fracking

1. Teknol.
sin. haustura hidrauliko, hauste hidrauliko

Hidrokarburoak esploratu eta ustiatzeko zundaketetan zein sakoneko energia geotermikoa ustiatzeko beste zundaketa batzuetan erabiltzen den teknika, helburutzat arroken iragazkortasun naturala handitzea duena. Teknika honen bidez, putzurantz modu naturalean jariatuko ez liratekeen hidrokarburoak erauz daitezke, lehenengo kasuan, edo ura arroketan zehar tenperatura handian zirkularaz daiteke, bigarrenean. Prozesua honela egiten da: lehenik, putzua zulatzen da nahi den sakoneraraino, eta guztiz zigilatzen da, zementu-geruza batez estalitako hodi batekin. Interesgarriak diren eremuak identifikatu ondoren, putzua eta zeharkako arroka-formazioak komunikatzeko kanal batzuk zabaltzen dira estalduran, aurrez aukeratutako lekuetan; horretarako, arroketan fluido bat eta agente eusle bat injektatzen dira presio handian azaletik, ponpaketa bidez. Arrokan mikrohausturen sare bat sortzen da, eta, ondorioz, arrokaren iragazkortasuna handitu egiten da. Gehienetan, ura erabiltzen da fluido gisa, gehigarri jakin batzuekin nahasita. Euslerik arruntena harea silizeo naturala zein harea estalia dira. Haustura hidraulikoaren bidez, bi helburu lortzen dira. Batetik, iragazkortasun txikiko gas- eta petrolio-hobiak, orain arte errentagarriak ez zirenak, hobi erabilgarri bihurtzea; hori dela eta, erregai horien munduko erreserbak asko handitu dira. Bestetik, ikerkuntza-alor berri bat zabaldu da iragazkortasun txikiko arroketan sakoneko energia geotermikoa garatzeko.