goritasun-lanpara

1. Teknol. Elektr.

Korronte elektrikoa bere barnetik iragatean goritzeraino berotzen den harizpi baten bidez argi egiten duen lanpara. Harizpia egiteko urtze- eta lurruntze-tenperatura handiko materialak erabiltzen dira (wolframa), zeren, harizpi goriaren tenperatura zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta handiagoa baita lanpararen errendimendua. Dena den, kontsumitzen duten energiaren parte handi bat bero gisa xahutzen da, eta horrek argi-errendimendua oso txikia izatea dakar berekin (10-15 lm/W). Espektro ikusgai osoko argia igortzen dute eta, ondorioz, kolore-errendimendua bikaina da. Osagaiak wolframezko harizpi bat, hainbat formatako beirazko estalkia edo 'anpulua' (estandarra, esferikoa, kandela, globoa...) eta eskuarki Edison haria duen zorroa dira. Harizpia erre ez dadin, lanpara barnean hutsa egiten da, eta, harizpiaren lurruntze-abiadura moteltzeko, gas geldo bat (argona, kriptona edo xenona) sartzen da. Harizpia kiribil bikoitzean biltzen da. Goritasun-lanpara arrunta (ohizko bonbilla) da argi-iturri erabiliena. Lanpara barruan aipatu gas geldoez gain halogenoa dagoenean, lanpara halogeno deritzo.

Goritasun-lanpara
Goritasun-lanpara