hipertestu

1. Inform.

Lengoaia naturaleko testua eta konputagailuek informazioa adarkatzeko duten ahalmenaren konbinazioa, zeinaren bidez informazioa era ez-sekuentzialean dinamikoki erakuts daitekeen, paper-orri orokorretan ez bezala.

1. Inform.
Lengoaia naturaleko testua eta konputagailuek informazioa adarkatzeko duten ahalmenaren konbinazioa, zeinaren bidez informazioa era ez-sekuentzialean dinamikoki erakuts daitekeen, paper-orri orokorretan ez bezala.

Hipertestua Edit

Egilea: Aitor Soroa

HIPERTESTUA

Hipertestu terminoa erabiltzen da, informazioa zein ezagutza adierazteko testua era ez-linealean antolatzen denean. Testuarekin batera, irudiak, musika edo bideoak txertatzen direnean, hipertestu baino hipermedia deitu ohi zaio antolaketa ez-linealari.

Ezagutzaren antolaketa arruntean testua era linealean (edo sekuentzialean) antolatu ohi da. Kasu paradigmatikoa testu-liburuetan dugu, zeinetan irakurleak, informazioa barneratzeko, irakurketa sekuentziala egin ohi duen, hasieratik bukaerarako irakurketa, alegia. Eredu lineala, baina, ez da beti egokiena informazioa adierazteko; horrela, testu-liburuetan ere eredu linealetik at kokatzen den hainbat informazio-antolaketa aurkitu ohi da. Esate baterako, hiztegietan aurki daitekeen informazioa ez da lineala. Izan ere, irakurleak hiztegi-sarrera bat begiratu ohi du sarrera horren informazioa berreskuratzeko. Testu-liburuetako oin-oharrek irakurketa etenarazten dute, eta informazio osagarria eskaini.

Konputagailuen ahalmena handituz joan zen heinean, informazioa kudeatzeko bide egokiak aurkitzeak interes handia sortu zuen komunitate zientifikoan, informazioa erabiltzaileari eskaintzeko bide berriak asmatzearekin batera. Testuinguru horretan jaio zen gaur egun hipertestu gisa ezagutzen duguna. Hipertestua da, finean, lengoaia naturaleko testua eta konputagailuek informazioa adarkatzeko duten ahalmenaren konbinazioa, zeinaren bidez informazioa era ez-linealean dinamikoki erakuts daitekeen, paper-orri orokorretan ez bezala.

Hona hemen konputagailuen bidezko hipertestu orok bete beharko lituzkeen ezaugarriak:

  • Informazioa testu-nodoetan banatuta dago, eta nodoek "hiperdokumentua" osatzen dute.

  • Hiperdokumentuko testu-nodo batzuk soilik erakutsi ohi dira pantailan. Egun konfigurazio ohikoena leiho batean testu-nodo bakarra erakustea bada ere, printzipioz hainbat testu-nodo erakuts daitezke beste hainbat leihotan.

  • Leihoek hainbat esteka izan ditzakete, erabiltzailea beste testu-nodoetara bideratuko dituztenak. Erabiltzaileak esteka bat aukeratzen duenean —normalean, saguarekin estekan klik eginez—, leihoak estekaren edukia berriz kargatu eta testu-nodo berria erakutsiko du.

  • Erabiltzaileak era errazak izan behar ditu testu-nodo zein esteka berriak sortzeko.

  • Hipertestu-sistemek arakatzaile bat izan ohi dute, hiperdokumentuetan zehar nabigatzeko aukera ematen duena.

Hipertestua izango zenaren hazia 1940. hamarkadan koka badezakegu ere, benetako bultzakada 1980. hamarkadan izan zen, Tim Berners-Lee famatuak Mundu Zabaleko Amarauna (Word Wide Web) asmatu zuenean. Berners-Leek hipertestuaren arloko ideiak bereganatu zituen, eta komunitate zientifikoaren arteko elkarlana erraztuko lukeen sistema berri bat diseinatu, Suitzako CERN laborategi sonatuan. Berak asmatutako sistemak arrakasta itzela izan zuen, eta gaur egun Interneteko web-orrien bizkarrezurra da. Horrela, egungo Interneteko amaraun osoa hiperdokumentu erraldoi gisa ikus dezakegu. Sarean jaiotako hainbat tresnak ere (esaterako, wikiak) hipertestuaren eredua jarraitzen dute.