farmakologia

1. Biol./Med.

Medikamentuen eta horien jatorria, prestaketa, erabilera eta eragin terapeutikoa aztertzen dituen zientzia.

1. Biol./Med.
Medikamentuen eta horien jatorria, prestaketa, erabilera eta eragin terapeutikoa aztertzen dituen zientzia.

Farmakologia Edit

Egilea: Aitziber Mendiguren, Joseba Pineda

FARMAKOLOGIA

Farmakologiaren jatorria eta historia

Gizakia gizaki denetik erabili dira landareetatik, animalietatik eta mineraletatik eratorritako substantziak, gaixotasunek eragindako mina arintzeko. Izan ere, jakin badakigu egiptoarrek, grekoek eta erromatarrek erabelarra, opio-belarra (Ebers papiroa, K.a. 1550), belaikia (Kaio Plinio, K.a. 23), mandragora eta kolkikoa erabiltzen zutela. Garai horretan eta Erdi Aroan, farmakologia enpirismoan oinarritu zen, hau da, esperientzian eta sendagileen “magian”. Errenazimentuan lehenengo farmakopea (1498) agertu bazen ere, farmakologia esperimentala bere horretan ez zen sortu XIX. mendera arte. Farmakologia esperimentalaren oinarria hau da: “esperimentu egokien bidez eraginkortasunik frogatu ez duen ezer ez da terapeutikarako erabilgarria izango”. R. Buchheim (1820-1879) alemaniarrak, K. Binz (1832-1912) eta O. Schmiedeberg (1834-1921) lankideekin batera, farmakologia esperimentalaren lehenengo laborategia sortu zuen. O. Schmiedeberg-ek eta B. Naunyn (1839-1925) klinikoak gaur egun arte iraun duen lehengo aldizkari farmakologiko zientifikoa sortu zuten: Archiv für experimentelle Pathologie und Pharmakologie. Teófilo Hernando (1881-1976) Espainian farmakologiaren aita izango zenak Schimiedeberg-engandik ikasi zuen. Mende horretako da, orobat, farmakologia alorreko aurkikuntzarik handienetarikoa izan zena: anestesia (1846).

XX. mendean,  mikrobioen kontrako kimioterapia azaldu zen Paul Elhrlich-en  (1854-1915) eskutik. Ikertzaile horrek sifilisaren tratamenduan jarri zuen arreta. Haren helburua giza gorputzean toxikotasunik eragin gabe organismo patogenoak hiltzea zen, eta haren lanaren fruitua izan zen salvarsan (1909) farmakoa, kimioterapiari hasiera eman zion farmakoa. Ondoren, gaur egungo antibiotikoterapiaren osagai garrantzitsuak diren hainbat farmako aurkitu ziren; penizilina (A. Fleming, 1929) eta sulfamida (G. Domagk, 1932), kasu. Garai horretakoak dira, halaber, azido azetilsalizilikoa (aspirina), barbiturikoak eta lehenengo antipsikotikoak (klorpromazina) eta antineoplasikoak (ziape nitrogenoduna). Mende horretan bertan, Bradford Hill ikertzaileak lehengo saio kliniko kontrolatua egin zuen. Saio klinikoa gizakietan egiten den medikamentu baten azterketa esperimentala da, farmako baten eragin farmakodinamikoa, profil farmakozinetikoa, eraginkortasuna, eragin kaltegarriak eta segurtasuna ezagutzeko.

Farmakologiaren adarrak

Farmakologia (grekotik pharmakon, 'farmakoa' eta logos, 'tratatua') farmakoen ezaugarriak eta organismoan farmakoek duten eragina aztertzen duen zientzia biomedikoa da. Farmako, adiera zabalean, organismo bizi batekin interakzionatzen duen edozein substantzia kimikori deritzo. Adiera hertsian, berriz, farmakoa gaixotasun bat tratatzeko, osatzeko, prebenitzeko edo diagnosirako edota desio ez den prozesu fisiologiko baten agerpena saihesteko erabiltzen den substantzia kimikoa da.

Farmakologia kontzeptuak farmakoaren eraginarekin erlazionatutako alderdi guztiak biltzen ditu: farmakoen jatorria, sintesia, prestaketa, ezaugarriak, eragina —eragin molekularretik eragin orokorreraino—, organismoan duen mugimendua, emateko bidea, erabilera terapeutikoa eta eragin toxikoak.  Beraz, “Farmakologia” kontzeptuak zenbait arlo biltzen ditu. Besteak beste, azpiatal hauek bereiz ditzakegu:

  • Farmakognosia: drogen eta haien osagaien jatorria, ezaugarriak eta egoera naturalean duten konposizio kimikoa aztertzen ditu.

  • Farmakodinamia: farmakoek organismoan dituzten eraginak (biokimikoak, fisiologikoak….)  eta farmakoen ekintza-mekanismoak aztertzen ditu. Farmakoen eraginak konparatzeko, metodo kuantitatiboak eta analisi matematikoak erabiltzen ditu.

  • Farmakozinetika: farmakoen denboraren menpeko xurgapena, banaketa, metabolismoa eta iraizketa aztertzen ditu. Hau da, farmako bat organismoan sartzean jasaten dituen prozesu fisiko-kimikoak aztertzen ditu.  Aipaturiko prozesuek eta emandako farmakoaren dosiek zehazten dute farmakoek ekintza-gunean erdiesten duten kontzentrazioa eta, beraz, eraginaren intentsitatea

  • Farmakologia klinikoa: farmakoen eragina aztertzen du gizaki osasuntsuetan eta gaixoetan. Farmakoen eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzen ditu.

  • Farmakoterapia (Farmakologia aplikatua): funtzio fisiologikoak aldatzeko, gaixotasunen diagnosirako, prebentziorako eta tratamendurako farmakoek duten erabilera aztertzen du. Farmakoen erabilerak eta kontraindikazioak, elkarrekintza farmakologikoak, posologia-ereduak eta arrisku-onura erlazioa aztertzeaz arduratzen da. Laburbilduz, farmakoen zentzuzko erabilera (erabilera arrazionala) bermatzea da helburua.

  • Toxikologia: eragile toxikoen identifikazioaz, eragin kaltegarriez eta haiek agertzeko mekanismoa eta tratamendua aztertzeaz arduratzen da. Farmakologiaren ikuspuntutik, farmakoek eragin ditzaketen gaixotasunak eta eragin kaltegarriak aztertzen ditu.  

  • Farmakoepidemiologia: metodo epidemiologikoa erabiliz, farmakoek giza populazioan duten inpaktua aztertzen du eragin onuragarrien eta kaltegarrien ikuspuntutik. Besteak beste, eragin farmakologikoaren aldakortasuna aztertzen du populazio jakin bateko banakoen artean eta bai populazio desberdinetako banakoen artean ere. Ikerketa farmakoepidemiologikoek kontuan hartzen dute, halaber, ea pazienteek tratamendua betetzen duten.

  • Farmakoekonomia: terapeutikarako farmakoen kostuak eta onurak kuantifikatzen ditu.

  • Farmakozaintza: merkaturatu ondoren medikamentuen erabilerarekin erlazionatutako arriskua identifikatu, kuantifikatu, ebaluatu eta prebenitu egiten du. Beraz, medikamentuen segurtasuna merkaturatu ondoren aztertzen du (IV fasea).

Etorkizuneko farmakologia

1980ko hamarkadatik aurrera, bioteknologiaren agerpenak eragile terapeutiko berriak agertzea ahalbidetu du. Hala, terapia genikoek eta zelularrek orain arte erabili ez diren tratamendu berriei bidea zabaldu diote. Bioteknologia DNA birkonbinatuaren teknika zenbait helburu lortzeko erabiltzean datza; besteak beste, terapeutikarako proteinak sintetizatzeko, gaixotasunen diagnosirako eta ikerkuntzan erabilgarriak diren animalia transgenikoak sortzeko. Bioteknologian oinarrituta tratamendu farmakologikoaren eredu klasikoa alda dezaketen farmakologiaren bi adar berri sortu dira: farmakogenetika eta farmakogenomika.

Farmakogenetikak aldakortasun genetiko indibidualek farmakoen erantzuna nola aldatzen duten aztertzen du. Adibidez, entzimetan edo hartzaileetan dauden aldaera genetikoek farmakoekiko erantzuna baldintzatu edo aldatu egin dezakete.

Farmakogenomika farmakogenetikaren eta genomikaren bat-egitetik dator. Farmakogenomikak gaixotasunekin erlazionatuta egon litezkeen edota itu farmakologiko berriak izan daitezkeen DNA-sekuentziak aztertzen ditu.

Farmakogenetikak eta farmakogenomikak farmakoak hautatzeko eredu tradizionala aldatuko dute. Izan ere, eredu tradizionalean, diagnostikatutako gaixotasunaren arabera hautatzen da farmako bat tratamendurako; farmakogenetikarekin eta farmakogenomikarekin, aldiz, profil genetikoaren arabera hautatuko da pazientea farmako jakin bat emateko. Hau da, pazienteari tratamendua ezarriko zaio analisi genetikoaren ondoren; beraz, berarentzat egokiena izango den farmakoa aukeratuko da.