himenoptero

1. Zool.

Metamorfosi osoa, mintzezko bi hego-pare eta abdomena eta toraxa txorten batez lotuak dituzten intsektuez esaten da. Aho-aparatu murtxikatzaile edo xurgatzailea dute, eta, batzuetan, ziztatzeko moldatuta dagoen obipositorea. Zenbait espeziek antolakuntza soziala daukate. Inurri, erle, liztor eta abar biltzen dituen Hymenoptera ordena osatzen dute.

1. Zool.
Metamorfosi osoa, mintzezko bi hego-pare eta abdomena eta toraxa txorten batez lotuak dituzten intsektuez esaten da. Aho-aparatu murtxikatzaile edo xurgatzailea dute, eta, batzuetan, ziztatzeko moldatuta dagoen obipositorea. Zenbait espeziek antolakuntza soziala daukate. Inurri, erle, liztor eta abar biltzen dituen Hymenoptera ordena osatzen dute.

Himenopteroak Edit

Egilea: Kepa Altonaga

HIMENOPTEROAK

Himenoptero helduen gorputza tamaina oso aldakorrekoa da (0,1-50 mm) eta sarritan janzkera aposematikoa du. Burua uniforme samarra da talde osoan; aho-piezak mastekatzaile modifikatuak dira edo mastekatzaile-miazkatzaileak. Toraxa da gorputzeko parterik espezializatuena. Hankak ibiltari-itxurakoak dira, eta espezie polinizatzaileetan egitura lumakarak daude polena garraiatzeko. Hego-pare bi dituzte, aurrekoak handitxoagoak direlarik; gardainadura-mekanismo oso gotorrak dauzkate, halatan non, alde bakoitzetik hego bakarra dagoela baitirudi lehen begiradaz. Alabaina, zenbait taldetan hegoak oso murriztuta (= espezie brakipteroak) edo erabat desagertuta (= espezie apteroak); himenoptero hegobako ezagunak inurri langileak dira. Abdomeneko lehen segmentua toraxean partzialki fusionatuta egoten da. Emeen ugal aparatua eraldatuta egon ohi da: batzuetan obopositore oso ahaltsuak daude; zenbait taldetan (erleetan) ezten terminal bihurtu da, pozoi-guruinen ziztailua alegia.

Himenopteroak planeta osotik zabalduta daude. Orain arte 280.000 espezie bizi deskribatu dira, eta koleopteroen ostetik intsektu-talderik arrakastatsuen suertatu da, eta subordena bitan sailkatuta: sinfitoetan torax eta abdomena erabat fusionatuta agertzen dira, eta larbek hankak aurkezten dituzte; apokritoetan torax eta abdomen artean oso txorten estua dago (= pezioloa, “liztor-gerria”) eta larbak apodoak dira. Himenopteroen lehen fosilak jurasikokoak dira.

Himenopteroen bizimodu desberdinak, besteak beste, ondoko faktoreotan oinarrituta daude: ohitura ugaltzaileetan, elikadura-motetan, larben garapenean eta lortu duten soziabilitate-graduan. Faktore horiek batera kontsideratuz, hurrengo taldekamenduetan bana daitezke himenopteroak:

  • Fitofago eta zezidogenoak. Emeek landare gainean edo barruan erruten dute, eta larbak aktibo eta belarjaleak dira edo, bestela, zezidio barruan, hots, kuku-sagarra eratu duen landarearen ehun hipertrofiatuan mantentzen dira.

  • Parasitikoak. Kasu honetan bestelako intsektuen arrautzak, edozein estadiotako larbak, pupak zein helduak eraso daitezke; horrela, himenopteroaren larba bizkarroia ostalari baitan biziko da, eta barrutik guztiz deuseztatuko du, imagorainoko garapena betez.

  • Bakartiak. Mota honetako himenopteroen emeek anoa-pilaketa egiten dute toki berezietan, bertan errungo dutelarik. Anoa harrapakin bakarra izaten da normalean, eta berori materia begetalez aberasten da batzuetan. Larbarentzako janaria harrapatu behar denez, espezie askotan obopositoreak organo bulneratzaile bat itxuratu du.

  • Sozialak. Izatez, bizimodu hau aurrekoaren optimizazioa da. Kasu honetan janariaren hornikuntza etengabea da, eta ez du amak soilik burutzen: edo beste eme batzuek laguntzen dute ama, edo eme horiek ordeztu egiten dute ama, kasurik eboluzionatuenetan eme horiek antzu direlarik (langileak). Janaria animalia izan daiteke (liztorren kasuan), landarea eta gutxi-aski elaboratua (erleen kasuan) edo eraniztuna, onddoak esaterako (inurrien kasuan). Liztor sozialen kasuan, ez dago langile eta erregina arteko diferentziarik. Inurri eta erle sozialetan bereizketa nitidoa dago eme helduen kasta bi horien artean, eta beraz polimorfismoaz mintzo da horrelakoetan (polimorfismoa, halaber, funtzioaren araberakoa izaten da: soldaduak-eta). Erleetan eta inurri gehienetan sozietatea monoginikoa da, hau da, bikote bakar batetatik eratorria. Inurrien dieta askotarikoa da: karniboro, frugiboro, graniboro etab, eta gehienetan ez oso hertsia; janariaren bilaketa sozialerako feromonazko lorratzez baliatzen dira; inkilinismoa eta esklabismoa aurkezten dute. Erleen dieta oso zehatza da: nektarra eta polena; janari-bilaketarako dantza kodifikatuen bidez transmititzen dute informazioa, orientazioa eguzki bidezkoa delarik.