gaixotasun

1. Med.
sin. erasan, eritasun, gaitz

Izaki bizidunen gorputzeko funtzioen edo egituraren asaldu ezohikoa eta kaltegarria, zeinu eta sintoma jakinen bidez identifika daitekeena.

1. Med.
Izaki bizidunen gorputzeko funtzioen edo egituraren asaldu ezohikoa eta kaltegarria, zeinu eta sintoma jakinen bidez identifika daitekeena.

Gaixotasuna Edit

Egilea: Edurne Ugarte

GAIXOTASUNA

Gaur egun, oraindik ez dugu gaixotasunaren esanahiaren eta kontzeptuaren definizio bateraturik, ezta adosturik ere, gaixotasuna, osasuna eta heriotza betidanik gizakien gogoan egon arren. Historian zehar, gaixotasunen kausak ulertzeko modua, eritasunei aurre egiteko baliabideak eta osasunaren kontzeptua aldatuz joan dira, garai bakoitzeko ezaugarri soziokulturalen arabera.

Antzinaroko kulturetan uste zuten deabruak edota hildakoen espirituak pertsonen gorputzean sartzean suertatzen zirela gaixotasunak. Demonologian eta magian oinarritutako medikuntza-mota horrek gaur arte izan du eragina herri-medikuntzan. Antzinako Grezian Hipokratesen teoriak nagusitu ziren. Haren iritziz, naturaren eta gizakiaren arteko harremanak ondo aztertuz gero, eritasunak tratatzeko ahalmena izango luke medikuak; hau da, Hipokratesen sasoiaz geroztik ezarri ziren tratamendu enpirikoaren oinarriak.

Baina XVII. mendea arte ez zen aldaketa nabarmenik izan gaixotasunen kausei eta haiek tratatzeko moduari zegokienez; izan ere, mende horren bukaeran, Ingalaterran, gaixotasun batzuen deskribapena egin zuen Sydenhamek, gaixo askoren sintoma eta zeinuak aztertu eta gero. Hala, gaixotasun-entitatearen kontzeptua agertu zen, hurrengo mendean egin zen gaixotasunen lehenengo sailkapenean eragin handia izan zuena.

XIX. mendearen bukaeran, filosofiarekin zituen azken loturetatik askatu zen medikuntza, eta, poliki-poliki, medikuntza behaketan eta ikerkuntza zientifikoan oinarritutako natura-zientzia bat zela onartuz joan zen. Ordutik hona, gaixoen sentsazio subjektiboek gaixotasuna ulertzeko moduan zuten garrantzia indargabetu da, eta medikuntza gero eta zientzia objektiboagoa bihurtu da. Beste modu batera esanda, gaixotasunaren eredu biomedikoa nagusitu da, eta, horren arabera, normaltasunetik urruntzen diren aldagai biologiko eta somatikoak neurtuz baino ezin da ulertu gaixotasuna.

Objektibotasun horrek, alabaina, gizaki gaixoa objektu bihurtu du, eta, horretaz jabeturik, Engelek, 1977an, eredu biopsikosoziala aldarrikatu zuen, gizaki gaixoa bere osotasunean kontuan hartzen duena, ahaztu gabe arima eta sentimenduak dituen pertsona bat dela eta gizartean bizi dela. Horretan oinarrituta, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gaur egun indarrean dagoen osasunaren definizioa plazaratu zuen: “Osasuna da ongizate fisiko, sozial eta mental osoa izatea; gainera, ongizate horrek gizarte osoan nabarmendu behar du”.

Horrenbestez, esan dezakegu gaixotasuna osasuna galtzea dela, baina osasuna eredu biopsikosozialaren modu integralean ulertuta. Ez da inoiz ahaztu behar gaixotasunak ez direla entitate moduan benetan existitzen; hots, gizaki gaixoak existitzen dira, baina gaixotasun berak ondorio desberdinak izan ditzake pertsonaren arabera. Eredu biopsikosozialarekin lotuta, azken urteotan, agian gaixotasunaren eta osasunaren kontzeptuen eztabaida antzuak luzatzeak baino garrantzi handiagoa duen bizi-kalitatearen ideia berritzailea agertu da. Esan dezakegu bizi-kalitatea badagoela pertsona baten gogoak eta nahiak errealitatearekin bat datozenean. Gaixoak nabaritzen duen osasun-gradua da bizi-kalitatea, eta hori oso aldakorra da pertsonaren arabera, baita pertsona bakoitzarentzat ere denboran zehar. Eritasunen tratamendua aukeratzerakoan, horrexek izan beharko luke erabakien ardatz nagusia.

Eta hori gutxi bada, osasunaren eta gaixotasunaren arteko mugari buruzko eztabaida zaharra pizteko, orain dela oso gutxi, 2002an, Richard Smithek beste kontzeptu berri bat zabaldu du: non-disease (gaixotasunik eza). Kontzeptu horren barruan sartzen ditu gaur egunean tratatzen diren baina bere ustean gaixotasunak ez diren hainbat entitate (bakardadea, menopausia, buru-soiltasuna, tristura, haurdunaldia…). Halakoak tratatzearen abantailak eta desabantailak aztertu ditu, eta horrek parada eman behar liguke hausnarketa sakona egiteko, Hirugarren Munduan oraindik ere populazioaren zati handi bat malariaz, tuberkulosiaz eta desnutrizioaz hiltzen dela jakinda.

Gaixotasunak aztertzen dituen zientzia patologia da; patologia medikoak gaixotasun zehatzak aztertzen ditu, eta patologia orokorrak, gaixotasunak baino gehiago, sindromeak aztertzen ditu. Eta zer da sindromea? Sindromea da aldaketa edo alterazio funtzional bera duten sintoma eta zeinuen multzo bat, eta hainbat kausaren ondorioz ager daiteke. Kausetako bakoitzak sortutako sintoma eta zeinuen multzoa da gaixotasuna. Adibidez, sindrome anemikoan, gertakizun fisiopatologiko komuna zera izaten da: odolaren hemoglobinaren kontzentrazioaren jaitsierak zeluletako hipoxia dakar berekin, eta horrek ondorio klinikoak ditu, besteak beste, nekea, zurbiltasuna eta palpitazioak. Baina anemia hainbat kausagatik gerta daiteke, esaterako burdinaren eskasiagatik; hori da anemia ferropenikoa (gaixotasuna eta ez sindromea).

Metodo zientifikoan oinarritutako ikuspuntutik eta eredu biopsikosoziala apur bat alde batera utzita, esan dezakegu gaixotasuna prozesu dinamikoa dela, eta kausa batzuengatik (etiologia) gertatzen dela. Kausa horiek mekanismo zehatz batzuk direla medio (patogenia) asaldatzen dute organoen funtzioa (fisiopatologia), eta, batzuetan, baita organo horien anatomia eta histologia ere (anatomia patologikoa). Aldi berean, aldaketa funtzional eta anatomiko horiek adierazpen subjektiboak eta objektiboak sorrarazten dituzte gaixoetan (semiologia). Patologiak atal horiek guztiak aztertzen ditu.

Etiologiak gaixotasunaren kausak edo zergatiak aztertzen ditu, hau da, faktore etiologikoak. Faktore etiologiko horiek exogenoak (traumatismoak, hotza, beroa, gai toxikoak, germenak, faktore psikosozialak…) nahiz endogenoak (herentzia, konstituzioa…) izan daitezke. Gaixotasun baten sorreran faktore etiologiko bat baino gehiago egon daiteke; faktore etiologikoen artean faktore nagusirik nabarmentzen ez bada, faktore etiologiko horiei arrisku-faktore deritze. Arrisku-faktoreak dira gaixotzeko probabilitatea handiagotzen duten faktoreak. Gaixotasun baten kausa ezezaguna denean, esaten da gaixotasun idiopatikoa edo kriptogenetikoa dela; medikuntzak berak edo medikuek sortutakoa denean gaixotasun iatrogenikoa da.

Faktore etiologikoek kalteak edo aldaketa funtzionalak sorrarazteko martxan jartzen dituzten mekanismoak aztertzen ditu patogeniak; eta fisiopatologiak, aldiz, gaixotasunak eragindako aldaketa edo alterazio funtzionalak, hau da, faktore etiologikoek martxan jarritako mekanismoen ondorioz nola asaldatzen den organoen funtzionamendua. Beste modu batera esanda, fisiopatologiak gorputzaren funtzionamendua aztertzen du gizakia gaixorik dagoenean (fisiologiak, ordea, gorputzaren funtzionamendua aztertzen du osasunean).

Anatomia patologikoak kalte anatomiko eta histologikoak aztertzen ditu. Kontuan hartu behar da gaixotasun guztiek ez dutela anatomia patologikorik, batzuetan faktore etiologikoek kalte funtzionalak bakarrik eragiten baitituzte.

Semiologiak gaixotasunaren sintoma eta zeinuak aztertzen ditu. Sintoma da gaixotasunaren adierazpen subjektiboa, hau da, gaixoak kontatzen duena (mina, zorabioa, buruko mina…). Gaixoak kontatzen badu ezin duela arnasarik hartu, horri disnea edo arnasestua esaten zaio, eta zeharo subjektiboa da, sentsazio bat da, sintoma bat, alegia. Zeinua, aldiz, gaixotasunaren adierazpen objektiboa da, hau da, azterketa fisikoan edo proba osagarrien bidez hautematen dena (larruazalaren kolore zurbila, takikardia, bihotzeko murmurioak…). Hala, gaixoaren arnas maiztasuna neurtzean minutuko 30 arnasketa egiten dituela ikusten bada, horri takipnea esaten zaio, eta modu objektiboan neurtu denez, zeinu bat da. Zeinu edo sintoma bat oso tipiko izateagatik gaixotasuna definitzen duenean, hau da, zeinu edo sintoma hori hautematean ziurtasun osoz dakigunean zer gaixotasun den, esaten da zeinu hori patognomonikoa dela. Zoritxarrez, zeinu patognomoniko gutxi daude eguneroko praktikan, zeinu gehienak ez baitira gaixotasun bakar baten adierazleak, gaixotasun askorenak baizik.

Patokroniak gaixotasunen bilakaera aztertzen du denboran zehar. Horren arabera, gaixotasunak bi multzotan sailkatzen dira: gaixotasun akutuak (hasiera oso bat-batekoak, adierazpen kliniko biziekin) eta gaixotasun kronikoak (hasiera geldokoak eta iraupen luzekoak). Gaixotasunen bukaera, betiere patokroniaren ikuspuntutik, hiru modutakoa izan daiteke: sendatzea, elbarritasuna (gaixotasunaren ondorioz, lesio morfologiko, funtzional edo psikologikoak betiko geratzen direnean) edo heriotza.

Patologia medikuntzaren zientzia teorikoa bada, klinika haren alde praktikoa da; sendagileak gaixoarekin egiten duen osasun-ekintza da klinika, historia klinikoaren dokumentuan islatu behar dena. Historia klinikoan agertu behar diren klinika-ekintzaren atalak hauek dira: anamnesia, azterketa fisikoa, diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua.

Anamnesian gauzatzen den galdeketaren bidez, gaixotasunaren sintomak ezagutzen dira. Familia-aurrekariez, aurrekari pertsonalez, gaur egungo gaixotasunez eta aparatuz aparatuko anamnesiaz galdetu behar da historia klinikoaren atal honetan. Azterketa fisikoaren bidez, gaixotasunaren zeinuak ezagutzen dira. Anamnesia eta azterketa fisikoa ondo eginez gero, gehienetan nahikoa izaten da hasiera bateko iritzi diagnostikoa ezartzeko, baita eskatu beharreko proba osagarriak erabakitzeko ere. Proba osagarri desberdin asko erabil daitezke, gaixotasunaren arabera: proba biokimikoak, elektrokardiograma, erradiografiak, biopsiak, gammagrafia, endoskopiak, ordenagailuaren bidezko tomografia axiala, erresonantzia magnetiko nuklearra…

Anamnesiaren bidez, susmo diagnostikoa ezartzen da; hori behin-behineko diagnostiko bihurtzen da azterketa fisikoaren zeinuak aztertu ondoren. Behin betiko diagnostikoa proba osagarrien emaitzen bidez egiten da.

Pronostikoa gaixoaren epe luzeko eta epe laburreko etorkizunaren aurreikuspena izaten da. Gaixo baten pronostikoa arina, larria, oso larria edota hilgarria izan daiteke. Pronostiko erreserbatua denean, esan nahi da ezin daitekeela pronostikorik egin.

Tratamenduari dagokionez, osagarriak eta inola ere ez elkar baztertzaileak diren hiru terapeutika-mota bereizten dira: tratamendu etiologikoa (kausaren kontra bideratzen dena eta eraginkorrena dena), tratamendu patogenikoa (mekanismoen kontra aritzen dena) eta tratamendu sintomatikoa (adierazpen klinikoak arintzen saiatzen dena). Oro har, tratamendu horiek sendagarriak edo aringarriak izan daitezke. Ez da ahaztu behar tratamendu aringarrien garrantzia, batez ere, hilzorian dauden gaixoen kasuan, lehen aipatutako bizi-kalitatearen printzipioari jarraituz.