interferentzia

1. Fis.

Uhin bi edo gehiago gainezartzean datzan fenomeno fisikoa.

a) interferentzia eraikitzailea eta b) interferentzia suntsitzailea
a) interferentzia eraikitzailea eta b) interferentzia suntsitzailea

2. Mikrob.

Zelula ostalarian dagoeneko birus bat izateak bigarren birus baten erreplikazioa inhibitzea.


1. Fis.
Uhin bi edo gehiago gainezartzean datzan fenomeno fisikoa.

Interferentzia Edit

Egilea: Iñaki Iparragirre

INTERFERENTZIA

Uhin erresultantearen elongazioa puntu eta aldiune bakoitzean jatorrizko uhinen elongazioen aldiuneko batuketa da; beraz, uhin erresultantearen anplitudea puntu batean, jatorrizko uhinen anplitudeen eta euren arteko fase erlatiboaren mendekoa da. Hor, uhin bakoitzak iturritik behatze-punturaino duen distantzia ere sartzen da, eta, beraz, posizioaren arabera, uhinaren intentsitatea aldatu egiten da bide-diferentziak direla medio.

Uhin-mota guztietan eta era askotan gerta daitekeen fenomenoa da interferentzia, baina, egonkorra izateko, nahitaezkoa da jatorrizko uhinen arteko fase erlatiboa denboran ez aldatzea. Baldintza hori koherentzia-baldintza delakoa da, eta, hori lortzeko, iturri bakarra erabiltzen da zenbait kasutan, uhina zatituz bi uhin edo gehiago lortzeko.

Jatorrizko uhinek maiztasun berbera badute, interferentziaren egitura egonkorra da. Orduan, fase bereko bi uhin iristen diren puntuetan, uhin erresultantearen anplitudea maximoa da; horri interferentzia eraikitzaile deritzo. Uhin-erdia desfasatuta iristen den puntuetan, berriz, ondoriozko anplitudea minimoa da, eta nulua, gainera, anplitudeak berdinak badira; azken horri interferentzia suntsitzaile deritzo.

grafikoak1

a) Interferentzia eraikitzailea eta b) interferentzia suntsitzailea

Argia uhina zela interferentzia-esperimentuen bitartez frogatu zen. 1801ean, Youngek, argi-iturri bakarra bi zirrikituren bitartez zatituz, elkarrekiko koherente ziren bi uhin-iturri lortu zituen. Pantailan behatutako emaitza bi uhinen interferentziari zegokiona zenez, agerian geratu zen argiaren izaera ondulatorioa.

grafikoak2

Argiaren interferentzia: T. Youngen bi zirrikituen esperimentua

Uhin bi baino gehiagorekin ere lor daitezke interferentziak, eta, koherentzia-baldintza lortzeko, bi bide daude: batetik, jatorrizko uhinaren frontea zatitzea, zirrikitu edo irekiguneen bitartez; bestetik, anplitudea zatitzea, argiaren kasuan, ispilu partzialen bitartez.

Interferentziak lortzeko, tresna anitz dago, garrantzitsuenak argiari aplikatutakoak. Michelsonen interferometroak, xafla erdigarden baten bitartez, bikoiztu egiten du argi-sorta bat; horren ondorioz, argi-sorta bi adarretara bidaltzen du, eta adar bakoitzean distantzia desberdina egin eta gero, biak batu egiten dira berriro pantaila edo detektagailu batean. Tresna hori XIX. mendearen amaieran Lurraren eterrarekiko abiadura neurtzeko asmatu zen arren, gaur egun, tresna bera eta horretatik sortutako barianteak posizio-aldaketak eta gainazalen kalitateak neurtzeko erabiltzen dira batez ere. Fabry-Perot interferometroa, berriz, xafla garden lau batez edo bata bestearen aurrean ipinitako bi ispiluz egina da. Uhin anitz sortzen ditu, islapen partzialak direla medio. Ikerketa espektraletan erabiltzen da, eta laserren erresonadorea interferometro horretan dago oinarrituta. Horren barnean, kontrako noranzkoen arteko interferentziak ditugu, uhin geldikorrak direlakoak, alegia, eta soketako zeharkako uhinetan eta beste sistemetan ere sortzen dira. Soinu-tresna gehienak uhin egonkorretan dautza.

Difrakzio-sareek uhin-fronte batetik zati asko sortzen dituzte periodikoki banatutako zirrikitu anitzen bitartez. Batez ere, argia eta beste erradiazio elektromagnetikoen uhin-luzerak aukeratzeko edota neurtzeko erabiltzen dira.

grafikoak3

Argiaren interferentzia-patroi bat

Uhin biren maiztasunak berdinak ez badira ere, interferentziaren fenomenoa gerta daiteke, baina, oro har, ez da egonkorra. Hala ere, maiztasunak oso antzekoak direnean, pultsazio delako fenomenoa sortzen da, hau da, interferentziaren emaitza jatorrizkoen batez besteko maiztasuna duen uhina da, baina beste uhin batez modulatua, eta horren maiztasuna jatorrizkoen uhinen maiztasunen arteko diferentzia da. Pultsazioak, oso interesgarria izateaz gain, aplikazioak ere baditu, adibidez, soinu-tresnak afinatzeko edo, Doppler efektuarekin batera, objektuen abiadura neurtzeko.