gernu-aparatu

1. Anat.

Gernua sortzeko eta organismotik kanporatzeko funtzioa betetzen duen organo-multzoa; giltzurrunek, gernu-maskuriak, ureterrek eta uretrak osatzen dute.

Gernu-aparatuaren osagaiak: giltzurrunak, ureterrak (gernu-hodiak), maskuria edo puxika eta uretra
Gernu-aparatuaren osagaiak: giltzurrunak, ureterrak (gernu-hodiak), maskuria edo puxika eta uretra

1. Anat.
Gernua sortzeko eta organismotik kanporatzeko funtzioa betetzen duen organo-multzoa; giltzurrunek, gernu-maskuriak, ureterrek eta uretrak osatzen dute.

Gernu-aparatua Edit

Egilea: Angel Bidaurrazaga

GERNU-APARATUA

Gernua giltzurrunek jariatzen duten iraizkin likidoa da, eta, maskurian pilatu ondoren, uretratik kanporatzen da. Pertsona helduak 1.300-1.600 cm3 kanporatzen ditu egunero, egoera normalean. Gernuaren % 90-96 ura da; uraz gain, ordea, urea, sodio kloruroa (gatz arrunta), azido fosforikoa, azido sulfurikoa, azido urikoa, amoniakoaeta abar ditu. Urearen usaina izaten du.

grafikoak1

Gernu-aparatuaren osagaiak: giltzurrunak, ureterrak (gernu-hodiak), maskuria edo puxika eta uretra

Giltzurrun-aparatuak bi osagai ditu:

  • Gernu-ekoizle diren erraiak edo giltzurrunak.

  • Gernu hori kanporatzeko hodi iraizleak edo gernubideak.

Giltzurruna

Guruin-organo bikoitza da, eta gernua jariatzen du. Indaba-formakoak dira giltzurrunak, eta sabelalde-barrunbearen atzeko aldean daude. Kolore gorrizta kafe-kolorearen antzekoa dute eta trinkoak dira. Luzetarako ardatzaren inguruan zertxobait barrurantz jiraturik daude. Gizonezkoarenak 140 g inguru pisatu ohi ditu, eta emakumezkoarenak, berriz, 125 g. Neurri hauek izan ohi ditu: 12 × 6 × 3 cm. Gernu-ekoizpenaz gain, beste funtzio hauek ere betetzen ditu: azido-base oreka eta presio arteriala mantentzea, oreka ionikoa mantentzea, katabolito toxikoak gernutik iraiztea, farmakoak iraiztea. Baditu funtzio endokrinoak ere: eritropoietina, errenina eta D bitamina jariatzea.

Gernubideak

Nefronak eta hodi biltzaileak

Nefronek eta hodi biltzaileek papiletan dute bokalea, gernua bertatik kalizetara isurtzeko (giltzurrun).

Kalizak bi motatakoak dira:

  • Papilarrak, elkartu eta kaliza pelbianoak eratzen dituzte.

  • Pelbianoak, elkartu eta giltzurrun-pelbisa eratzen dute.

Kalizen jarraipena, beraz, pelbisa dugu, zabala hasieran eta estua amaieran, ureterrarekin lotzen den gunean.

Gernu-hodi guztiek zuntz muskular leunak dituzte paretetan. Haietako batzuk, zuntz zirkularrak hain zuzen, bildu egiten dira leku jakin batzuetan, esfinterrak eratzeko:

  • Kaliza papilarren eta pelbianoen artean.

  • Kaliza pelbianoaren eta pelbisaren artean.

  • Pelbisaren eta ureterraren artean.

Gernu-hodiak aldizka uzkurtzen dira, gernuaren aurrerantzeko higidurari laguntzeko.

Ureterra

Giltzurrunetik maskuriaren trigonoraino jaisten den hodi luzea dugu ureterra. Gernua giltzurrun-pelbisetik maskurira garraiatzen du. Gerrialdeko ornoen apofisi zeharren albotik jaisten da, plano sakonean dagoen psoas muskuluan bermaturik. Odol-hodi gonadalen atzetik eta iliakoen aurretik pasatzen da. Odol-hodi iliakoak zeharkatu aurreko zatiari, ureterraren zati lunbar deritzo, zeharkatu ostekoari, berriz, zati pelbiko.

Ureterrak hiru estugune ditu:

  • Lehenengoa, giltzurrun-pelbisarekiko elkargunean.

  • Bigarrena, odol-hodi iliakoen gainetik pasatzean.

  • Hirugarrena, amaieran, maskuriaren pareta barruan.

Histologikoki, hiru geruzek osatzen dute:

  • Mukosa (barrualdetik).

  • Muskularra (zuntz muskular leunak). Geruza muskularrak zuntz zirkularrak (kanpoan) eta luzetarakoak (barruan) ditu. Uzkurtzean, gernua aurrera eramaten duten uhin edo higidura peristaltikoak sorrarazten ditu.

  • Kanpoko konektiboa.

Inerbazioa: plexu solarretik irteten diren zuntz begetatiboek eramaten dute, peristaltismoa gobernatuz. Sinpatikoak erlaxapena eragiten du, eta parasinpatikoak uzkurdura.

grafikoak2

Nerbio-sistema begetatiboaren nerbioak maskuria eta uretra inerbatzeko

Maskuria

Gihar-mintzezko zakua, pelbisean dagoena. Gernua pilatzen da bertan, uretratik kanporatua izan dadin.

Uretra

Gernua maskuritik kanpora isurtzen duen hodia. Gizonezkoaren uretra maskuriaren lepotik zakilerainokoa da, 16 cm ingurukoa. Emakumezkoarena, berriz, maskuriaren lepotik gernu-meaturainokoa da, 4 cm ingurukoa. Gizonezkoetan, uretratik esperma isurtzen da eiakulazioan, eta, maskuria hustean, gernua.

Gernu-aparatuaren gaixotasunak

Gaixotasun nagusiak: giltzurrun-gutxiegitasuna, minbizia, pielonefritisak eta litiasiak.