hartzaile

1. Biokim.
sin. errezeptore

Zelularen mintzean edo zitoplasman dagoen egitura molekularra, seinale-molekula jakin bat (lotugaia) estekatzeko gune espezifikoa osatzen duena eta, seinale-molekula horrek eraginda, zelula-funtzioa aldatzeko gaitasuna duena. Kanpoko lotugai bat hartzaile espezifikoari estekatzen zaionean, hartzaileak seinalea transduzitu egiten du eta zelula barneko mezu bihurtu. Hartzaileak proteinak izaten dira, eta seinale-molekula, besteak beste, hormona bat, neurotransmisore bat edo botika bat.

2. Fisiol.
sin. errezeptore

Estimulu espezifikoarekiko sentikorra den zelula edo ehun espezializatua, eskuarki zentzumen-organo batean izaten dena.

3. Kim.
sin. elektroi-hartzaile

Erreakzio batean molekula edo atomo elektroi-emaile batetik elektroiak hartzen dituen molekula edo atomoa. Adibidez, espezie oxidatzaileek elektroiak hartzen dituzte, eta erreduzitu egiten dira. Atomoen elektronegatibotasunean oinarritzen da elektroi-transferentzia hori.

4. Med.

Emaile batengandik organo, ehun bat nahiz odola hartzen duen pertsona; zain barnetik odola edo honen konposatu bat injektatu zaion gaixoa.

5. Telekom.
sin. jasotzaile

Komunikazio-sistema batean, komunikazioa (mezua, deia...) bidali zaion erabiltzailea.

2. Fisiol.
Estimulu espezifikoarekiko sentikorra den zelula edo ehun espezializatua, eskuarki zentzumen-organo batean izaten dena.

Hartzailea Edit

Egilea: Jon Irazusta

HARTZAILEA

Hartzaileen banaketa oso zabala da, zentzumen-organoetan (larruazalean, begian, mihian, belarrian eta sudurrean) ez ezik, barne-organo gehienetan ere baitaude. Hartzaileei esker, gure gorputzak inguruko eta barneko egoeraren berri izaten du. Informazio hori guztia, ondoren, nerbio-sistema zentralera joango da, hor prozesatzeko eta erantzun egokia emateko.

Hartzaileen funtzio orokorra kanpoko edo barneko ingurunearen estimulua nerbio-bultzada bihurtzea da. Prozesu horri transdukzio deitzen zaio. Sortu den nerbio-informazioari dagokion erantzuna sor daiteke edo garunean meta daiteke, epe luzeagoan erantzun egokia eman ahal izateko. Kanpoko informazioa jasotzen dutenak esterozeptoreak dira, barnekoa jasotzen dutenak interozeptoreak eta gorputzaren jarrerari buruz informatzen dutenak propiozeptoreak.

Hartzaileen oinarrizko ezaugarriak

  • Kitzikagarritasuna: kinada baten aurrean erantzuteko gai dira.

  • Espezifikotasuna: kinada espezifikoen aurrean soilik erantzuten dute.

  • Moldaketa: kinada iraunkorra denean, haien erantzuna murriztu egiten da.

Sailkapena

Hartzaileek jasotzen duten informazio-motaren arabera egiten da sailkapena:

  • Mekanorrezeptoreak: energia mekanikoaren aldaketa hautematen dute. Hartzaileek bere luzapena edo laburtzea neurtzen dute, eta horren ondorioz erantzun bat eman. Hauen artean daude: belarrikoak, ukimenekoak, muskulu eta giltzaduretakoak.

  • Fotorrezeptoreak: erretinaren gaineko argi-aldaketa hautematen dute. Hauen artean konoak eta makilak daude.

  • Termorrezeptoreak: tenperatura-aldaketak nabaritzen dituzte; batzuek beroa eta besteek, aldiz, hotza.

  • Kimiorrezeptoreak: substantzien kontzentrazioa hautematen dute; esate baterako: dastamena, usaimena, odoleko oxigeno-kantitatea, barne-inguruneko osmolaritatea edo glukosa. Hartzaile hauen artean bi talde bereiz daitezke:

    • Barnekoak: hipotalamoan, garun-enborrean, arnas sisteman eta aorta-arkuan daude. Gorputz barneko substantzien kontzentrazioekiko sentikorrak dira.

    • Kanpokoak: dastamenaren eta usaimenaren hartzaileak.

  • Nozizeptoreak (minaren hartzaileak): min zelularrarekin zerikusia duten aldaketa kimiko, termiko eta mekanikoa hautematen dute. Larruazalean, giltzaduretan, muskuluetan eta erraietan daude. Ez dira batere moldagarriak.

  • Mekanonozizeptoreak: larruazalean min egiten duten estimulu bortitz ebakitzaileak nabaritzen dituzte.

  • Nozizeptore mekanokalorifikoak: 43 °C baino gehiagoko tenperaturen aldaketak hautematen dituzte.

  • Nozizeptore mekanofrigidoak: 10 °C azpiko tenperatura-aldaketak hautematen dituzte.

  • Nozizeptore polimodalak: aldaketa kimikoak, termikoak eta mekanikoak batera nabaritzen dituzte.

Hartzaileen erantzun-mota

Hartzaile guztiek kinaden aurrean duten erantzuna ez da berdina. Bi motatako hartzaileak daude, kinadaren abiadura eta iraupenaren arabera, desberdin erantzuten dutenak:

  • Fasikoak (azkarrak): kinadaren hasieraren eta bukaeraren informazioa bidaltzen dute. Kinada aldagarrien informazioa hautemateko erabilgarriak dira.

  • Tonikoak (geldoak): kinadaren informazioa iraupen osoan eroaten dute. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, bidaltzen duten informazioaren magnitudea murrizten doa. Elkarrengandik oso gertu gertatzen diren kinadak bereizteko erabilgarriak dira.