikazio bakoitzean hari dagokion neurria hartu behar da, baina, nolanahi ere, toxikologiako informazio-zerbitzuarekin eta larrialdiekin kontaktuan jartzea komeni da. Sarbidea digestio-aparatua izan bada, oka eginaraztea gomendatzen da (toxikoa kaustikoa denean izan ezik) edo, bestela, zunda baten bidez urdail-garbiketa egitea. Hala ere, gaixoak toxikoa hartu zuenetik ordu asko pasatu badira, neurri horiek ez dira oso eraginkorrak izango. Gaixoaren egoera oso larria bada, eta toxikoa zein den ez badakigu, antidotoen erabilera enpirikoa baliagarria izan daiteke diagnostikoa egiteko, eta, bide batez, tratatzeko. Adibidez, zain barnetik naloxona eman eta gero konortea berreskuratzen badu, ia ziurtasun osoz esan dezakegu hartutako toxikoa opioidea zela.