erresistentzia
Mekanikan, material baten higidurari edo deformazioari kontra egiten dion edozein indar. Oro har, indar baten eraginari kontra egiten diona, hala nola palanka batean edo polea batean eragiten duen indarrari (potentziari) kontra egiten diona, edo fluido batek bere barnean higitzen den gorputz baten kontra egiten duena.
Mikroorganismo batek bizirik irauteko eta ugaltzeko gaitasuna izatea normalean heriotza eragiten dion substantzia batekin (antibiotiko batekin, adibidez) kontaktuan haztean.
Zirkuitu elektrikoetako osagaia, erresistentzia-balio jakin bat izateko diseinatuta dagoena. Zirkuituan dabilen korrontearen balioa mugatzeko edo tentsio-jaitsiera bat eragiteko erabiltzen da. Erresistoreak zirkuitutik xurgatzen duen energia bero bihurtzen da Joule efektuaren bidez. Beraz, berokuntzarako tresna gisa ere erabiltzen da.
Materialek korronte elektrikoa beren barnean iragateari egiten dioten eragozpenaren neurria adierazteko magnitudea. Eroale baten bi muturren artean dagoen potentzial-diferentziaren eta eroalean barrena doan korrontearen intentsitatearen arteko zatidura da. Ohmetan neurtzen da.