galdaketa

1. Metal.

Urtutako metalez molde erregogorra betez piezak edo totxoak fabrikatzeko prozedura.

1. Metal.
Urtutako metalez molde erregogorra betez piezak edo totxoak fabrikatzeko prozedura.

Galdaketa Edit

Egilea: Jose Maria Rodriguez Ibabe

GALDAKETA

Metala labean berotzen da urtu arte, eta, ondoren, isuri egiten da hutsunea duen eredu batean. Likidoak hutsunearen forma hartzen du, eta hor uzten da solidotu arte; gero, metala eredutik ateratzen da. Prozedura horri jarraituz, osagai metaliko asko ekoizten dira gaur egun, bereziki kasu hauetan:

  • Egin behar diren piezek oso forma konplexuak dituztenean, tamaina txikikoetatik hasi (gramo gutxi batzuetakoak) eta tamaina handikoetara (tonatakoak). Orokorrean, forma konplexu horiengatik ia ezinezkoa izaten da, teknikoki edo ekonomikoki, pieza horiek beste prozeduren bidez ekoiztea.

  • Ekonomikoki oso lehiakorra denean beste prozesaketa-motarekiko (forjaketa, adibidez).

Industrian, hainbat galdaketa-mota erabiltzen dira, eta, sailkapena egitean, irizpide hauek har daitezke kontuan: ereduaren materiala (hondarretako galdaketa, argizari galduzko galdaketa, metala, erretxinak…), eredua egiteko prozedura eta eredua betetzen ari den unean likidoari aplikatzen zaion presioa (grabitatea, presio baxua, presio handia, zentrifugoa…). Bestalde, batzuetan, ereduak iraunkorrak dira, eta ez-iraunkorrak beste batzuetan. Eredu iraunkorrak edo metalikoak grabitate- eta injekziozko galdaketetan erabiltzen dira, eta oso egokiak dira osagai-kopuru handiak egiteko (automobilgintzan, adibidez). Eredua galtzen denean (argizari galduzko galdaketa, hondarretako galdaketa eta maskor-galdaketa, adibidez), eredu berria behar da galdaketa bakoitzean.

Galdaketaren bidezko piezen ekoizpenak parametro askoren kontrol zehatzak eskatzen ditu. Ereduaren diseinuan, likidoak solidotzean jasango dituen uzkurdurak kontuan hartu behar dira. Era berean, solidotze-prozesu batean sor daitezkeen akatsak (hutsuneak, lotura hotzak, heterogeneotasunak mikroegituran...) galarazi behar dira, bereziki piezari propietate mekaniko egokiak eskatzen zaizkionean. Eredu matematikoen garapena, ordenagailu bidezko galdaketaren simulazioak eta prozesu osoan zehar tenperatura-kontrolak dira gaur egungo industria gehienetan dauden nahitaezko tresnak ereduak diseinatzeko eta prozesu-parametroak definitzeko. Horri esker, azken hamarkadan, galdaketaren bidez lortutako piezen portaera mekanikoak hobetzen joan dira; hala, ekoizpen-bide hori lehen eskumenetik kanpo zuen propietate mekaniko handiko osagaietara zabaldu da.