gurpil

1. Autom.

Bere zentrotik igarotzen den ardatzaren inguruan biratzen den pieza zirkularra, makina, ibilgailu eta abarretan muntatzen dena gainazalen baten gainean jarraitutasunez higitzeko.

2. Teknol. Mek.

Makina edo engranaje bateko pieza biribila, higidura ardatz batetik bestera transmititzen duena (gehienetan gurpil horzduna izaten da).

1. Autom.
Bere zentrotik igarotzen den ardatzaren inguruan biratzen den pieza zirkularra, makina, ibilgailu eta abarretan muntatzen dena gainazalen baten gainean jarraitutasunez higitzeko.

Gurpila Edit

Egilea: Iñaki Azkune

GURPILA

Gurpilak hiru zati izan ohi ditu:

  • Abatza: erdigunea da, euskarriarekiko (xasisarekiko edo besoarekiko) biraketa segurtatzen duena.

  • Haguna edo periferia: askotan gainazalaren gainean errodatzen du. Automobiletan, kamioietan eta motoetan, adibidez, pneumatikoa izaten da.

  • Egitura: askotan, erradioz osatutakoa izaten da (bizikleta-gurpilean, esaterako) eta abatza hagunarekin lotzea du eginkizun.

Gurpila funtsezko pieza da garraiorako. Lurraren gaineko karga handiak eramateko aukera eskaintzen du, marruskadura-indarrak asko murrizten direlako. Lehorreko ibilgailu gehienentzat ezinbestekoa da.

Gurpilaren historia

Gurpila K.a. 3500. urte inguruan Mesopotamiako Sumer eskualdean asmatu zela onartu ohi da. Hala ere, zibilizazio askotan oso gerora arte ez dute gurpilik erabili: Ozeanian eta Afrikako hegoaldean, adibidez.

Poloniako Bronocicen aurkitutako K.a. 3500. urteko ontzi batean, lau gurpileko orga dago marraztuta.

Lehen gurpilak harrizkoak eta pieza bakarrekoak ziren. Zurezkoak, berriz, elkarri lotutako hainbat piezaz osatzen zituzten, Euskal Herriko garai bateko gurdi-gurpiletan bezala. Dena den, hagun eta erradiozko gurpilak arinagoak dira. Mota horretako zaharrenak K.a. 2000. urte inguruan agertu ziren.

Hasierako gurpil haiek binaka muntatzen zituzten (ardatzaren mutur bakoitzean bat). Ardatzarekin bat eginda biratzen ziren, eta, xasisarekiko marruskadura txikiagoa izan zedin, armazoian zuloa egiten zuten ardatzak zeharka zezan. Gainera, koipeztaturiko arrabolak ipintzen zituzten zuloetan.

Orain, errodamenduak edo kojineteak ipinita muntatzen dira gurpilak.

Zenbait gurpil-mota

  • Gurpil eragilea. Motorrak eragiten dion gurpila da, higiduraren transmisioan beste gurpil bati eragiten diona.

  • Gurpil eragina. Higidura-indarra beste gurpil batetik jasotzen duena da.

  • Gurpil hidraulikoa (turtukia). Periferian palak dituena eta uraren eraginez higitzen dena da. Errotetan, zentral hidroelektrikoetan eta abarretan erabiltzen da.

  • Gurpil libre edo loka. Ardatzari lotu gabeko gurpila da. Batzuetan, karga eraman besterik ez du egiten (atoiko gurpilak, esaterako). Beste batzuetan, gurpil libre edo lokak (bizikletaren pinoiak, adibidez) trinketa edukitzen du, biraketa-noranzko bat eragozteko eta gurpilak beste noranzkoan baino ez bira egiteko.

  • Gurpil horzduna. Periferian hortzak tailatuta dituena da. Beste gurpil horzdun edo pinoi batekin engranatzen da higidura transmititzeko.

  • Marruskadura-gurpila. Beste gurpil edo arrabol baten kontra ipini eta biratuta, marruskadura-indarrez birarazten du hura.

  • Ordezko gurpila. Ibilgailuetan pneumatikoren bat zulatzen denerako eramaten dena da.

  • Gurpil putzupadaduna (noria). Sakonera txikietatik ura ateratzeko tresna. Uztai biribil batean lotuta izaten ditu putzupadak. Birarazteko mekanismoa ere badu gurpilak.