haize
- 1. Meteorol.
-
Lurraren gainazalarekiko higitzen den aire-lasterra.
Haizea Edit
Egilea: Elhuyar
Atmosferan toki batetik bestera mugitzen ari den airea da haizea. Atmosferako troposfera geruzan sortzen da, gainerako fenomeno meteorologiko guztiak sortzen diren eremuan, eta hor gertatzen diren presio aldaketei erantzunez sortzen da. Hain zuzen ere, presio baxuko eta altuko eremuen artean oreka lortzeko mugitzen da airea batetik bestera.
Jatorria eta eredu orokorra
Haizea nola sortzen den eta nondik nora jotzen duen ulertzeko, atmosferan gertatzen diren presio-aldaketak aztertu behar dira.
Eguzkiak airea berotzen duenean, aireak igotzeko joera du. Horren eraginez, atmosferako gune horrek lurrean eragiten duen presioa jaitsi egiten da. Inguruko presioa altuagoa denez, bi eremuen arteko presio-ezberdintasunak orekatzeko, airea mugitu egiten da presio altuenetik baxuena duen eremura, hots, haizea sortzen da.
Lurrean, Eguzkiak airea etengabe berotzen duen eremu bat dago, doldrum edo barealdi ekuatorialen zona izenaz ezagutzen dena. Eremu hori ekuatoretik gertu dago, eta urte osoan Eguzkiak eremu horretako airea berotzen du. Horren eraginez, bertako airea gorantz igotzen da, eta, beraz, presio baxuko eremua sortzen da. Gune horretatik, aire beroa iparralderantz (Ipar hemisferioan) eta hegoalderantz (Hego hemisferioan) mugitzen da. Apurka-apurka aire hori hoztuz joango da, eta pisuago bilakatuz, eta 30°-ko latitudean beherantz mugitzeko joera hartzen du, hau da, presioa igo egiten da. Aireak, beraz, zirkuitu moduko bat egiten du, gune batean hoztuz eta bestean berotuz. Airearen zirkulazio horri zelula deritzo (zirkulazio atmosferiko).
Lurreko haize-sistema nagusiak presio altuko eremuetatik presio baxuko eremuetara mugitzen dira. Hala ere, zuzenean mugitu beharrean, hots, ekuatorearekiko perpendikular mugitu beharrean, desbideratu egiten dira, Lurraren errotazioak eragindako Coriolis efektuaren ondorioz. Ipar hemisferioan eskuinerantz mugitzen dira, eta Hego hemisferioan, ezkerrerantz. Lurreko atmosferan hiru zirkulazio-zelula daudela kontuan hartuta, hiru haize-sistema nagusi daude: alisioak (30°-ko latitudetik ekuatorera mugitzen direnak), mendebaldeko haizeak (30°-ko latitudetik 60°-ko latitudera mugitzen direnak) eta ekialdeko haize polarrak (poloetatik 60°-ko latitudera mugitzen direnak). Urtaroaren arabera, eta Lurraren inklinazioaren eraginez, barealdien zonak mugitu egiten dira iparralderantz edo hegoalderantz, eta horiekin batera haizeen nondik norakoa ere aldatu egiten da.
Hori, hala ere, eredu ideala da, eta beste hainbat faktorek eragiten diote haize-zirkulazioari. Kontuan hartu behar da, esaterako, Lurrean lurraren eta itsasoaren banaketa ez dela erregularra. Lurra itsasoa baino azkarrago berotzen eta hozten denez, lur-masa kontinentalean, esaterako, presio altuko eremuak sortzen dira neguan (Eurasian, adibidez), eta, hori inguratzen duten itsasoak epelago daudenez, presio baxuko eremuak sortzen dira. Halako fenomeno guztiek haizeei zuzenean eragiten diete.
Haizeen zirkulazio orokorrarekin batera, maila txikiagoko fenomeno ugari gertatzen dira, depresioak, zikloi tropikalak eta tornadoak, besteak beste. Ekaitz horietako bakoitza haize-sistema nagusien noranzkoan mugitzen da, baina bere baitan haize-zirkulazio propioa izan ohi du.
Haize lokalak
Gune geografiko batzuetan, kondizio zehatzak gertatzen direnean sortzen da haizea. Kostaldeko brisa da kasu horietako bat. Lurrak urak baino azkarrago jasotzen eta askatzen du beroa, eta, horren ondorioz, itsasoak eta lurrak bat egiten duten tokian, uraren eta lurraren arteko bero-trukea gertatzen da. Egunean zehar, Eguzkiak lurra eta itsasoa berotu egiten ditu, eta, lurra azkarrago berotzen denez, horren gainean dagoen airea ere azkarrago berotzen da eta arratsalderako igotzen hasten da. Igoera hori orekatzeko, itsasotik aire hotza lurraren barnerantz sartzen da. Itsasoko brisa da hori. Gauean, aldiz, lurra azkar hozten da, eta, itsasoak egunean zehar pilatu duen beroa polikiago askatzen duenez, alderantzizko fenomenoa gertatzen da, hau da, lurretik itsasora mugitzen da airea; lurreko brisa da hori.
Lurrazalaren orografiak ere airearen mugimendua sorrarazten du. Halakoetan, lurreko egituren altuerak eragiten du airearen tenperatura-aldaketa eta mugimendua. Egunaren hasieran, mendiak haranak baino lehenago hasten dira eguzkiaren beroa jasotzen, eta, ondorioz, mendien gaineko airea berotu eta igo egiten da. Aire beroak utzitako tokia betetzeko, haraneko aire hotza mugitzen da mendian gora. Arratsaldean, berriz, kontrakoa gertatzen da. Haranak beroa askatzen du, eta mendi tontorretako haize hoztua beherantz mugitzen da.
Mendietatik behera mugitzen diren haizeei haize katabatiko deritze. Oro har, altuera jakin batetik beherantz mugitzen den haize hotza da. Mendiaren euri-itzaletik beherantz mugitzen diren haize lehorrak ere katabatikoak dira, eta horrelako kasu bat da, esaterako, Europa erdialdean hain ezaguna den foehn haizea.