hormona

1. Fisiol.

Guruin batek edo zelula espezializatu batek ekoitzitako substantzia, mezulari kimiko gisa zelula batetik bestera informazioa eraman ondoren, zelulen, ehunen, organoen edo aparatuen funtzioa erregula dezakeena.

Hormonak zelula espezifikoen arteko komunikaziorako erabiltzen diren substantziak dira
Hormonak zelula espezifikoen arteko komunikaziorako erabiltzen diren substantziak dira

1. Fisiol.
Guruin batek edo zelula espezializatu batek ekoitzitako substantzia, mezulari kimiko gisa zelula batetik bestera informazioa eraman ondoren, zelulen, ehunen, organoen edo aparatuen funtzioa erregula dezakeena.

Hormona Edit

Egilea: Jon Irazusta

HORMONA

Hormonek neuronen artean komunikatzeko erabiltzen diren neurotransmisoreekin parekotasun handia dute. Askotan, zaila da substantzia bat, egoera zehatz batean, neurotransmisore edo hormona den bereiztea. Gainera, substantzia askok ehunaren arabera neurotransmisore- edo hormona-ekintza izan dezakete.

Orain gutxi arte, hormonen taldean odoletik doazen mezulari kimikoak bakarrik sartzen ziren, eta hormonen jariapena guruin espezifikoek soilik egin zezaketela uste zen. Dena den, zelulen arteko komunikazioari buruz gehiago jakin ahala, hormonaren definizioa zabalduz joan da. Gaur egun, ondoko ehun bereko zelulen artean komunikatzeko (parakrinoa eta iustakrinoa), eta zelula bakoitzak bere barruan mezuak bidaltzeko (autokrinoa eta intrakrinoa) erabiltzen diren substantziak hormonatzat hartzen dira. Esan dezakegu baita edozein organok edo zelula-taldek duela hormonak jariatzeko gaitasuna. Hormonen funtzioa animalietan askoz ezagunagoa bada ere, landare-hormonak ere badaude. Azken horiek fitohormona izena hartzen dute. Hormonatzat hartzen den substantzia-kopurua gorantz doa, eta, horregatik, hormonen zerrenda zehatza egitea ezinezkoa da (guruin).

Hormonen sailkapena

Hormonen sailkapena bere izaera kimikoaren arabera egin ohi da.

  • Aminoazidoak eta beren eratorriak. Hauen artean ezagunenak tiroxinatik eratorritako adrenalina eta noradrenalina dira.

  • Proteinak eta peptidoak. Luzera ezberdineko kate polipeptidikoz osatuak dira. Katearen luzera hiru aminoazido izatetik, TRHa (hipotalamoak jariatutako tiroidearen hormona askatzailea) esaterako, 100 baino gehiago izatera irits daiteke. Esate baterako, sexu-organoen funtzioa kontrolatzen duten hipofisi guruineko gonadotropinak.

  • Lipidoetatik eratorritakoak. Azido linoleikotik, arakidonikotik, fosfolipidoetatik edo kolesterola eraldatuz sortzen direnak. Hauen artean ezagunenak sexu-hormonak eta giltzurrunek jariatzen dituzten kortikoideak dira.

  • Beste zenbait. Gero eta substantzia gehiagok hormona-izaera dutela frogatu da, eta oso egitura kimiko ezberdineko substantziak hormonatzat hartzen dira. Besteak beste, purinak, ATPa eta oxido nitrikoa.

Hormonen ekintza; mekanismo orokorra

Hormonen eragina hautematen duten zelulak itu-zelulak dira. Azken horiek hormonekin elkartzen diren proteina espezifikoak (hartzaileak) dituzte eta hormonak eta hartzaileak bat egitean zelularen sistema metaboliko bereziak aktibatu edo inhibitzen dira. Zelula bakoitzak hormona desberdinentzako hartzaileak izan ditzake, eta baita hormona berarentzako hartzaile desberdinak ere. Honen arabera, zelula bakoitzak hormonei ematen dien erantzuna aldagarria da. Hormonaren eta hartzailearen arteko loturaren ondoren aktibatzen den sistema nahiko sinplea eta epe laburrekoa izan daiteke; adibidez, proteina baten aktibitatea zertxobait aldatzea; edo konplexua eta oso iraupen luzekoa; adibidez, zelularen adierazpen genetikoaren aldaketa. Hormonaren izaera kimikoaren arabera, hartzaileak mintzean (hormonek ezin dutenean zelularen mintz plasmatikoa igaro), edo zitosolean egon daitezke, hormona lipidikoen kasuan esaterako (mintz plasmatikoa igaro dezaketenean). Lehen kasuan, hormonen informazioa zelula barrura eramateko bigarren mezulariak erabiltzen dira. Mezulari horien kontzentrazioa aldatzean, besteak beste, proteinen aktibitateak aldatu daitezke. Aktibatzen diren proteinen artean, beste proteinak fosforilatzen dituztenak daude (kinasak). Fosforilazio honen ondoren, proteina askoren aktibitatea aldatu egingo da.

Lipidoak diren hormonetan, hartzailea askotan nukleoan dago eta nahiko modu zuzenean eragin dezake proteinen sintesian.

grafikoak1

Hormonak zelula espezifikoen arteko komunikaziorako erabiltzen diren substantziak dira

Hormonak eta gizakiaren patologiak

Hormonek bizi-funtzio anitz erregula dezakete; esate baterako, gizakian, gorputza haztea, metabolismoa, sexu-garapena, digestioa, loaldia, globulu gorriak ekoiztea, ugalketa-zikloa, goseaeta abar. Horregatik, patologia ugari ager daiteke hormonen asalduraren ondorioz. Horien artean: diabetesa, glukosaren erregulatzailea den intsulinarekin lotua; bozioa, hormona tiroideoen asaldurek eragindakoa; hazkuntzaren asaldurak, hazkuntzaren hormonari loturik doazenak askotan; eta abar.

Hori dela eta, hainbat hormonak edo bere eratorriek erabilpen medikoa dute. Horien artean daude intsulina, diabetesa tratatzeko; sexu-hormonak, antisorgailuen osagai nagusiak dira; kaltzitonina, osteoporosia sendatzeko; tiroxina, bozioaren tratamendurako; eta kortikoideak, besteak beste, zenbait hanturazko gaixotasunetan.