haize-parke

1. Teknol.
Elkarrekin konektatutako hainbat haize-sorgailuz eta gailu osagarriz osatutako instalazioa, sare elektrikoa elikatzen duena.

Haize-parkea Edit

Egilea: Elhuyar

HAIZE-PARKEA

Hauek dira haize-parkea osatzen duten elementu nagusiak: haize-sorgailuak, parke barruko konexio elektrikoak, azpiestazioak eta sareari lotzeko linea. Haize-sorgailua da horietan garrantzitsuena (haize-sorgailu).

Haize-parkea osatzen duten haize-sorgailuak lurpetik doan tentsio ertaineko linea elektriko baten bidez konektatuta daude. Azpiestazioetan, haize-sorgailuetan lortutako energia elektrikoaren tentsioa (20 KV) igo egiten da konpainia elektrikoek eskatutako baliora. Ondoren, linea elektrikoen bidez, elektrizitatea sare nagusira bideratzen da.

grafikoak1

Haize-parkea (iturria: Press Picture Siemens AG, Energy Sector)

Parkea instalatu aurretik, aukeratutako lur-eremuko haizearen abiadura eta norabidearekin eta beste hainbat faktorerekin zerikusia duten zenbait ezaugarri hartu behar dira kontuan.

Haize-parkea jartzeko toki egokienak oztopo eta zimurtasun gutxiko eremu zabalak dira, ahal dela muino biribilak. Horrekin batera, ez da ahaztu behar lurra eta lur-eremua zimenduak jarri eta obra egiteko egokiak izan behar direla. Beste alde batetik, zizailadura dela eta, lurrera hurbildu ahala haizearen abiadura txikiagotu egiten da. Horregatik, besoak ahalik eta goren jartzen dira, zenbat eta gorago hainbat eta energia gehiago jasotzen dutelako.

Amaitzeko, haize-parkea egiten hasi aurretik, aukeratutako lur-eremuaren azterketa egin behar da, eta, horretarako, honako hauek hartu behar dira kontuan: inguruko banaketa elektrikoa, kokagunera iristeko erraztasuna eta haize-parkeak ingurumenean duen eraginaren azterketa (paisaia, zarata, ekologia, ondare arkeologiko/historikoa...).

Azken urteotan indartzen ari den joera, horretarako aukera dagoenean behintzat, haize-parkeak itsasoan ipintzekoa da. Izan ere, itsasoak hainbat abantaila ditu lehorraren aldean. Zizailadura txikiagoa da, eta, ondorioz, itsasoan haizearen abiadura gutxi aldatzen da altuerarekin. Haize-turbinen ardatza lehorrean baino beherago jar daiteke eta, ondorioz, dorreak merkeagoak dira. Gainera, itsasoaren gaineko atmosferan tenperatura-aldaketa txikiagoak izaten direnez, turbulentziak ere txikiagoak dira. Horri esker, besteak beste, haize-sorgailuen bizitza luzeagoa izaten da.

grafikoak2

Itsasoko haize-parkea (iturria: Press Picture Siemens AG, Energy Sector)

Desabantailak, berriz: eraikitze-kostuak handiagoak dira itsasoan lehorrean baino; diseinu eta teknologia aurreratuagoak behar dira kresalak eragiten duen korrosiotik babesteko; goi-tentsioko kableak lehorreraino eraman behar dira, eta horrek ere garestitzen du instalazioa. Nolanahi ere, badirudi etorkizunean potentzia handitzeko eta kostuak murrizteko aukera izan daitekeela.