hegazti
- 1. Zool.
Ornodun bipedo, hegalari, homeotermo eta lumaz estalitakoen izen arrunta. Ahoa moko bihurtuta daukate, arnasketa birika bidezkoa, aurreko gorputz-adarrak hego bihurtuta, gorputza fusiformea, bularreko muskuluak sendoak, hezur luzeak hutsak eta hegan egiteko beste hainbat adaptazio dituzte. Ugalketa arrautza bidezkoa da. Duela 150 milioi urte narrastietatik eboluzionatu zuten eta egun Aves klasea osatzen duten 9.000 espezie inguru ezagutzen dira.
- 1. Zool.
- Ornodun bipedo, hegalari, homeotermo eta lumaz estalitakoen izen arrunta. Ahoa moko bihurtuta daukate, arnasketa birika bidezkoa, aurreko gorputz-adarrak hego bihurtuta, gorputza fusiformea, bularreko muskuluak sendoak, hezur luzeak hutsak eta hegan egiteko beste hainbat adaptazio dituzte. Ugalketa arrautza bidezkoa da. Duela 150 milioi urte narrastietatik eboluzionatu zuten eta egun Aves klasea osatzen duten 9.000 espezie inguru ezagutzen dira.
Hegaztiak Edit
Egilea: Kepa Altonaga
Hegaldirako egokitzapenak azaltzen ditu hegaztiaren ezaugarri berebizikoak. Hegaldirako antolakuntzak hiru baldintza betetzen ditu: arintasuna, potentzia eta soslai aerodinamikoa. Aipaturiko berezitasunak ondoko lorpen ebolutiboetan gauzatu dira: luma eta hegoak, hezurren pneumatizazioa, odol beroa, arnas aparatu aire-zakuduna, bular-aldeko muskulu ahaltsuak, eta taupada azkarreko bihotz handia.
Arintasuna ondorioztatu duten moldapen anatomikoen artean, pisu superfluoa eduki zezaketen organoen murrizpena aipa daiteke. Esate baterako, kiwi eta bestelako salbuespenen batetan izan ezik, obulutegi funtzional bakarra dago, bigarrena bestigiala delarik, eta modu berean ugal aparatua atrofiatu egiten da ugalalditik kanpo; halaber, murriztuta daude larruazaleko guruin guztiak, buztaneko guruin uropigialak salbu. Eskeletoa oso gotorra da zoli eta arinaz gainera, hein handi batetan pneumatizazioari esker: askotan hezur-muina barik aire-ganberak egoten dira, eta bai barne-trabekulak ere hezur kofadun horien egitura gogortzeko. Hegaztia hegalariagoa denaz batera, bularrezurra handiagoa izaten da eta berorren gila zorrotzagoa, bertan txertatzen baitira hegoen muskulu bultzatzaileak; hegaztiaren muskulatura alde horretan kontzentratu da, eta animaliaren pisuaren % 40a izatera irits daiteke. Burua bera ere txikitu egin da (usoaren burua arratoiarenaren seirena da pisuz), eta horrelaxe ulertu behar dira hortz-haginen gabezia eta moko hutsaren agerpena. Bestalde, aipagarriak dira aire-zakuak, hezur pneumatizatuekin eta birikekin konektaturik daudenak. Arintasunean eta arnasa hartzen laguntzen badute ere, aire-zakuen egiteko nagusia termorregulatzailea da, hoztailea zehazki, zeren, hegaldiaren ondorioz bero-kantitate galanta askatzen baita; orobat, hegazti urtarretan aire-zakuek badute zerikusirik flotagarritasunarekin.
Hegaztien ezaugarririk propioena lumajea da. Lumek hainbat zeregin betetzen dituzte, garrantzitsuenak ondokoak: hego eta buztaneko hegaldi-superfiziea eratu eta aerodinamismoari lagundu, gorputz inguruko geruza isolatzaile eta iragazgaitza osotu, eta bai kolorazio eta itxura bereziak sortu (kamuflatzeko, dimorfismo sexuala adierazteko, talde-kohesiorako, etab). Funtzio horietarako oso egokia da, zeren luma-gainazala osotzen duten bizarren "velcro" moduko ixpen-mekanismoa guztiz moldagarria baita; gainera, lumak inerteak direnez, ez dute zirkulazio-aparatuaren beharrik, pisua gutxituz.
Jakina, hegan egiteak metabolismo oso altua dakar, tenperaturaren gorakadak erreakzio kimikoen azelerazioa ondorioztatzen baitu. Hegaztietan barne-tenperatura 38-45 °C tartean ibiltzen da, eta odoleko azukre-kontzentrazioak ugaztunenen bi halako izaten dira, presio arteriala ere nabarmenki gorena izanik. Bihotza ere ugaztunena baino handiagoa da ginoan. Zer esanik ez, horrelako motor batek errendimendu handiko eta hondakin gutxiko erregaia behar du: ia ez dago orbelez edo belarrez elikatzen den hegaztirik, gehienek janari kalorikoak ustiatzen dituztelarik, hala nola, bihi, fruitu, zomorro, beldar, patari txikiak, etab. Hortzeria ezean, halako hazkurriez elikatzeak paparo eta arandoien agerpena bultzatu du mamurketa-funtzioa bete ahal izateko. Jarduera-maila jasoarekin batera organo kinada-hartzaile oso garatuak dauzkate hegaztiek, batez ere ikusmenari eta, hein txikiagoan, entzumenari dagokienez. Portamoldeak erlatiboki konplexuak dira, gehienetan oso estereotipatuak; aipagarriak dira, esate baterako, siringeak ekoitziriko kantua, espezifikoa izaten dena, edota jokabide lurraldekoia, gorteiua, kumeen zaintza, migrazioak, etab.
Ugalketa arrautza bidezkoa da; zer esanik ez, obiparismoa moldapen egokia da hegaldirako: pisu-murrizketa nabarmena dago ugaztunen bibiparismoarekin alderatuz gero. Espezieen arabera, arrautza-kopurua 1-20koa izan daiteke errunaldiko. Arrautzaren garapenerako tenperatura zehatza behar da, habian txitatuz lortzen dena. Espezie batzuetan txitak itsu eta lumatxa barik jaio dira (eta, hortaz, habian luzaro gelditzen dira = hegazti nidikolak); bestetzuetan oso garatuta eklosionatzen dira, eta handik laburrera gurasoak segitzen dituzte (espezie nidifugoak). Ugalketaren karietarat, beste hainbat fenomeno gerta daitezke: habiaketarako lurraldearen ezarpena, arrak gainerako lehiakideekiko defendatuko duena; eztei arranditsuak, basoilarretan-eta ikusgarriak direnak, etab.
Denetara 9.100 espezie dira. Kanpo-itxurari dagokionez nola-halako eraniztasuna badute ere, hegaztien antolakuntza-plana guztiz uniformea da, hegan egitea ahalbideratu duen oinarrizko diseinuak oso baldintza zehatzak ezarri baititu, bariazio gutxi baimendu direlarik. Homogeneotasun ia erabateko hori erakutsirik, Aves klasearen sailkapena zail gertatu da, eta luzaroan erabili dira moko- eta hanka-itxura irizpide taxonomiko gisara: palmipedoak, hankaluzeak, harrapariak, korrikalariak. Alabaina, autore modernoek barne-anatomiako ezaugarriak hobetsi dituzte, eta hiru taldekamenduok proposatu: erratiteak (gilarik gabeko bularrezurra eta hego errudimentarioak: ostruka, kiwia, kasuarioa), inpenneak (hegoak hegats bihurtu dira: pinguinoak) eta karenatuak (bularrezurrak gila du eta hegan egiteko gai dira); denetara 32 ordena bereizi diren arren, lehen taldekamendu biak ez dira garrantzitsu numerikoki. Hegaztiak munduko lurralde guztietan bizi dira, poloetan barne; itsasoko espezieek, ugaztunetan ez bezala, lurrera irten behar dute ugaltzeko. Ugarien alde tropikaletan dira; lurralde epel eta hotzetako espezie askok ezin dute garai desfaboragarria bertan iraun, eta migratu egiten dute (zikoina, enara). Hegaztirik handienak hegan egiten ez dutenak dira, denetara 50 bat espezie mundu osoan; ostrukak 150 kg-ra iristen dira. Hegazti hegalariek gainditu ezineko tamaina-muga maximoa dute, hegaldiak berak derrigortua: enpirikoki ikusi denez goi-muga hori 13,5-20 kg-tan dago taldeen arabera. Bestalde, hegaztirik txikerrenek, kolibriek, 2,5 g eta 5 cm dute minimo modura.
Hegaztien ezaugarri batzuek antz ebolutibo estua dute narrastienekin. Ez dago odol hotzeko narrasti lurtarrek odol beroko hegazti hegalari bilakatzeko eman zituzten urratsen froga zuzenik, baina, Archaeopteryx famatuak bazuen hegaz egiteko edo, gutxienez, planeatzeko ahalmena.