gripe

1. Med.
sin. influentza

Gaixotasun infekzioso akutua, epidemiko edo pandemikoa, Orthomyxoviridae familiako zenbait birusek (zehazki, Influenza A, B eta C birusek) sortua. Sukarra, buruko mina eta gorputz guztiko ondoeza dira sintoma nabarienak eta zenbaitetan arnas hotzeria, eztula eta astenia.

Gripearen birusa
Gripearen birusa

1. Med.
Gaixotasun infekzioso akutua, epidemiko edo pandemikoa, Orthomyxoviridae familiako zenbait birusek (zehazki, Influenza A, B eta C birusek) sortua. Sukarra, buruko mina eta gorputz guztiko ondoeza dira sintoma nabarienak eta zenbaitetan arnas hotzeria, eztula eta astenia.

Gripea Edit

Egilea: Ana Galarraga

GRIPEA

Gripea edo influentza goi-arnasbideei eragiten dien gaixotasun biriko bat da, hau da, sudurrari, eztarriari eta bronkioei, eta, kasu larrietan, baita birikei ere eragiten diena. Sintomak burutik beherako baten antzekoak dira, baina gogorragoak izaten dira, eta bat-batean agertzen dira: sukarra, buruko mina, giharretako eta artikulazioetako mina, ondoeza, eztula (gehienetan lehorra), eztarriko mina... Normalean, tratamendu berezirik gabe sendatzen da, astebete edo biren buruan. Alabaina, askoz larriagoa izan daiteke haur txikietan, adinekoetan edo gaixo daudenetan, konplikazioak ager baitaitezke, pneumonia, esaterako. Kasu larrienetan, heriotza ere eragin dezake.

Gripe-epidemia urtean behin izaten da, sasoi jakin batean (klima epeleko lurraldeetan, udazken edo negu aldean), eta populazioaren % 5-15i eragiten dio. Urte batzuetan, ordea, gogorragoa izaten da; orduan, sintomak ohi baino larriagoak izateaz gain, gehiago hedatzen da eta jende gehiagori eragiten dio. Gripeak kalte ekonomiko handiak sortzen ditu, osasun-zerbitzuetan eragiten dituen gastuengatik eta produktibitate-galeragatik.

Etiologia

Gripea eragiten duen birusa RNA-birus bat da, Orthomyxoviridae familiakoa. Hiru generotako birusek eragiten die gizakiei: Influenza A, B eta C, baina azken hori oso ezohikoa da. Influenza A k gizakiei eragiten dien bi mota ditu: A(H3N2), heriotza-kasu gehienen eragilea, eta A(H1N1). Izena birusak azalean dituen bi proteinekin erlazionatuta dago; hemaglutinina (H) eta neuraminidasa (N) antigenoekin, hain zuzen.

Birusak mutazio txikiak izaten ditu maiz; horren ondorioz, urtero berritu behar dira gripearen aurkako txertoak.

grafikoak1

Gripearen birusa

Transmisioa

Birusa erraz transmititzen da pertsona batetik bestera, eztula edo doministiku egitean airera igortzen diren tanta eta partikula txikien bidez. Birusa eztarritik edo sudurretik sartzen da, eta sintomak 1-4 egun geroago agertzen dira. Infektatutako pertsonek sintomak izan baino egun bat lehenagotik eta zazpi egun geroagora arte kutsa dezakete birusa.

Birusa erraz kutsatzen da leku berean jende asko biltzen denean, eta, gainera, tenperatura freskoek eta hezetasunak birusari gorputzetik kanpo irauten laguntzen diote. Hortaz, ez da harritzekoa udazken-neguan gertatzea gripe-epidemiak.

Tratamendua

Gripearen aurka ez da tratamendu berezirik behar izaten: normalean, nahikoa da sintomak arintzeko neurriak hartzea, eta egun batzuetan organismoa gai da birusa suntsitzeko. Dena dela, badaude botika antibiralak. Botika horiek birusa ugaltzea galarazten dute, eta, zenbat eta lehenago hartu, orduan eta eraginkortasun handiagoa dute infekzioa saihesten eta sintomak arintzen.

Prebentzioa

Gripe-epidemiaren garaian, transmisioa eragozteko, garrantzitsua da kontu handia izatea eztula eta doministiku egitean eta eskuak ondo garbitzea.

Bestela, prebentzio-neurri nagusia txertaketa da. Gripeak bereziki eragin diezaiekeen pertsonak txertatzen dira, hala nola adinekoak, immunologia-sistema ahula dutenak eta arrisku-taldeak (erizainak, irakasleak...). Oso txerto segurua da, ez du albo-ondoriorik izaten eta nahiko eraginkorra da. Hain zuzen, txertatutako pertsonaren adinarekin eta txertoaren osagaien eta urte horretako birusaren arteko parekotasunarekin dago lotuta eraginkortasuna.

Influenza A(H3N2), A(H1N1) eta Influenza B birusen osagaiak elkartuz egiten dute txertoa. Baina, birusak maiz mutatzen duenez, osagaiak urtero moldatu behar izaten dira. Horretarako, 83 herrialdetan sakabanatuta dauden 112 zentroz osatutako zaintza-sare bat du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Azaltzen diren birus-aldaera berriak detektatzea da haien eginkizuna. Hala, zaintza-sareak emandako datuen arabera diseinatzen dute txertoa.

grafikoak2

Enbrioi osasuntsuak dituzten arrautzak erabiltzen dira birusaren gripea bakartu eta txertoa prestatzeko

Gripe-pandemiak

Gripe-pandemiak ez dira ohikoak, baina noizbehinka gertatu egiten dira. MOEren arabera, XX. mendean hiru pandemia izan ziren: gripe espainiarra 1918an, gripe asiarra 1957an eta Hong Kongekoa, 1968an. Gogorrena espainiarra izan zen; 40-50 milioi pertsona hil zituela kalkulatzen dute.

Birus-aldaera berriak azaltzen direnean gertatzen dira pandemiak. Ordura arte birus hori ez zegoenez, populazioan inor ez dago babestuta, eta, beraz, birusa oso erraz kutsatzen da, eta sintomak ohi baino larriagoak izan daitezke.

Birus-aldaera berri horiek, sarritan, animalietatik gizakietara igarotzen direnean azaltzen dira. Adibidez, hegazti-gripearen birusek nahiko erraz kutsatzen dituzte pertsonak eta txerriak. Birus horietakoren bat aldatzen bada, eta pertsonatik pertsonara transmititzeko gaitasuna hartzen badu, pandemia eragiteko arrisku izugarria du.

Hain justu, Hong Kongen 1997an identifikatu zen H5N1 birusak kezka handia sorrarazi zuen 2003an, kutsatutako pertsonen kasu asko agertu baitziren. Pertsonen arteko transmisioa gertatu zela susmatu zuten, baina, azkenean, kasu guztietan jatorria hegazti bat izan zela frogatu zuten.

2009ko udaberrian, A(H1N1) birus batek piztu zuen alarma. Ipar Amerikan azaldu zen, oso azkar hedatu zen, eta hildakoak ere eragin zituen, bereziki Mexikon. Birusak txerri-gripearen, hegaztienaren eta pertsonenaren material genetikoa zuen, eta, batzuen ustez, txerrietatik iritsi zen pertsonetara. Ez da arraroa txerri-gripearen birusek pertsonak kutsatzea, ezta alderantziz ere. Birus hura, ordea, pertsona batetik bestera ere transmititu zen; horrenbestez, pandemia bati aurre hartzeko har daitezkeen neurri guztiak hartu zituzten mundu osoko osasun-agintariek.

grafikoak3

1918ko gripe espainiarra (iturria: Office of the Public Health Service Historian)