espazio-zunda

1. Astron./Astronaut.
sin. zunda

Lurraren grabitatea utzi eta astro batera edo planetarteko espaziora ikerketak egitearren bideratzen den espazio-ontzi robotikoa.

<span style="font-style:italic">Pioneer 10</span> zundaren eraikuntza
Pioneer 10 zundaren eraikuntza

1. Astron./Astronaut.
Lurraren grabitatea utzi eta astro batera edo planetarteko espaziora ikerketak egitearren bideratzen den espazio-ontzi robotikoa.

Espazio-zunda Edit

Egilea: Inaki Irazabalbeitia

ESPAZIO-ZUNDA

Espazio-zunda Lurraren grabitatea utzi eta Ilargira edo planetarteko edo izarrarteko espaziora bideratzen den espazio-ontzi robotikoa da. Espazio-zundek helburu zientifikoak izaten dituzte, misioaren xedean zehazten direnak. Helmugaren arabera, hiru misio-mota bereizten dira: barneko eguzki-sistemako gorputz harritsuak helburu dituztenak (Ilargia, Marte, Artizarra, Merkurio, asteroideak eta kometak); gasezko planeta erraldoiak eta beren sateliteak helburu dituztenak, eta planetarteko espazioaren ezaugarri fisikoak aztertzea helburu dutenak.

Misioak konplexutasunaren arabera ere sailka daitezke. Errazenak flyby deituriko hegaldiak dira, hots, zundak helburu den gorputzetik gertu —ehunka edo milaka kilometrora— hegan egiten du, eta tarte horretan burutzen du gorputzaren azterketarik zehatzena. Horrelakoak izan ziren Pioneer edo Voyager zundak. Orbitatzaileak aztertu nahi den gorputzaren satelite bihurtzen dira. Batzuetan, gorputzaren atmosferan sartuko diren lurreratze-zundak eraman ditzakete. Mars Global Surveyor orbitatzailearen adibidea da. Helburu-gorputzean pausatzen diren zundak konplexutasun handiko misioak dira. Horiek zundaren ingurua esploratuko duen lur orotako robotikoa ere garraia dezakete. Venera 11 izan zen horietako bat. Dena dela, helburu-gorputzaren gainazala xede dutenen artean, gorputzaren gainazala bortizki jo eta bertan suntsitzen direnak ere badira, hots, inpaktatzaileak. 9P/Tempel  kometa jo zuen Deep Impact zunda kategoria horretakoa izan zen. Azkenik, misiorik konplikatuenak dira helburu-gorputzetik lagin bat hartu eta Lurrera ekartzea xede dutenak. Luna 16 hori egin zuen lehen zunda izan zen.

grafikoak1

Pioneer 10 zundaren eraikuntza (iturria: NASA)

Oro har, zundek distantzia luzeak egin behar izaten dituzte espazioan, ehunka milioi kilometro. Horrek bidaia-denbora luzeak izatea ekartzen du. Artizarra izanik Lurretik gertuen dagoen planeta, hiru eta lau hilabete bitartean behar izaten ditu zunda batek bertaratzeko. Horrelako baldintzetan lan egin behar izateak eskakizun argi batzuk ditu, bai zundaren beraren osagai diren materialen aldetik, baita tresneriaren aldetik ere. Zundaren ekipamendu elektronikoak denbora luzez, fidagarritasunez eta kanpo-espazioko baldintza gogorretan diseinatuta egon behar du.

grafikoak2

Mars Global Surveyor orbitatzailea (iturria: NASA)

Zundarekiko komunikazioa gainditu beharreko arazoetako bat da. Zunda etengabe komunikatuta egoten da misioaren kontrol-gunearekin nabigazio-ordenak jasotzeko edota bildutako datuak transmititzeko. Alabaina, zunda Lurretik urrundu ahala, komunikazio-etena, hots, Lurretik agindua bidali eta ontzian jaso arteko denbora, luzatzen doa. Horrek eskatzen du zundako sistemek aski autonomia izan behar dutela hainbat ataza egiteko, kontrol-guneko ingeniarien laguntzarik gabe.

Azkenik, zunda espaziora jaurtitzeko unean, kontuan hartu behar da helburu den gorputzak ezin dituela aldatu bere ibilbideak eta abiadura. Ondorioz, hitzordura une egokian iristeko, zeruko mekanikaren legeak medio, zunda ezin da Lurretik edozein unetan jaurti, baizik eta data jakin batzuetan bakarrik. Data horiei, jaurtiketa-leiho deritze, eta egun gutxi batzuk irauten dute. Jaurtiketa-leihoak hainbat hilabetez behin gertatzen dira.