gaixotasun mental

1. Psikiatr.
sin. buruko eritasun, buruko gaixotasun, eritasun mental

Desoreka psikologiko edo jokabidezkoa, gaixoarentzat oztopo dena emozionalki eta sozialki normaltzat jotzen den bizimodua izateko.


1. Psikiatr.
Desoreka psikologiko edo jokabidezkoa, gaixoarentzat oztopo dena emozionalki eta sozialki normaltzat jotzen den bizimodua izateko.

Gaixotasun mentala Edit

Egilea: Agurtzane Ortiz

GAIXOTASUN MENTALA

Gaixotasun mentalek zenbait sintoma dituzten arazo-talde berezi bat osatzen dute. Oro har, pentsamendu, emozio, motibazio eta portaera eta harreman nahasien konbinazioa izan ohi dituzten asaldurak dira. Hainbat sintoma eta zeinu dituzten eta gaixoaren bizimodu normala oztopatuko duten desoreka psikikoak dira.

Gaixotasun mentalen artean, oso ezagunak dira depresioa, adimen-atzeratasuna, eskizofrenia eta substantzien kontsumoagatiko nahasteak.

Mundu osoan, lau pertsonatik batek izan dezake gaixotasun mentalen bat bizitzaren uneren batean. Izan ere, mundu osoan, morbilitate eta hilkortasunaren eta ezgaitasunaren lehenengo hamar arrazoien artean daude gaixotasun mentalak.

Oro har, edozein motatako gaixotasunetan gertatzen den bezala, gaixotasun mentala ere testuinguru biopsikosozial baten barruan egituratzen da etengabeko elkarreraginean. Kasu honetan, askoz ere garrantzi handigoa hartzen du faktore biologiko, psikologiko eta sozialen elkarrekintzak gaitzaren sorkuntza, garapen eta sendatzean.

Gaixotasun mentala modu oso desberdinean ulertu eta tratatu izan da garai historikoaren arabera. Jada, antzinatik izan dira gaur egun gaixotasun mentaltzat hartuko genituzkeen nahaste eta sintomak. Antzinako greziarrek eta egiptoarrek pentsatzen zuten gaitz mentalaren arrazoia espiritu, deabru eta bestelako naturaz gaindiko jatorri magiko eta erlijiosotan zegoela.

Garai grekoerromatarrean, arrazoi organikoak lehenbiziko aldiz agertzen dira gaixotasun mentalaren sorkuntza eta patologian. Hipokrates (K.a. IV. mendean) izan zen gaitz mentalaren jatorri organiko edo naturala nabarmendu zuena. Haren idatzietan, gaixotasun mentala gorputzaren lau humoreen arteko elkarrekintza gisa ulertzen da, hau da, odolaren, behazun beltzaren, behazun horiaren eta flemaren artekoa. Lau humore horiek naturaren oinarrizko ezaugarrien konbinazioaren ondorio ziren (beroa, hotza, hezetasuna eta lehortasuna, hurrenez hurren). Honela, pertsonek lau izaera izan zitzaketen: odolbizia, koleratsua, malenkoniatsua edo flematikoa, nagusi zuten ezaugarri emozionalaren arabera.

grafikoak1

Erdi Aroan, berriro, indar handia hartzen dute ideia teologikoek eta magikoek. Izan ere, ezagunak dira garai hartako jazarpenak eta sorgin-erreketak, portaera bitxia edo eroa zuten pertsonen artean.

XVII. mendean, gaixotasun mentalarekiko jarrera guztiz kontrakoa izan zen. Gaixo mentala babestu nahiak gaixoak ospitaletan sartzea ekarri zuen berekin, eta zoroetxeak agertzen hasi ziren. Hala ere, gehienetan, gaixoak ospitaletan sartze hutsak ez zuen gaixoen zainketa eta sendatzea bermatzen.

XVIII. mendean, Phillipe Pinelek gaixo mentalak kateetatik askatu zituen, eta erietxeak zentro duin bihurtu zituen; orduan, bai alderdi moralak, bai bestelakoak kontuan hartzen hasi ziren. Gertakizun horrengatik eta garai hartan ezarri zen gaixo mentalen tratamendu moralarengatik, Pinel psikiatriaren iraultzaren aita bihurtu zen.

XIX. eta XX. mendean, psikiatriak eta gaixotasun mentalaren ikerketak izugarrizko aurrerakuntza izan dute, eta hainbat korronte psikiatriko agertzen dira zenbait autoreren eskutik. Horien artean, aipagarria da psikoanalisiaren sortzaile izan zen Sigmund Freud mediku austriarra. Autore horrentzat, gaixotasunaren oinarria gizakiaren inkontzientearen gatazketan zegoen.

Zenbait arrazoik sor ditzake gaixotasun mentalak:

  • Arrazoi biologiko edo fisikoak: horien artean, genetikoak edo heredagarriak ditugu; jaiotzatikoak edo jaiotzan bertan sortutakoak; organikoak edo exogenoak (infekzioek, tumoreek, toxikoek eta abarrek sortutakoak) eta neurokimikoak.

  • Arrazoi psikologiko edo psikikoak: garapenarekin erlazionaturikoak, zaurgarritasuna, indibiduoaren baliabide psikologikoak, inkontzientearen gatazkak.

  • Ingurunearekin erlazionaturiko arrazoiak edo arrazoi sozialak: immigrazioa, deserrotzea, ingurunera moldatzea, bakardadea, etab.

Baina, oro har, ez da arrazoi bakarra agertzen. Gaixotasunek alde biologiko, psikologiko eta soziala dutela kontuan harturik, askotariko kausak dituen gaitza dugu. Berez, faktore horiek eragina izango dute gaixotasunaren sorkuntzan, agerpen-moduan, garapenean, tratamenduan, pronostikoan eta errehabilitazioan.

Diagnostikoa konplexua izaten da, eta historia kliniko zehatzean oinarritzen da. Miaketa osagarriak dira analisi biokimikoa, immunologikoa eta mikrobiologikoak eta miaketa neurologikoa. Lagungarri gerta dakizkiguke test eta galdeketen bidezko miaketa psikologikoak ere.

Medikuaren eta pazientearen arteko elkarrizketan, historia klinikoa egiterakoan, sintoma psikopatologikoak aztertuko dira, atalez atal: kontzientzia, atentzioa, orientazioa, oroimena, pertzepzioa, pentsamendua, mintzaira, afektibitatea, psikomotrizitatea, loa, senezko bizitza, elikadura, sexualitatea, borondatea. Nortasun-aldaketak ere bilatu behar dira, baita itxuraren aldaketak eta ohiturak ere.

Klasikoki, gaixotasun mentalak bi taldetan sailkatu izan dira: organikoak eta funtzionalak, jatorri fisiologiko edo psikologikoaren arabera. Hala ere, ez da posible eremu biak banatzea, ezinbestekoa baita oinarri fisiko eta psikologikoaren arteko elkarreragina.

Hiru nahaste-mota deskriba daitezke psikiatrian, toxikomaniak eta arrazoi organiko ezaguna duten nahaste mental exogenoak kontatu gabe. Alde batetik, psikosiak ditugu: gaixoak errealitatearekiko kontaktua galdu egiten du, beste mundu eta errealitate bat asmatzen du, eta eldarnioak eta haluzinazioak sortzen dira. Talde horren barruan, eskizofrenia eta nahaste bipolarra ditugu ezagunenak. Beste alde batetik, nahaste psikiko “neurotikoak” ditugu. Horietan, errealitatearekiko harremana gordetzen da, eta gaixoa bere sufrimenduaz jabetzen da. Talde hori patologia sexualek, antsietatearekin erlazionatutako nahasteek, depresioak, elikaduraren nahasteek, nahaste psikosomatikoek eta abarrek osatzen dute. Hirugarren taldea, nortasunaren nahasteek osatzen dute. Ingurunearekiko elkarrekintzan, nork bere buruarekin eta beste pertsonekin funtzionamendu ez-egoki eta gatazkatsuak izatea da nahaste-mota horren ezaugarria. Zenbait nortasun-nahaste daude: nortasun nartzisista, histrionikoa, mugakoa, obsesibo-konpultsiboa eta mendekoa, besteak beste. Nahaste horien guztien izaera eta jatorria ere desberdina da.

Asaldurak eta horien sailkapenak etengabe gaurkotzen ari dira, jakina baita gaitzak denbora, leku, egoera eta beste hainbat faktoreren arabera aldakorrak direla.

Argi dago gaixotasun psikiatrikoak diagnostikatu eta sailkatzeko sistema baliagarri, fidagarri eta adostuak behar direla; izan ere, gaur egun, ardatz askotariko nazioartean adostutako ereduak erabiltzen dira, profesional guztiek hizkera bera izateko, edozein dela ere haien orientazio teorikoa. Ardatz askotariko sistemak zenbait ebaluazio-ardatz ditu, gaixoaren balioeste hobea eman ahal izateko.

grafikoak2

Munduko Osasun Erakundearen arabera —betiere azkeneko edizioa hartuta; gaur egun, 10. edizioa—, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (ICD, International Classification of Diseases) dugu; sailkapen horren V. kapituluak nahaste mentalak sailkatzen ditu. (ikus ICD-10en Gaixotasun psikiatrikoen sailkapenaren atalak laukia). Estatu Batuetan, bestalde, DSM da (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders) gaixotasun psikiatrikoak sailkatzeko gehien erabiltzen den eredua. IV. bertsioa erabilgarri dago, DSM-IV-TRa, hain zuzen ere (ikus DSM-IVren Gaixotasun psikiatrikoen sailkapenaren atalak laukia). Nahiz eta eredu horien artean iraganean desberdintasunak izan dituzten, gaur egun erabiltzen diren ICD-10 eta DSM-IV bat datoz neurri handi batean.

grafikoak3

Nahiz eta orain dela ez urte asko gaixo mentalak ospitaletan sartzen zituzten, askotan bizitza osorako, gaur egun gaixotasun psikiatriko guztiak tratatzen dira, eta gaixoak gizartean integraturik bizi dira.

Hala ere, diagnostikoa eta tratamendua egin daitekeen arren, eta asaldura batzuk aurresan daitezkeen arren, gaixotasun mental ezagun bat duten pertsonen bi herenek ez dute inoiz laguntza profesionalik eskatzen.

Nahaste mentalen gehiengoak tratamendu eraginkorra du. Tratamendu egokiak gaixotasunaren bilakabidea egonkortzen lagun dezake, eta baita sintomak gutxitzen ere.

Tratamenduak farmakologikoak, psikoterapeutikoak eta higienikoak izan daitezke, patologiaren arabera. Gehienetan, tratamenduak mistoak izaten dira. Tratamendu farmakologikoen artean daude: lasaigarriak (benzodiazepinak eta hipnotikoak); antidepresiboak eta umorearen egonkortzaileak (azken horien artean, litioa eta karbamazepina) eta antipsikotikoak. Beste tratamendu biologiko batzuen artean, elektrokonbultsio bidezko terapia ere badago.

Zenbait psikoterapia-mota ere erabil daitezke, bai banakakoak, bai taldekoak. Horien artean, aipatzekoak dira: psikoterapia psikoanalitikoa, laguntza- edo euskarri-psikoterapia, portaerazko psikoterapia edo konduktista, Gestalt terapia, psikoterapia kognitiboa, arazoen ebazpenean trebakuntza, gaitasun sozialetan trebakuntza, bikote-terapia, familia-terapia, psikodrama, terapia okupazionala, terapia soziala eta beste hainbat.

Hala ere, medikuntzaren atalik garrantzitsuenetarikoa den prebentzioa da, eskuarki, psikiatrian gutxien jorratua.